Testuaren heriotza
Testuaren heriotza –
Testigu eta lekuko zaitugun testu hiru! Denborak bultza eta bultza egin du zure lekukotza, azkenerako berekin eramateraino…Jada iragandako errealitatea luzatzen zenigun eta denon gogora ekarri, agian luzaroan ekarri ere. Orain baina ez duzu irakurri-ulertuko zaituenik, ez duzu nork adituko jada…Denborak zaitu zentzugabetu, kasik zentzurik batere gabeko letra, hitz, esaldi pilatze hutsa baino ez izateraino. Hori zaitugu, testu, testu bizi, itxurapean akaso oraindik, baina azkenerako jada hilik, jada testu hil huts baino ez zaitugularik, jada soilik gorpu eta hilotz, zure baitako letra eta hitzak gorpuzki baino ez ditugularik.
Letra hila, ezdeusaren ezdeusenaren zerumugan,
Hartarantz du jaugina une oro letra biziak,
ezdeustuz doan letra oraindik bizia,
testigu izatetik ezdeusaren testigantza soila izaterantz,
urik ez duen eduki ontziara izaterantz.
Horretara da patuz deitua letra-bizia,
bere jaiotze unetik erauzia,
haren iturria atzenduta,
doa urratsez urrats bere izatea ahaztuaz…
eta horrela eta horrenbestez, hiltzen,
letra hila zinez bilakatzen,
patu duen heriotz gunera hurreratzen…
Harik eta letra hil hutsa den unera artean….
Aurrerantzean hori bazik ez, letra hutsa, letra hil hutsa,
inondik jada etorri ez datorkiguna,
inorantz ere joan ez doana,
letra huts, espiriturik gabeko letra hil hutsa.
Inor ausartuko al da jada testu hil geneukakeen hori berpiztera?, eta ordezkatzen zuen errealitate atzendu hori eta jadaneko ezezagun zaigun hori berriro ere gurera ekarri, testura berriz ere erakarri, eta horretara, pixkana-pixkana testuari bueltan ekarri galduz joan den edo agian bortizki erauzi zaion zentzu hori, iturri eta ama duen errealitatetiko zentzu harako huraxe
Zeinek zaitu salbatuko, letra hila izatetik, letra hori, zeinek?
Zeinek luzatuko dizu eskua, letra hori?
Zeinek eskua luzatu eta heriotz-zigorretik askatu,
eta berriz ere bizia luzatu,
agian berriz ere harako aspaldiko errealitate antzinako horri berriz ere lotu,
eta horrela letra berpiztua bilakarazi.
Agian ordezkoa hartuko dizun errealitate berri bati helduz
eta horrela letra berraragiztatu.
Letrak bizirik iraun dezan, zeinek egingo du halako eginahal handia?
…Eta letrak hil behar badu, hil derrigorrez,
letrak hil behar badu eta betiko desagertu,
hori baldin bada bere halabeharrezko patua,
Zeinek? Zeinek, hilotza jada den letra hori, hilotz hutsa baino ez den letra hori, benaz halakotzat jo?
Zein ausartuko?
Zeinek emango lurra?
Eta bere ehorzle bilakatu.
Zein ausartuko?
Testuaren heriotza