[Simone Weil] Erroztamendua XXXVI

Simone Weil Erroztamendua (XXXVI bidalketa) –

[Simone Weil] Erroztamendua XXXVIJainkoari esleitzen dizkiogun xede partikularrak, kausalitate konexioen konplexitasun infinitua baino gehiagoan egiten ditugun zatiketak (hurbilketak)[1] baizik ez dira; (hurbilketa) horiek egiten ditugu, iraupenean barna, gertakari jakin batzuk juntatuz beste milaka artean hautaturiko euren ondorio jakin batzuekin. Arrazoi dugu erranez zatiketa (hurbilketa) horiek Jainkoaren nahiarekin bateragarriak (egokigarriak) direla. Baina maila berean eta salbuespenik gabe, egia da edozein giza -ala ezgiza- ezpiritu motak, edozein handitasun eskalan, espazioan eta denboran barna, unibertsoaren konplexitasunean egin litzakeen zatiketa (hurbilketa) guzietarako.

Espazioaren eta denboraren jarraipenean ezin da bereizi gertakari bat atomo isolatu bat izango balitz bezala, baina giza-hizkuntzaren elbarritasunak hori egitera behartzen gaitu hori egitea posible balitz bezala.

Denboraren joanaren osotasunean unibertsoa osatzen duten gertakari guziak, gertakari bakoitzak, hainbat gertakariren osaketa posibleak, erlazioak oro bi edo gehiago gertakariren osaketen artean, gertakari baten eta gertakari osaketa baten artean, horiek oro Jainkoaren nahiak maila berean baimenduak (desiratuak) dira; horiek oro dira Jainkoaren xede partikularrak. Jainkoaren xede guzien batuketa unibertsoa bera da. Bakarrik gaizkia [2] dago salbuetsita, eta hori bera ez da osorik salbuetsi behar, ez alde guzietatik, baizik eta bakarrik gaizki den ber. Beste alde guzietatik Jainkoaren nahiarekin egokia da.

Soldado batek, zauri biziki mingarri batek joa izan denak, eta horrengatik bere erregimentu guzia masakratua den bataila batean parte hartzetik eragotzia izan denak sinets lezake Jainkoak ez diola min bat eman nahi izan baizik eta bizia salbatu. Soldado horren aldetik, hau muturreko inozotasuna da eta auto-estimuaren tranpa. Izan ere, Jainkoak mina eman nahi izan dio eta bizia salbatu, eta sortu nahi izan ditu izatez sortu diren ondorio guziak baina ez du nahiago izan egitate haietarik bat besteak baino.

Bada kasu bakar bat nun zilegi den Jainkoaren nahi partikularraz hitz egitea; hau da Jainkoaren manamenduen (nahiaren) zantzu ezaugarria daukan bultza partikularra sortzen delarik arima batean. Baina hor Jainkoaz mintzatzen gara inspirazio iturri denez bezainbatean.[3]

Probidentziaren oraiko kontzepzioak badu eitea testu-esplikazio frantsesa deitzen dugun eskolako ariketarekin, erakasle kaskar batek egiten duelarik perfektuki ederra den testu baten gainean. Erakasleak erranen du: «Poetak halako hitza jarri du halako efektua lortzeko». Alabaina hau ezin da egia izan bigarren, hamargarren edo berrogeita hamargarren mailako poesiarako baizik. Izan ere, perfektuki ederra den poesia-zati batean, efektu guziek, oihartzun guziek, halako hitzaren presentziak, halako tokian sorraraziriko iradokipen guziek, erantzuten (islatzen) dute maila berean, alegia perfektuki, poetaren inspirazioari. Berdin da arte guzietarako. Poetak horrela Jainkoa imitatzen du. Perfekzio maila gorenean inspirazio poetikoa da analogiaz Jainkoaren nahiaren nozioa eman liezagukeen giza gauza guzietariko bat. Poeta pertsona da; alta perfekzio poetikoa hunkitzen duenean, inspirazio inpertsonalak [4] zeharkatua dago. Une mediokreetan dgo bere inspirazioa pertsonala; baina ez da orduan egiazko inspirazioa. Inspirazio poetikoa irudia bezala baliatuz Jainkoaren nahia analogiaz kontzebitzekotan, ez dugu horren forma mediokrea hartu behar forma perfektua baizik.

Probidentzia ez da nahasmendua, anomalia munduarn ordenean. Munduaren ordena bera da. Edo hobeki erraiteko, unibertso honen printzipio ordenegilea bera da. Betiereko zuhurtzia da, zuhurtzia bakarra, unibertso guzian barna erlazio sare soberano batean zabaldua.

Erroma aurreko antzinate guziak horrela du probidentzia kontzebitu. Testamentu Zaharrean munduko inspirazio unibertsala sartu zen parte guziek ekartzen digute hitzezko edertasun konparaezinaz inguraturiko Probidentziaren kontzepzio hura. Baina itsuak gara. Irakurtzen dugu konprenitu gabe.

Behere honetan indar gordina (zakarra) ez da soberanoa. Izatez itsua eta zehaztugabea (indeterminatua) da. Soberanoa dena behere honetan determinazioa da, limitea da. Betiereko Zuhurtziak unibertsoa preso mantentzen du sare batean, determinazioz ehundutako sare batean. Unibertsoa ez da sare horretatik askatzen saiatzen. Soberanotasun iduritzen zaigun materiaren indar gordina  ez da egiatan obedientzia perfektua baizik.

Gizakiari emandako bermea (garantia) aliantziaren arkua da, hitzarmena, promesa ikusgarria eta haztagarria behere honetan, esperantzaren sostengu segurua. Bihotza zimikatzen digun egia munduaren edertasunari sentiberak garen aldi guzietan. Alegrantziazko akzentu erkaezinarekin burura jauzi egiten zaigun egia Testamentu zaharreko zati eder eta aratzetan, Grezian Pitagoriziar eta zuhur guziengan, Lao-tzeu-rengan Txinan, indiar idatzi saintuetan, eta egiptar testuen pasarte batzuetan. Beharbada ezkutatua dago mito eta kondaira anitzetan. Agertuko zaigu begien aurrean, gure zientzia propioan, Jainkoak  egunen batean Agari bezala begiak idekitzen badizkigu.

[1] Nik uste, “découpage”hitzak hemen iradokitzen du  haurren ohiko ariketa: hainbat deseinu-zati  mozten dute et irudi berri  bat berrosatzen dute. Ez dut euskal hitzik aurkitu deoupage horren esangura lukeenik.

[2] Salbuespen honek galdera sorten digu: nor da bada gaizki horren eragilea?

[3] Hemen ere inspirazioaren bitartez salbuespen bat Jainkoaren interbentzio-ezari. Alta beste toki batean esplikatzen du  Jainkoak bebin betikotz nahitako  lege batzuek determinatzen dituztela fenomeno ezpiritualak  fenomeno fisikoak bezain zorrozki. Beraz logikoki Jainkoak edo  ez luke interbenitu behar gizakiari inspirazio onak iradokitzeko erabat aske uzten duela gauzatzeko ala ez. 

[4] Inspirazio “inpertsonala”ren ideia hau interesgarria deritzot eta iduritzen zait badela filosofia pertsonalista (Jose Ma Arizmendiarrieta) ezagunarekiko diferentzia sakona. Inspirazio inpertsonala eraginkorra da irizpide zorrotz eta betiereko batzuk asebetetzen baditu. Oso urruti gaude otoitzaren ohiko kontzepzio idolatroaren kontzepziotik.

Simone Weil Erroztamendua XXXVI

Simone Weil Erroztamendua XXXVI

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua