Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza
Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza –
Nork bere bizitza kokapen zehatz batetik egiten du. Hortik, hau eta beste hautatuta, bere bizitza-bidea urratuz joango da eta, egin-eginean, bere bizitza izanez joango den hori zirriborratuko du.
Bizitzan guztiz bestelako kokapen bat ere bazegoela aditzera ematen ahalegindu naiz azken artikuluetan. Errealitatearen onarpen ez baldintzatuaren alde egin dut beroietan, zain egote huts-hutsaren alde (edukirik gabeko zain egotearen alde) eta, azkenerako, etorkizunari begira zer esperaturik batere ez duen esperantza huts-hutsaren alde.
Honek baina ez du batere zerikusirik gure ulerpen-adiera arruntaz burutan hartuko genukeen “ez erabakitzearekin”, “ez hautatzearekin”, ezta hurrik eman ere. Horren arian zera nioen aurrekoan: Ispiluak antzo, kontua ez da ez hautatzea , ez eta “ez hautatzearen” alde egitea ere, alegia, ez eta “ez hautatzea” hautatzea ere. Besterik da kontua. Oso bestelako kontua dugu, oso bestera ulertu beharrekoa. Hautatze oro edo ez-hautatze oro, zein epaitze edo ez-epaitze oro, “bagarelako” eta guzti-guztia “badelako” uste sendo ez hautatuan datza, eta hor du bere oinarria eta bere aurre-baldintza.
Hortaz, hau edo beste huraxe hautu, edo hautatu behar izanez gero geure bizitzari eutsiko badiogu, joku mailan emandako betebeharrak baino ez ditugu izango. Horiek baino ez. Ezen, izan, bagara, den “hori”, izan, baden modu beretsuan. Eta gu-geu izate huts horretatik, talaia horretatik, iraunkor eta tinko dirauen onarri horretatik, geratzen da guztiz bestelakotua den-dena, hainbesteraino, non joku huts baino iritz ez zaien eguneroko erabaki beharrezko horiek, finean, joku huts izan ez, baizik-eta “serio hartu beharreko joku” bilakatzen baitira. Bizitzakoak joku-jolasekoak dira, joku edo jolasak baino ez, arauen arabera gure gain hartuko ditugunak. Biziko bagara, jolastuko gara, jokatuko dugu. Jolastuko gara, baina ez edonola, ez arin edo ezaxolati. Eta hain justu ere, “hautatua” zein “ez-hautatua” ez den “izatearen baretasunaren talaiatik” ikus dezakegu guztiz bestela joku-jolas delako hori, bestela ikusi eta serio jokatu-jolastu beharrekotzat hartu ere. Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza, oso serio jokatu beharreko jokua. Jokalari profesionalak baikinan hartu beharko genuke hortaz bizitza, serio-serio, serio-serio baina finean eta buruan jakinda hau joku-jolasa baino ez dugula, hori baino ez “izatearen baretasunaren talaiatik” begiztatuta izanez gero. Gu gara serioak, ez jolasa. Gu izan behar gara serioak, ez jolasa.
“Zer edo zer bera berau den horretatik kanpo bilatzen duen gizaki oro abandonatua izango da, gauza guztiek abandonatua” (Brhadaranyaka Upanisad II, 4,6)
Igor Goitia
Ezer espero gabe, esperantza hutsean tinko. Ispiluaren irudia
https://youtu.be/DjZ0jc5xILQ?si=whLTlMG4OANVr6SS
Zer dugu hala ere bizitza, jolasa ala jokua, zer egin behar dugu, jolastu ala jokatu?
https://youtu.be/LgwdOTcFg5c?si=Dq80OUlHsRNYROw5