Turismoa eta alienazioa
Turismoa eta alienazioa –
Bestelako mundu bat burutan hartzea gero eta ezinago zaigu. Eta ez naiz munduaz bere era abstraktu eta zehazgabean ari. Lehenengo Mundu deritzogun horren baitako gizarte-molde kasik jada bakarraz ari naiz, lehenengotzat dugun mundu horrek bizimolde gero eta bakarragoaz, gero eta alternatibarik gabekoagoaz, gero eta molde estu eta kolorebakarreagoaz… 60ko hamarkadan jada Herbert Marcusek ohartazi zigun zuzen onez kontu honetaz, liburu sakon eta trinko oso bat, Gizaki dimentsio bakarduna (“El hombre Unidimensional), kontu horri propio eskainiaz. Zer esango zukeen gure Marcusek alderik alde eta errotik bizi gaituen uholde globalizatzaile handi bezain geldiezinaren lekuko izan balitz! Nolanahi ere den, garai hartatik honako aldea alde, ezarri zuen analisi markoa, gaurkotasun galdu izanetik urrun, are egokiagoa ere izan genezake egungo errealitaterako. Eskema hertsi-hertsi batean bizi dela egungo gizaki-hiritara lehengo mundutarra, zioskun Markusek, berau estu-estu hartzen duen eskema batean, eta bizi edo jardun modu aternatiboetarako zirrikitu txikienik ere uzten ez diona; bateko, kontsumo indartsu eta ondo gidatu batera gaude itsu-itsuan zudenduak (areago, hain dugu barneratua kontua, ezen guk geuk, geurez, libre eta aske horren aldeko hautua egiten dugula uste baitugu); besteko, aipatu kontsumo maila horri eutsi ahal izateko bestelako kultura egoera batean inolaz onartuko ez genituzkeen lan-zama eta lan-estresa onartu behar izatera ezinbestez derrigortua dugu geure burua. Ondo ere ondo elkar elikatzen duten bi indarrak hori ditugu, elkar ezin hobeto hartuta ditugu hor. Biek ala biek, botere mediatikoek ere kontua egoki indartuta, aterabiderik gabeko zirkulua ixten dute ezin hobeto.
Egungo gizarteari pairatzen duen alienazio estugarria gain-eramate aldera-edo, kontsumoarekin ere lotura estua duten bi elementu konpentsatzaile sartu zaizkio: bateko, jana, eta, besteko, gorputza eta estetika arduratsuki zainduaz, “beti gazte”, “beti guapo” izateko aukera ilusionantea. Esandako hori, ez dakit noiz edo non, irakurri edo entzun uste nion Joseba Gabilondori; Lana-kontsumo eskema estugarria, eta beretik segitzen den bizimolde alienatzailea, bi praktika horien bitartez-edo, hobeto eraman-jasan izango ditugu. Astakeria-edo eman lezake kontuak lehenengo entzunaldian, baina, kontuari buelta pare emanez gero, gure Gabilondo batere oker ez zebila ikusiko dugu. Batetik, jana dugu gure gizartearen ihesbide, ihesbide zein gure klase-mailaren erakusle ere; bestetik, gimnasioek, dietek, zein ildo beretiko itxura zaintzarako beste zenbait praktikak, janean egindako gehikeriak emendatzeaz gain, “betiko gazte”, “betiko sasoiko” izatearen bermea agintzen digute.
Gabilondorenei ez deritzet inondik inora gutxiesteko moduko, baina azkeneko hamarraldian badago zerbait, izuzgarrizko gorakada izan duena, eta gure bizimoldearen aringarri analgesiko konpentsaile ezinbesteko moduan ari dena, turismoa. Turismoa, turismo egitea, jada ezinbesteko botika dugu gure bizimoduaren gogorrari eutsi ahal izate aldera. Ez nolanahiko turismoa, ez. Egungo eguneko turismoak, edozein motatakoa izanda ere, are mundu zabaleko azken bazter itxuraz basatirakoa izan litekeen harako hark ere, den-dena du jada etxekotua, den-dena otzan-otzan nahierara egindako turismo eskakizunetara makurarazia.
