Subirautza globalizazio garaian
Subirautza globalizazio garaian –
Estatu kapitalista, estatu nazionala, estatu burgesa (hiru izen eta izaera bakarra) bakoitza bere nabardura guztiekin baina aldi berean komunezko sustraiekin beti izan ditu gabezi nabarmenak demokraziaren ikuspuntutik, azken finean oligarkia dominatzaileen zerbitzurako sorturiko tramankulu konplexua baita. Horregatik beti izan du Janos jainkoak bezala bi aurpegi (makila edo azenarioa) indar harremanen arabera bata edo bestea nabarmentzen zirenak. Adibide bezala dugu Espainiar estatua diktatura garaikoa eta gaur egunekoa zenbait gauzetan desberdin eta bestean antzeko parezido.
Jakina da ere. Globalizazio neoliberalak mugak jarri dizkiela estatu “nazionalen” ahalmenei (Greziari gertatu zaiona da adibiderik garbiena). Muga horiek nabarmendu egin dira krisi ekonomikoaren garaiotan; merkatua erregulatzeko orduan (bere zerbitzuan hala ere), inoiz baino gehiago behartu baitute merkatu librearen aginduak betetzera, horien zerbitzuko instituzioen erabakien arabera hain zuzen. Guzti horrek areagotu ditu bere gabezi demokratikoak, estatu modernoaren oinarritzat hartu izan direnak: hiritartasuna, burujabetza herrikoia eta abar.
Dena den, Estatu nazionalak burujabetzari dagokionez jasan duen higadura nabarmena bada ere, oraindik, estatu nazionalak bere lurraldeko herritarren bizitza baldintzetako aspektu garrantzitsuak determinatzen ditu. Klase borrokaren eta konfrontazio guztien (borroka politiko-sozialaren) funtsezko espazioa izaten jarraitzen du. Horregatik edozein prozesu eraldatzailearen muinean egon behar den erabaki gunea da. Une mugatua, baina ezinbestekoa.
Beste kontua da, nola maneiatzen dugun marko nazional eta internazionalen elkarrekiko eragina, askapen nazionalaren eta sozialaren artekoa, eta demokrazia eta hiritarren mobilizazio eta autoorganizazioaren artekoa. Bistan da, arlo internazionalean izan duela ezkerrak atzerapena handiena, garai baten bere ezaugarria zen internazionalismoa, egun kapital transnazionalaren erakunde eta exekutiboen eremu bihurtua. Hortik kontuak.
Soberania behar dugu nazio eta herritar gisa. Hor ez dago dudarik. Soberania, hau da gizarteak baliabide politiko legislatibo nahikoak izan ditzan, aurrebaldintza bat da, bere ondarea administratu eta bere barne gatazkei aurre egiteko. Aurrebaldintza hau gaurkotasun osokoa da, noiz eta merkatuen tirania, kapitalismoaren sektore hegemonikoen zerbitzura dauden instituzioek gauzatua, langile mugimenduaren, feminismoaren, ekologismoaren eta demokraziaren aldeko mugimendu zibilen lorpen historikoak suntsitzen ari denean.
Horregatik, hain zuzen, herrialde bakoitzaren barnean erresistentziak soberaniaren alorrean ematen ari da batez ere: zorraren inguruko eztabaida, euroarena, Ongizatearen Estatuaren defentsa. Ez da txarra, benetako lubakiak sortzeko gai baldin bada. Tristea dena da borroka hori ez dagoela ezkerren eta mugimendu sozialen arteko elkartasun ekintza gehiagorekin lotuta, borroka nazionaletik abiapuntutik EUROPA mailako mobilizazio eta helburuak bideratuz.
Alor horretan oso atzeratuak gaude. Aspaldi da kapitalismoak eta bere instituzio ekonomiko eta politikoek aurrea hartu digutela gerra deklaratuz. Tamaina eta neurri horretako erasoari sendotasunez erantzun ahal izateko, bere burua ezker soberanistatzat duten sektore guztiek izaera subertsiboa eta anitza, internazionalista, antikapitalista eta transbertsala izango duen Europa mailako fronte politiko-soziala elkarrekin eraikitzeko ahaleginak egiteko obligazioa dugu, izaera desberdineko mugimenduak elkartuz: ekologismoa, feminismoa, langile mugimendua, askapen nazionalekoak, oinarrizko askatasun demokratikoen defentsakoak.
Oximoron bat litzateke Euskal Herria «burujabe» aldarrikatzea, eta aldi berean (Espainia eta Grezia bezala) Troikaren menpeko Estatu izatearekin konformatzea, “gure” neoliberalek nahi duten bezala. Grezia bere bakardadean utzi izanaren kalteak denok ordainduko dugu, aldez edo moldez.
Horrek ez du esan nahi Estatu propio dutenen (naiz izan menpeko, Espainiakoa kasu) eta eta ez dutenen (Euskal Herria esate baterako) artean ez dagoenik sailkatze eta mailakatze desberdinak (langile gizonezko edo emakumezkoen artean bezala, biek hala biek esplotatuak baina ez maila berean). Estatuen jabe direnak gutxienez dagozkien baliabideen jabe dira eta estatu gabekoek, hori ere ez. Estatuaren esker batzuk txarrenean ere, burujabetasun – eskasekoa izan arre- nazioak izaten jarraitzen dute, gureak bezalako herriak gure hizkuntzaren antzo hutsaren hurrengoak.
Beraz, Euskal Herrirako subirautza orokorraren aldeko borroka, Europa guztian gauzatu behar den (Espainiar eta Frantziar Estatuaren mendean dauden herri eta klase guztiak barne) neoliberalismoaren eta beren morroien aurkako frontean txertatu behar dugu, bakoitzak bere eskaera propioak ezarriz. Guretzako askapen nazionala eta soziala (beti ere, genero eta sostengarritsunarekin lotuta) txanpon bereko bi aurpegiak dira, ez gehiago ez gutxiago.