[Simone Weil] Erroztamendua XXXIII
Erroztamendua XXXIII –
Beste berezitasuna bizi ezpiritualari zegokion. Erromatarrek ez zezaketen deus onar eduki izpiritualez aberats izan zitekeenik; Jainkoaren amodioa su arriskutsua zen, haren kontaktua kaltegarria izan baitzitekeen esklabotzaren haien jainkotze miserablerako. Horregatik era guzietako bizi ezpirituala suntsitu zuten.
Erromatarrek Pytagoriziarrak biziki krudelki pertsekutatu zituzten baita aitzinako tradizioei loturiko filosofoak ere. Artetik erraiteko, biziki misteriotsua da nola ateri batek ahalbidetu zion inspirazio greziarreko– ez eta erromatarreko– estoiko egiazko bati tronuaren gainera igotzea; eta misterioa bikoiztu egiten da dakigularik Kristauak gaizki tratatu zituela. Erromatarrek erahil zituzten Galiako druida guziak; suntsitu dituzte Egiptarren kultuak; odolean ito eta kalumnia maltzurren medioz desohoratu Dionisioren kultua; Badakigu hastapenean zer egin zieten Kristauei.
Baina, Erromatarrak deseroso sentitzen ziren beren idolatria sobera zakarrean. Hitlerrek bezala ezagutzen zuten itxurazko ezpiritualitatearen osagai baten prezioa. Nahiko zukeeten egiazko erligio-tradizio baten kanpoko azala, beren ateismo sobera ikusgarriaren gainean jartzeko. Hitlerrek berak ere maiteko zukeen erligio bat aurkitzea edo fundatzea.
Augustek saialdi bat egin zuen Eleusisen apaizeriarekin. Eleusisen misterioen instituzioa jadanik erabat endekatuta zegoen desagertzeraino Alexandren ondokoen garaian, ezdakigu zergatik. Syllaren sarraskiek, Atenaseko karriketan odola igoarazi zutenek, uholde batean urak igotzen diren bezala, seguraz ere, ez zuten onik ekarri. Sinetsgaitza da ez gelditu izana egiazko tradizio horren inolako aztarnarik inperioaren garaian. Halaere Eleusisen jendeak ez zuen parte hartu saialdi horretan.
Kristauek onartu zuten nekatuegiak zirelako sarraskituak izaiteagatik eta dohakabeegiak zirelako munduaren amaiera ospetsu hori etortzen ez ikusteagatik. Horrela Kristoren Aita, moda erromatarrean prestatua, nausi eta esklaboen jabe bilakatu zen. Jehovahk trantsizioa egiten zuen. Erromatarrentzat ez zen orduan gehiago inolako arazorik Kristauen Jainkoa onartzeko. Ez zen gehiago jabetza arazorik Jainkoaren eta inperadorearen artean, Jerusalemen suntsiketaz geroztik.
Ebangelioa, egia da, esklabotzatik ateratako erkaketez betea da. Baina Kristoren ahoan, hitz hori amodioaren amarrua da. Esklaboak dira bihotzetik beren burua esklabo bezala Jainkoari eskaini nahi zioten gizonak. Eta hori instant batez eta betiko egindako emaitza izan arren, ondoren esklabo horiek ez dira segunda bat ere geratzen Jainkoak haiek esklabotzan manten zitzan otoitz egiten
Esklabotzaren kontzeptzio hau bateraezina da erromatar kontzeptzioarekin. Alabaina, Jainkoaren jabetza bagina jadanik, nola eman ginezoke bada gure burua esklabotzat? Izan ere, askatu gaitu kreatu gaituen momentu beretik. Bere erreinutik kanpo gaude. Bakarrik gure nahiak denborarekin alderantzizko eragiketa egin lezake, eta gutaz egin lezake bizigabeko zerbait, ezerezaren zerbait zeinean Jainkoa nausi absolutua izan bailiteke.
Beharrik, zinezko inspirazio kristaua, mistikak du gorde. Baina mistika aratzetik kanpo erromatar idolatriak dena zikindu du. Idolatria diogu, zeren adorazioaren moduak baitu erligioa idolatriatik bereizten ez eta idolatriaren objektuari emandako izenak. Kristau batek Jainkoa adoratzen baldinbadu, Erromako pagano batek inperadorea gurtzerako prestutako bihotz berarekin, kristau hori ere idolatroa da.
Liburu honen orrialdetan zehar, hainbat aldiz Elizaren eta kristau anitzen idolatria gaitzesten du. Pasarte honetan esplikatzen digu zertan datzan idolatria hori eta nondik datorren historikoki,
Artetik erraiteko, behin gehiago ikusten da Erromatarren eta Erromaren kontrako bere erdeinua, artean greziarrak eta Grezia miresten zituela. Kondu honetan behintzat ezin uka batzuetan besteak bezala alderikoia ere bazela.