Presó (Kartzela)

Ondo gogoratzen dut independentismo katalanaren izaera burges eta kapitalistaz ohartu nintzen unea. Banuen aurretik CiUren ildo politikoaren berri eta “Catalunya, un Nou Estat d´Europa” lemak ere iradokitzen zuen euroaren Europaren aldeko jarrera, baina Diada prentsa-akreditazioaren pribilegiotik bizi izanak estali zituen garraztasun haiek. Egiari zor, Bartzelonan hiru egun soilik neramatzan hartan, ezinbestean hunkitu ninduten hiria estali zuten oihu eta esteladek.

Egun batzuk beranduago baina, manifestazio independentista “gidatzen” zuen ANC-ko kide bat elkarrizketatzeko aukera izan nuen. Bere hizketa erraztasunari eta aurretik egina nuen dokumentazio lanari esker, bi ordu eta erdiko hizketaldian murgildu ginen. Oro har interesgarriak iruditu zitzaizkidan haren azalpenak eta baita alderdi politiko batekin lotura zuzenik gabeko erakundearen papera ere, baina etengabe aipatzen zizkidan datu ekonomikoek harritu (eta argitu) ninduten.

Hizketaldia bukatu ostean heldu zen ia itsutu ninduen argi-izpia. Haren hitzak indartu nahiean edo, Kataluniako hainbat enpresa garrantzitsuren artean osatutako liburuxka erakutsi zidan. Bertan, itxura ezin moderno eta landuagoan, herrialdearen independentziarako arrazoiak azaltzen zituzten enpresa haietako buruek, zenbaki eta grafikoen protagonismo nagusiarekin. Inor gutxik jarriko du zalantzan enpresaburuen motibazio nagusia (ia) beti diru eta botere nahia denik.

Hala, herriko tabernetan aurki genezaken orri-multzoa trajedunek firmatuta ikusteak ilusio infantila kolpetik eraman eta errealitatera (edo ikuspuntu errealagora) eraman ninduen. Kataluniako klase politikoak eta enpresaburuek independentzia nahi dute bai, baina kapitalismoaren kartzela (gero eta estuagoa) haien neurrira egokitzeko, herritarren izerdia modu eraginkorragoan ustiatuko dutelakoan. Presó, katalanezko kartzela, horia eta gorria, baina kartzela.

Noski, kataluniako mugimendu independetistak adar asko ditu, baina hauteskundeak izan dira tendentzia nagusiaren erakusgarri. Baten batek esango du burgesiaren papera ezinbestekoa dela askapen nazionalean, eta bestelako aldaketak gerora etorriko direla. Baina, ez ote da eskuindar eta sozialdemokratei mendeetan zehar bozak lortzeko erabiliko duten “garaipena” aitortzea prezio garestiegia?

Ez dakit subiranismoaren gaiak gehiegi itsutzen gaituen, baina gurean kataluniako mugimendu independentistarekiko jarrera kritikoa bereziki urria izan dela esango nuke. CUP, komunikazio gaitasuna, bertako hizkuntza politika… Asko da katalanetaz ikas dezakeguna, baina edozein iniziatiba nazionalista belarriekin txalotzea gehiegizkoa da, gure burua ezkertiartzat dugunontzat bederen.

NIRE KONTRA ESANAK