[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa IV

Errogabetasuna eta nazioa IV –

Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Frantzian, paradoxa da patriotismoa ez dela oinarritzen herriaren iraganaren amodioaren gainean baizik eta herriaren iraganarekiko moztura bortitzenaren gainean. Alta Iraultzak iragan bat bazuen Frantziaren historioaren parte guti edo asko lurpekoan.

Errogabetasuna eta nazioa IV

Jopuen askatzeari, herrien libertatei, borroka sozialei zegokien guzia; XIV. mendearen matxinadak, burgondarren mugimenduaren hastapena, Fronda, d’Aubigné, Theophile Viau, Retz bezalako idazleak. François I. aren denboran, herri-milizia baten proiektua baztertu zuten, jauntxoek argudiatu baitzuten, milizia gauzatzen bazen, orduan milizia gizonen bilobak jauntxo izanen zirela, eta beraien bilobak jopu. Hain zen sendoa populu hori altxatzen zuen lurpeko indarra.

Baina enziklopedistak, denak intelektual errogabetuak, denak aintzinamenduaren[1] ideiarekin obsesionatuak ziren. Horregatik haien eraginak Iraultza aurreko tradizio iraultzalari bat oroitarazteko ahalegin guzia eragotzi zuen|2]. Bestalde, Louis XIV. ren erreinuaren izu-ikara luzeak osatzen zuen hutsune bat zeharkatzeko zaila. Hura zela kausa, Montesquieuren zentzu kontrako esfortzuen gatik ere, XVIII. ren mendeko askatasunerako korrentea sustrai historikorik gabe gertatu zen. Horregatik, 1789ko urtea egiazko moztura izan zen.

Patriotismoa deituriko sentimentuak oraia eta geroa zeuzkan objektu bakartzat. Nazio soberanoaren amodioa zen, neurri handi batean, beraren parte izaitearen harrotasunaren baitan oinarritua. Frantses izaiteak ez zirudien faktu bat baizik eta nahikundearen hautu bat, partidu edo eliza batean sartzeak bezala.

Frantziaren iraganaren atxikimendua zeukatenei dagokienez, haien atxikimenduak hartu zuen erregeari buruzko fidelitate pertsonal eta dinastikoaren forma. Horregatik ez zuten  inolako  barne-arazorik eduki errege arrotzen armen laguntza bilatzeko. Traidoreak ez ziren; Fidel egon behar zirenaren baitan fidel zeudela uste zuten, preseski Louis XVI erahil zuten gizonek bezala.

Garai hartan -geroztik hitz horrek hartu zuen zentzuan- patriota egon jende bakarrak ziren Talleyrand bezalako jendeak, zeinak haien  garaikidei eta ondokoei traidore hutsak agertuko baitziren. Ez zituzten erregimen guziak zerbitzatu, errana izan zen bezala, ez, Frantzia zuten zerbitzatu erregimen guzienpean. Baina haientzat Frantzia ez zen nazio soberanoa, ezta ere erregea; Estatu frantziarra zen. Geroko gertakariek arrazoi emanen  zien.

Izan ere, nazio sobranoaren ilusioa nabarmen ilusio bat bezala agertu zenean, ez zitakeen gehiago patriotismorako objektu izan. Bestetik monarkia zen behin moztu eta berlandatzen ez diren landare horiek bezalakoa; patriotismoaren ideia esanguraz aldatu beharrekoa zen eta estatuaren esangurarengana joan behar zen. Baina ordutik beretik herrikoia izatetik gelditzen zen. Izan ere, estatua ez zen 1789ko iraultzaren sorkuntza bat, XVII. mendearen hasierakoaren sorkuntza zen, eta zer ikus zeukan populuak monarkiari buruz zeukan herrarekin. Horregatik lehen begiradan estonagarria litzatekeen paradoxa historiko bati esker, patriotismoa klase sozialez eta alde poltikoz aldatu da; ezkerrean zen eta eskuinera pasa zen.

Aldaketa hori erabat burutu zen Komunaren eta III. Errepublikaren hastapenen ondotik. Izan ere, 1871ko maiatzaren sarraskia kolpe latza izan zen zeinetik langile frantsesak ez diren menturaz oraindik moralki sendatu. Eta ez da kontu hain zaharra. Berrogeita hamar urteko langile batek orduan haurra zen bere aitaren ganik oroitzapen izitua jasoa izan lezake. XIX. mendeko armada Iraultza frantsesaren berebiziko sorkuntza zen. Bourbontarren, Louis Philippen, baita Napoleon III. agindupeko soldadoek ere beren buruei bortizkeria izigarria egin behar zieten populuaren kontra tiratzeko. Aldiz, 1848ko arte laburra salbuesten bada, 1871n, Iraultza denboratik lehen aldikotz Frantziak armada errepublikarra zeukan. Frantziako landa eremuetako mutil jatorrez osatua, armada hori hasi zen langileak sarraskitzen pentsaezinezko poz sadikoarekin.  Talka izigarria zatekeen.