Egun ez gara jada inongo mundu berritan galduko. Kontsumokeria, haur nahikeria, dugu turismo egitea. Huskeria ere bada; gaur hobe ezin deritzogin ez dakit munduko zein bazterretara joaten gara opor pasa, eta hurrengo urteko oporretan txakurraren kaka-putza deritzogu, eta, hortaz, urtetik urtera gure marka gainditzera behartuta sentitzen dugu geure burua. Huskeria baina, bai eta ezinbesteko “etena” ere bai; hutsarte bat gauza bereberen artekoa; urtean zeharreko bizimolde zamatsuan egindako entena.
Behar duzu, egin behar duzu. Ondo asko daki gaur egun sistemak. Turismorako beharra duzu, ez zuk zeurez horren beharraren jakitun zarelako, ez, sistemak, zure “hobe beharrez” (beretzat den zure ustezko hobe beharrez) halaxe deritzolako. Zu, aldiz, zure baitatik aske ete libreki ernatutako nahi bat delakoan eta, hortaz, “ahal duzunez”, “egin beharko zenuke”.
Zeuretik jaiotako kontua delakoan zaude. Disruptiboa ere badela uste zenezake, egunerokotasunaren kontrol menperatzailetik sikiera hilabetez, aste pare batez, libratzen zaituela uste eta sinetsita egon zintezke. Ez da hala baina. Egiatan baina, urtean zeharreko betiko ezinegonetik jaiotako antzeko nahia da. Ezin zenezake denborarik gal udako beroaren erdian etxe-zulotik ordu-erdi batera legokeen erreka-bazterrean oinak atsegin handiz freskatzen, ez. Barregarria, zinez irrigarria, gerora, oporralditik bueltan besteentzat dituzun kontakizunetarako. Oso penagarria zeure biografiarentzat ere bai. Urtean zeharreko zure denbora arrunt eta buruzuria galdutako denboratzat duzu, zinetan ez bizitakotzat. Orain, hortaz, oporretan azkar eta eraginkorki berreskuratu behar duzu galdutako denbora guztia. Denbora hori irabazi beharra daukazu, eta diruz besterik ezin duzu irabazi, bestela ezinezkoa zaizu. Zure denboratxoa salduz galdu zenuen modutsuan, orain “diruz” irabazi behar duzu. Eta “diru-denbora” horrek “diru-lekua” den paraje ezin galdugago horretara zaramatza ezinbestez. Ez dakit nongo putzu galdu ikusgarria ikustera, tiraka bezala, eramango zaituzte diru-oporrek. Dena delako leku horretaz agian ezer askorik ez duzu jakingo, baina mapako zer puntutan dagoen ederki asko ikasia izango duzu, gerora besteei ondo azaldu ahal izateko ederki asko ikasia. Leku paradisiakoak izan litezke, izan, eta agian badira, bisitatutako horiek. Zuretzat baina, paisaia baino ez da izango, paisaia gehienera jota, onenean. Irabazi-ustean zaude hor, irabazi usteak eraman zaitu horraino, baina ez duzu deusik ere irabaziko. Dirua galdu eta xahutu bai, horretan dudarik ez, gustora baina xahututako dirua. Baina irabazi, irabazi, deusik ere ez. Ezin mundu-zabaleko ezerk zinez askatu-arindu zure txokoan utzitako hori. Areago, nonahi ere zauden, zin-zinez ez diozu sekulan zure betiko arazoetako txokoan egoteari utzi, sekulan ez. Hori bai, zure bi asteko txakur-ametsak bere eginkizuna ziurrenik ondo bete du, eta datozen oporrak arte baduzu nahikorik.
Igor Goitia