Segurolaren astoa ez dago iraungipean!
Segurolaren astoa ez dago iraungipean! –
Arrankoso hasi zitzaigun guztiz Iñaki Segurola bere Sed quia sua liburuaren hasieratik beretik. Gerora ere, hasierako potentzia horrek agindu-hitzeman uste genuen horixe ondo ere ondo bermatua-betea ikusi ahal izango dugu. Natorren baina, ondorengo lerro hauetarako, aipatu potentziazko hasierako arranke horretara. Adar, adaska eta izugarrizko sasitza hasierako horrenak, nondik nora, norantz abiatuko ote den ere inondik ez sumatzeraino, hein handi batean. Enbor gotor bat aurki liteke baina, eta “liteke” diot, ezen, nik lehendabiziko unean bertan akaso ez, bai baina dexente gerora, liburua irakurri osteko liseriketa egin eta gero, erreparatu nion-eta ondo aipatu enbor horri. Konplikatua da, edo zait, aipatu enbor-bizkarrezur horren atzeko guztia azaltzea, baina, nire ikusian, badago hor hasi-hasierako lerroen artean iradokitze ezin grafikoago bat, liburuaren edukiaren zer-nolakoaren errazgarri-edo izan dakigukeena: langaren kontra dagoen astoaren irudia, tema-tematuta langaren kontra egin eta egin dabilen astoarena, ez aurrera, ez atzera, dabilena, setoso hor, langaren kontra, ainguraturik-edo. Esanda moduan, irudiari oso grafiko iritzi diot, aberatsa, iradokitzailea, eta gerora, alde askotatik liburuak eskainiko digun guztiaren aurkezpen-argazkia ezin hobeto aukeratuta. Irudi grafiko horri liburuaren hasieran ikusi uste diodan zentraltasun hori agian ez zeukan horren propio pentsatua Iñaki Segurolak; izan ere, lerro askoren arteko batto baino ez dugu, eta, esanda moduan, hasiera batean oharkabean, zeharo oharkabean, pasa dakiguke lasai asko.
Aurreko eguneko artikulutxo batean baliatu nuen jada astoaren irudia segurolatarra gure aitorpen eta uste gehienen oinarri arrazionala kritikatzeko edota, gutxienez, duda-mudatan jartzeko. Gure betiro “lepotik gora” aritze horri egindako kritikak bere liburuan pisu handia hartuko du, eta nire aurreko artikuluko olerkietan Segurolaren liburuak jada iradokitzen zidana bertsoetaratu baino ez nuen egin.
Gehiegizko (eta usteko) arrazionaltasun horri egindako kritikak, edo arrazional huts-hutsa baino izan uste ez duen horri guztiorri egindako kritikak, berez trufatia zorrotza bainoago den kritika horrek, soka luzea ekarriko du gerora bere liburuan, eta adarkatzen eta adaskatzen joango da liburuan gaindi. Astoaren mutur aurreko langak eta berorrekikoan astoak duen temak asko iradokitzen du.
Doala aurrez, dena den, nire aurretiko barkamen-eskea baldin-eta Segurolarenak oso “niretik”-edo hartuta (berak hain sutsu kritikatu zuen “niretikerira” lerratuta, hain justu), berak inoiz eta inondik “borobil esan” edo “esanez esanda utzi” ez zuen hori guztiori nik, guztiz bestela arituta-edo, itxi badut. Izan ere, hor hain justu ditugu Segurolaren indar eta potentzia guztia, alegia, dena eta ez dena zabaltzean, mortua, letretaratu-hila, uste potolo-astunak, ezin dudazko ustekizun irmo moduan burutan hartzen ditugunak…ez berez hankaz gora jartzean besterik gabe, baizik-eta eurek, aitorpen moduan, baizkotik dutenenari, euren ezezkoa ere eranstean. Horrela, ezarian-baiarian jardunda, aspaldiskoan galduxe dugun sen-jakinduria zaharra berreskuratuta-edo, bizitzako kontu pisuzkoetan zerbait baiezko formapean aitortu orduko, “baina bat” ere gehitu, aitortutakoa ere ezeztatu, eta horrela jakinduriazko oreka eder bat lortu.
Kontzeptuekin tematzen gara, teoria borobilekin tematzen gara, denetariko “ismo”-en inguruan eraikitako teoriek, zientzia-aitorpenek, ideologiek, fede potoloek astun eta idor, ez emankor, bizitzera eramaten gaituzte, astoa langarekiko bere temak bezalaxe.
Ezin bertanduaz,
astoa langa aurrean bezala,
ez aurrera, ez atzera…
hara nahi eta ezin…
bertandu ezin,
hementxe are gutxiago,
bertandu ezinez,
langa aurrean,
tematurik.
……………………………
Bertanduaz,
bere ezinean ere bada,
inora ezera abiaturik ere,
zabal omen lekioke astoari akaso zabalgarri duen apurño bakarra…
Bertantxe ahalegin berau,
dugu apurñoa,
bertandu nahi propio,
garbia,
ez argia,
ezdeusa,
bere-berea,
zz metafisikoa…
……………………………
Bueltaerdirik gabeko bueltaerdia emanda,
arrantzarik gabeko asto bilakaturik,
langarik gabeko asto,
edota, astorik gabeko langa zentzugabekoa,
Ezdeusturik, hasieratik bertatik, bertantxeko lehenbiziko ahaleginetatik,
Des-astotze prozesu hustugile batek harrapaturik….
……………………………
Arrantzatik desjaberturik…hustuta, ez asto, ez langa aurrean, ez baina langa berez desagerturik,
Ez eta bera zeharkaturik….
Asto metafisiko des-astoturik,
Edota metafisika gabeko asto endekatu bat.
……………………………
Arrantzarik gabeko asto arrotz honek baina,
asto gisa ezinago ezindurik dugun asto honek,
arrantzarik jadaneko ez,
baina zer edo zer omen digu komunikatzeko,
bere asto ezinduaren izatasunetik,
Bere arrantza egin ezinetik,
erdi gogoratzen duen langa horretatik….
……………………………
Egiari bai esanez berriz ere langaren astuna sentitzen dugunean,
Ez esanez ere egiari, berdin gertatzen denean,
Baizkoaren krimena sumatzen dugunero,
Ez ezezkoaren tirania baina krudelagoa,
Bihotza zabal-zabalik ez bai, ez ez,
Ez eta bai, eta bai eta ez
Ezbaikari jauzkari derrigor…
Segurolaren astoa ez dago iraungipean!