Suaren inguruan

Suaren inguruan –

‘Suaren inguruan’ jarri diot izenburu gaurko jardunari: goxotasuna, epeltasuna … iradoki lezake. Baina ez: lasai uzten ez nauten pare bat gertakariri buruz jardun nahi nuke. Barkatuko didazue. Suak eskaintzen digun berotasunaz baino gehiago neure  onetik ateratzen nauten beste su batzuk ditut gogoan.

Suaren inguruan

Naturaz, ekologiaz, biziaz arduragabeki dihardugu maiz. Su gainean bizi gara, eta ez gara konturatzen. Hor dabil Etna sumendia ere tarteka tarteka izan ohi dituen petral aldiekin. Ikuskizun polita telebistan. Basoek su hartzen dute hego haizearen laguntzarekin, eta agian gizakion burugabekeriaren fruitu. Zuhaitz suharberak landatzen ditugu. Neurriz kanpoko etekinak amesten ditugu… Gero, plis-plas batean dena pikutara joateko eta bizitzak ere arriskuan jarriz maiz. Hor ditugu geure Euskal Herri paradisiako honetan pairatu dugun azken sute ikaragarria.   Zertan ari gara?

Hau da gure mundua. Beste mundu batzuk ere badira, baina gure mundua hau da: Lur planeta dugu mundu miresgarri hau: gurea da planeta gure mundutxo miresgarria. Eta hemen bizitzeko asmoz etorri direnentzat ere zirrikituren bat bilatzen ahalegindu beharko genuke. Ez zaizue iruditzen? Hala ere, batzuetan ez du ematen  bizimodua errazteko asmo handirik dugunik. Hilen mundua baino nahiago dut bizien mundua, mundu honetan bizi nahi dugunona. Gure basoak, gure ibaiak, gure zeruak, itsasoak, airea, euria, argia… gure musika, gure hizkuntzak, gure hitzak… Guztion ondasun dira eta gure Babel honek aurrera egingo badu, denei egin behar diegu leku, denok dugu eskubideen erreinu honetan zirrikitu bat izateko aukera. Denok gara hartzekodun eta denok zordun. Horregatik, ez da erraz ulertzen diruz gainezka daudenek besteei eskua ez luzatzea.

Bada zeregina bazterretan. Gauzak hobeki joatea nahi genuke. Gizateriari etorkizun hobea zor zaiola uste dut. Noiz iritsiko da gure eztabaidak gerra bidez konpondu beharrari ezetz esateko garaia?

Basoak su hartzeak bihotza estutzen digu. Hainbat  urtetako arbolak kixkaliak, abereak hilik… zer ez. Ikuskizun hunkigarria izan daiteke, baina kaltegarria denontzat.

Hala ere, ez dut nire prediku hau amaitu nahi, egunotako kontu batez gogoeta egin gabe. Gure biziak itzaltzen direnean, gorpuekin zerbait egin beharra gertatzen da. Ohikoena ehorztea da edo erraustea.  Berez, biek berdintsu errespeta lezakete natura. Familia batek  errausketaren bidea hautatu zuen. Horretarako, hileta enpresa batera jo zuen, eta holakoetan ohikoak diren ospakizun erlijiosoak beste garai egokiagoetarako utzirik, pandemiak ezarritako mugak medio, familiak errausketa berehala egitea erabaki zuen. Biluzik jaiotzen gara. Errausteko eta lurperatzeko, ordea, jantzia behar. Ongi. Baina hara non aurrekontua eskatu, eta aukera merkeenari, hilkutxenari, oso garesti iritzi ziotela. Baina ez zegoen beste aukerarik: ‘hau da dagoena’ esan eta aurrera. Denok dakigu badirela kutxa ekologikoak, kartoizkoak edo… baina ez. Holakorik ez zitzaien eskaini. Homologatu gabeak direlako aitzakia ere erabilia izan da inoiz. Eta, jakina, holako momentuetan ez zara hasiko eztabaidan. Ez zara xuhurkerietan ibiliko zure familiarekin:  dagoena onartu, ordaindu eta aurrera! Ez al da absurdua horrenbeste balio omen duen kutxa bat zuzenean suari ematea? Bai, baina horretara behartzen zaituzte. Negozioak hala agintzen bide du. Zer egingo diogu, bada?

Horra bi su: bata zorigaitzekoa, bigarrena ere bai, eta gainera absurdua. Eta hirugarrena … holakoak entzuten dituzunean barnean sortzen zaizun ondoeza.

Hurrengo arte.

 

Suaren inguruan

Hizkuntzalaria, irakaslea eta euskaltzaina