Arrazoi nagusia zatekeen derrotaren ahalgearen konpentsaketa, arrazoi berak piska bat geroago anamita doakabeak konkistatzera ereman gintuena. Faktuek erakusten dute ez dagoela, graziarik faltan, ez krudelkeriarik ezta apalkeriarik ere jende jatorrak berak egiteko gai ez denik, dagozkien mekanismo pzikologikoak aktibatuz geroztik.

III. Errepublika bigarren talka bat izan zen. Posible da nazio soberaniaren baitan sinestea errege edo inperadore gaixto batzuek ixilarazten gaituzteno. Pentsa dezakegulako: “Ai ama maitea! hor izan ez balite!”… baina hor ez direnean, demokrazia ezarrita denean, eta itxura guziz populua oraindik soberano ez denean, nahasmendua saihestezina da.

1871ko urtea izan zen 1789an sortu patriotismo frantses berezi horren azken urtea. Frederik inperio-printze alemaniarra, gero Frederik III bilakatuko zena, gizon gizatiar, arrazoizkoa eta inteligentea biziki estonatua izan zen patriotismo horren intentsitateagatik, orotan ikusi zuena lehen kanpainian. Ezin zuen konprenitu nola, bada,  alemaniarretik biziki hurbil zen dialekto bat mintzatzen zuten, eta une nahikoa hurbilean frantsesek gogorki konkistatuak izan ziren altzatziarrek ez zuten Alemania ikusi ere nahi. Konturatu zen egiazko  arrazoiaz: altzatziarrak Iraultza frantsesaren herriaren, hau da nazio soberanoaren parte izaiteaz harro ziren. Alemaniak haiek konkistatu izanak, frantziatik bereiziz, menturaz espiritu estatu hori 1918. urteraino  atxikarazi zien, partzialki bederen.

 

[1] “progrès” testuan

|2] iraultzalaraiek ezin zuten onartu zerbait onik izan zitekeenik Iraultza aitzinean.(tradizio iraultzalari bat izanda ere)

Errogabetasuna eta nazioa IV Errogabetasuna eta nazioa IV Errogabetasuna eta nazioa IV Errogabetasuna eta nazioa IV Errogabetasuna eta nazioa IV

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa IV”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-12-03 17:36

    Azken testu hauetan, SWek erakusten dizkigu sentimendu nazionalaren gora-beherak egoera poltiko esberdinetan barna. Baina erakusten digu baita konstante bat dagoela ere, hau da, bi sentimen nazional mota daudela frantziarren kontzientzietan; gehienetan nahasiak direnak, baina batzuetan, tentsio egunetan, hauteskunde garaietan orai bezala, nolazbait elkarren etsai ager daitezkeenak ere.
    Bata da bestea baino tradizionalagoa, etno-kulturalagoa, betiereko Frantziaren historiaren gainean oinarritua, demagun eskuinekoagoa dela. Hauek ez dute gehiago sinesten etorkinen asimilazioan eta imigrazioa kontrolatu (bederen) nahi luke.
    Bestea da argiki errepublikarra, Iraultzaren ondoko historiaren gainean oinarritua, Frantses iraultzaren ideien ekarpen unibertsaletaz biziki harro. Sentimendu nazional hau ezkerrekoagoa eta (askotan) mondialistagoa ere da lehena baino. Honek Frantziaren asimilazio gaitasunean konfientzia dauka eta frantzia multikuralak edo kreolak(Melenchon) ez dute izitzen, aitzitik ere.
    Bistakoa da bi nazionalismoek gure euskal sentimentu nazionalaren etsai direla orobat. Baina gainera bigarrenak, nabarmen, mando erreakzionariotzat hartzen gaitu.
    Berriki kandidatu batek ( Zemmour) bota du ” Vive la republique francaise et “surtout” vive la France!”
    Ikusi behar da nola”surtout” hitz bakar eta sinple horrek zer ekaitza sortu duen medioetan. Segituan errepublika kontrako atakatzat jo dute eta.
    Hauteman behar da nola, ene ustez, beheko klaseak, mundializazioaren galtzaileak ( adibidez delako “gilets jaunes” horiek) lehen sentimentu nazional horren alde diren gehienbat.