Tom Harcy´s life (1.kapitulua)
Tom Harcy´s life (1.kapitulua)
Tom Harcy
New Yorken bizi zen Tom Harcy jauna. Ni orain ez naiz oso ondo oroitzen auzoaren izenaz, baina ederki asko gogora dezaket nola NY-eko auzo kaxkarrenetarikoa zen, kaleak zikin eta zakarrontziak botaka… beti aurki zitekeen lixkarren bat bertan, beti entzun zitezkeen poliziaren sirena hotsak eta ikus odol orbanak goizean ogia erostera jaistean, espaloi ertzetan. 40 metro karratuko pisu bat nahikoa zuen, berarentzat, bere aita Harrison Harcy zaharrarentzat eta Parrotentzat.
Bata agure zahar bezain petrala zen eta bestea George´s Pet shop-en erosi zuen loroa. Esan daiteke Parrot bera gehiago maite zuela aita baino, kaka kopuru txikiagotan egiten baitzuen, errazago egiten baitzitzaion bere kaiola garbitzea. Egia esan duela hiru egunetako ogi gogorra baino gutxiago maite zuen bizitza honetan, loroa zuen lagunik onena.
Tomek Filosofia ikasi zuen New Hampsire-ko univertsitatean eta beka bat eskeini zioten catedra ingalaterran egiteko, baina ez zuen onartu aita zaindu eta bere familiaren negozioa aurrera atera behar baitzuen.
Auzoan aldiz, inork ez zuen sinisten hori egia zenik, “Hik nola ikasiko huen ba filosofia, egunetik egunera zoroago abil mutil!”, hala esaten zuten auzokideek Tom gizajoaren piura ikustean; tirantedun kamiseta zikin bat eta bere aitak urtebetetze egunean oparitutako bakero zarpailak. Hain zen argala mutila… dena hezur, dena azal eta betaurreko zahar batzuk (unibertsitateko garaietako oroigarri), non ezin baitzituen bakeroak helduta eduki gerrikoaz… soka bat behar zuen. “Oraindik ez dira zure neurriko gerrikoak egiten gazte… sentitzen dugu.”
Fidgeral kaleko izkin batean aurkitzen zen negozio familiarra, Donkey-Dots supermerkatuak. Orain, aita jada zaharra zenez, bere kargu zegoen denda egunero zabaltzea, eta halaxe egiten zuen eta baita eguneko 8 orduetan barraren atzean egon ere. Aitak ere joaten jarraitzen zuen, bere semeaz ez zen fidatzen, eta segurtasun lanak burutzen zituen buruan bisera beltz bat jantzita, segurata bailitzan. Batzutan atearen kanpoaldean ipintzen zenean, eskalea zelakoan jendeak dirua botatzen zion.
Egia esan negozio hark, nik narratzaile objetibotik dudana zuen supermerkatutik, zipitzik ez.
Harrison Harcy
Egunetik egunera beranduago jaikitzen zen ohetik, gehiago kostatzen zitzaion gosaltzen amaitzea eta nola ez dutxan sartzea ere bai. Azken aldian inoiz baino usain txarragoa zuen, eta hori berak ederki asko nabaritzen zuen bere sudurzulo iletsuekin. Ez ote zen amaierara iristen hasia izango, “Hurbil ote duk amaiera Harri?” galdetzen hasia zen bere buruari, ez ote zen usain hura heriotzaren hatsa izango… “Ez ote nauk zoratzen hasia izango?”
Guztia zen tristezia bere barnean… seme tontoa tokatu zitzaion; lagunik ez zuen argal babolio bat, eta emaztearen falta sumatzen zuen. Hark behintzat zuhurtziaz jokatu, eta hau guztia aurreikusiaz batera, suizidatu egin zen Wiston Hoteleko 35.pisutik botata arrasti batean. Dena zen tristezia Harrisonen barnean. Atsekabetuta bizi zen.
Azkenean putzurik ilunenean murgilduta, bere emaztearen bidea jarraitzea erabaki zuen; hau da,
argia izatea eta Winston Hoteleko 35.pisutik salto egitea, etorkizuna odol putzu bero bat bihurtzeko Winston street-eko espaloi batean, seme tentela behingoz ahazteko, eta bizi guztian sinistutako hil osteko paradisuaren iruzurra egia bazen, bertan emaztearekin larrutan egiteko.
Esan eta egin, Winston Hoteleko 35. pisura igo eta lehiotik salto egin zuen, lastima momentu horretantxe bertan hirira ailegatzen ari zen lasto fardoz betetako kamioi bat bidean gurutzatu zela…
Ez paradisu, ez larrua jo, ez seme tentelaz ahaztu… ez zuen bere helburua lortu, ez zen hil, betirako tetraplejiko geratu zen. Nork behar ditu lasto fardoak NY-en… dirudienez norbaitek bai.
Tom Harcy´s life (1.kapitulua)