Ronnie Drew

Zurezko begiz begiratzen naute kaletik. Arrotza banintz bezala ene herrian. Las Cortes kalean barrena; beltzak dira azalak, zurezkoak begiak eta ni kanpotar soil bat. Eta gaur egun modernitatearen nahiz kontsumoaren ikur den Ipod-a piztu bezain laster, etorri zait dublindar nomada bat burura, inon arrotz ez zen pertsonaia bitxi bat, melodia nostalgiko baten galtzarbean… Ronnie Drew.

Ezezagun zaio gaur egungo edozein gazteri izen hau; egia esan, gehiengo handi batek ez du fits jakingo musikari honen inguruan. Nor zen bada Ronnie Drew? Hasteko esan beharra dago The Dubliners talde ospetsua sortu zuen kideetako bat zela, ahots indartsu bezain bereizgarria zuena, eta noski Euskal Herriarekin lotura sendoak errotu zituela Jose Anjel Irigaray-en lagun baitzen.
Erreflexioak alde batera utzi eta burua altxa dut, zurezko begiz begiratzen jarraitzen naute… ziur Ronnie ez litzatekeela hala sentituko, hamaika kulturetan murgildu baitzuen burua. Gaztea zelarik, Sevillara alde egin zuen Ingeles irakasle gisa eta bide batez gaztelania ikasteko asmoz. Baita ikasi ere, Andaluziako ahoskera berezia ere gelditu baitzitzaion.

Urte batzuk beranduago Italiara salto egin eta bertan ezagutu zuen Antonio Breschi pianojolea, eta honetxek aurkeztu zion J.A Irigaray. Berau ezagutu eta gutxira euskal kulturara hurbildu, eta beste zenbait musikari ezagutu zituen; hala nola, Benito Lertxundi, Bingen Mendizabal… Hau ez zen pasarte huts gisa geratu, izan ere, musikari irlandarrak zenbait proiektu diskografiko garatu zituen Irigaray, Benito eta Breschirekin.
Duela urtebete izan nintzen, The Dubliners taldeak Bilboko Kafe Antzokian emandako kontzertuan. Esperientzia benetan eder bezala dut oroitzen. Musika irlandarra Euskal Herriari aurkezteko dagoen modu hoberena duda izpirik gabe. Han zegoen, garagardoa eskuan zuelarik, kantuan Ronnie Drew handia.
Zoritxarrez orain dela hilabete inguru zendu zen eta ezingo dugu berriz bere ahotsaz zuzenean gozatu. Ezingo du Irigarayek Bilbora berriz ekarri…
Eta horretara noa bere omenez Kafe Antzokian ospatuko den omenaldi kontzertura, azken agurra emateko asmoz, bere kantuak zuzenean azken aldiz entzutera.
Zurezko begiz sekula begiratuko ez luketen hari adio esatera.
ronnie.jpg

Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude