[Simone Weil] Erroztamendua XX

Erroztamendua XX –

Erroztamendua (XX. bidalketa)

Hitlerrek biziki ongi ikusi du XVIII. mendeari buruz dugun kontzepzioaren zentzugabekeria, oraindik irauten duena, eta gainera bere erroa jadanik Descartes-en baitan agertzen zena. Izan ere, duela bizpahiru mendetik, sinesten da indarra naturaren fenomeno guzien nausi dela, eta, denbora berean, sinesten da gizonek haien elkarrekiko erlazioak arrazoiaren medioz oinarritu ahal dutela eta oinarritu behar dutela denek aitorturiko justizia baten gainean. Hau da zentzugabekeria hutsa. Izan ere, ezin da pentsatu unibertso guzia indarraren inperioari absolutuki menperatua dela eta, aldiz, inperio horretatik gizona aske izan litekeen, bera aragiz eta odolez egina delarik eta bere gogoa hara huna ibilki ibiltzen delarik inpresio sentsibleen arabera. Hautatu beharra dago: Ala aitortu behar dugu uninbertsoan, indarraren ondoan, indarraz kanpoko printzipio bat  lanean aritzen dela, ala, aitortu behar dugu giza-harremanetan ere, indarra dela nausi soberano eta bakarra.

Erroztamendua XX

Lehen kasuan, oposizio erabatekoan jartzen gara Galilek, Descartesek eta beste hainbatek fundatutako zientziarekin, eta gero XVIII. mendean besteak beste Newtonek jarraitu zuen zientzia moderno horrekin. Bigarren kasuan, oposizio erabatekoan jartzen gara berpizkundean agertu zen, 1789an garaitu zuen, eta asko endekatu forma batean III. Errepublika guzia inspiratu zuen humanismoarekin.

Izpiritu laikoa eta politika erradikala inspiratu dituen filosofia fundatua da orobat zientzia horren gainean eta humanismoaren gainean, biak, nabarmen ikusten dugun bezala, bateraezinak direnak. Beraz ezin dugu erran, 1940an, Frantzia kontrako Hitlerren garaipena, izan dela gezur baten garaipena egia baten kontra. Egia erran, gezur koherente batek gezur inkoherente bat garaitu du. Horregatik denbora berean arimak makurtu ziren  armekin batera. Azken mendeetan zehar, zientziaren eta humanismoaren arteko kontraesana lausoki sentitu da, nahiz eta ez dugun sekula aitzinean begiratzeko adorea eduki. Kontraesan hori entseiatu gara soluzionatzen lehenagotik begien aurrean  azaldu gabe. Erruak beti zigortzen du inteligentziaren onestasun-falta hori.

Utilitarismo filosofikoa horrelako saio baten fruitua izan da. Hau da mekanismo miresgarri tipi bat zeinaren bitartez, giza-erlazioen ezparruan sartuz, indarra justizia ekoizle automatikoa bilakatzen baitzen. XIX. mendeko burgesen liberalismo ekonomikoa horrelako mekanismo baten sinesmenaren gainean osoki oinarritzen zen. Baina, mekanismo horrek justizia ekoizle automatikoa izaiteko gaitasuna edukitzeko, baldintza bakarra da indarrak diruaren forma hartu behar duela, eta sustut arma edo botere politikoa baliatu gabe.

Marxismoa ez da horrelako mekanismo baten baitako sinesmena baizik. Marxismoan, indarra historia bateiatua da : klaseen borroka du formatzat. Justizia, katastrofe apokaliptiko mota batek aitzindu behar duen etorkizun urrunera gibelatua da. Eta Hitler, bera ere, bere adore intelektual eta buruargitasun aldartearen ondoren, erori da mekanismo tipi horren sineskerian. Baina behar zuen makina modelo bat ezezaguna. Kontua da ez duela sorkuntza intelektualaren gustua ezta gaitasuna ere, intuizio ximista jenial bakar batzu izan ezik. Horregatik, nazka inspiratzeagatik taigabe obsesionatzen zuen jendeari  jesan dio bere makina modeloa. Biziki sinpleki, justifikaziotzat hartu du arraza hautatuaren nozioa, hau da, dena dominatu behar duen arraza eta gero esklabotasunari doakion justizia mota esklaboen artean ezarri behar duen arraza.

Iduriz desberdinak, alta funtsean hain berdinak diren kontzepzio horiek guziek badute akats bat, akats bera denentzat. Akats hori da denak gezurrak direla. Indarra ez da justizia automatikoki sortzeko makina bat. Mekanismo itsu bat da zeinetik indiferentuki txiripara ateratzen diren ondorio justuak ala injustuak, baina probabilitateen jokoagatik, kasik beti injustuak. Horretan, denboraren joanak ez du ezer egiten; mekanismo horren funtzionamenduan, denborak ez du handitzen txiripaz justiziarekin egokiak diren ondorioen proportzio biziki xumea.

Indarra absolutuki burujabe bada, justizia absolutuki irreala da. Baina ez da horrela. Esperientziaz hori badakigu. Justizia erreala da gizonen bihotzaren hondoan. Giza-bihotzaren estruktura errealitate bat da unibertso honen errealitateen artean, argizagi baten ibilbidea bezala. Ez da gizon baten eskuetan bere akzioei emandako helburuak justizia mota guziez gabetzea. Naziek berek hori ez dute lortu ahal izan. Gizonentzat posible izan balitz, dudarik gabe naziek hori lortuko zuten.

Artetik erraiteko, haien garaipenetarik azkenean atera behar den orden justuaren kontzepzioa oinarritzen da ideiaren gainean zeinaren arabera naturaz esklabo direnentzat menpekotasuna baita egoera orobat justuena eta zoriontsuena. Bada ideia hau Aristoten pentsamoldea bera da, bere argudio handiena esklabotzaren apologiaren alde. Nahiz ez zuen esklabotza onirizten, San Thomasek Aristote begiratzen zuen autoritate handiena bezala giza-arazoiarentzako irisgarri ziren estudio guzietarako, justiziarako batez ere. Ondorioz, gaurko kristautasunean, alderdi thomista baten existentzia konplizitate lokarri bat -beste anitzen artean, zorigaitzez- osatzen du alderdi nazia eta aurreko alderdiaren artean. Izan ere, nahiz Aristoten pentsamendu hori baztertzen dugun, gure ezjakintasunean ezinbestez behartuak gara beste pentsamendu batzu jasotzera zeinak Aristotelen pentsamenduan pentsamendu oker horren sustraian izan baitziren

Esklabotzaren apologia egiten saiatzen den gizon batek ez du justizia maite. Bizi den mendeak ez du zerikusirik kontu horretan.  Autoritatetzat onartzea justizia maite ez duen gizon baten pentsakera justiziaren kontrako bekatua da, zeinak ezinbestez bereizmenaren ahultzearen bitartez segituan zigortzen baigaitu. San egin badu bekatu hori, gu ez gara errepikatzera behartuak.   

Erroztamendua XX Erroztamendua XX Erroztamendua XX Erroztamendua XX

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua