Spotlight Deustualdean
Spotlight Deustualdean –
Azaroko PREST!en aipatzen genuen: “ez gara Robert Redford edota Washington Post, baina tokian tokiko hedabideek primiziak iragar ditzakegu”. Oraintsu ikusi dut Spotlight (McCarthy, 2015). Martin Baronek eta Walter Robinson buru zituen taldeak Massachusettsko apaizek adingabeei urte luzez egindako abusuak ikertu eta argitaratu zituzten. Pelikula ikusi bitartean, zera pentsatzen nuen: “Eliza Katolikoak zelan zapuztu dezake ikerketa?”. Batetik, Boston Globen autonomia murriztu zezakeen presio bidez, bestetik, egunkariaren autonomia ekonomikoa urritu, harpidedunen kopuru handi bat katolikoa zela aprobetxatuta. Bada, independentzia eta autonomia ekonomikoa ezinbestekoak dira kazetaritza librea egin ahal izateko.
Hori dela-eta, mirari bat da PREST!ek 20 urte bete izana. 2001eko martxoan sustatu zuen lantaldeak zein hari jarraipena eman diogunok eta Berbaizu Euskara Elkarteak mirari bat lortu dugu: maiztasunez, kalitatez eta euskaraz argitaratzen dugun aldizkariak bizirik jarraitzea. Mirari prekario bat gara, ordea, baliabide falta dugulako (giza-baliabideak, materiala, ekonomikoa…). Hala eta guztiz ere, erreferenteak izatera heldu gara, imajina dezagun, beraz, noraino helduko ginatekeen baliabideak izanez gero. Ez gara Robert Redford edota Washington Post izango, baina Spotlight izan gaitezke babesten bagaituzu. Zeren zain zaude?