Popuerzakoa
Popuerzakoa –
Iraileko igandeetan ohitura da gure inguruetan Erniora igotzea, Zelatunen dantzan aritzea eta txorizo muturra, edo, jatea. Eguraldi txarrenaz ere ez da jenderik falta izaten. Aurten lagunak goizago abiatu eta ni berandututa, bakarrik nindoan estratan gora, beherantz zetozen kuadrillekin topatzen. Gehienak gazteak eta euskaldunak. Euren artean maizen entzuten zen hitza: enplan.
Pasaeran agurtu egiten nituen: Egun on, Ariyo… Baina buru jostakinak ziriketa agindu eta batzuei Egun on Jainkoak esan. Haien harridura: nondik atera da Erdi Aroko ale hau? Ni barru barrez, oldozten euskaldunak jainkojale handiak izatetik ateo-agnostiko-sinesgabe-ezaxola-eszeptiko komunitatea izatera hain epe laburrean nola pasa garen. Zeruko Argia-tik ARGIA soilera. Ederki dago. Hainbeste urtez Jainkoa uneoro aipatzeak enpatxua eta oka egiteko gogoa eragin ditu.
Pertsonok badakigu asmorik ederrenak usteltzen. Jainkoaren izenean zenbat infernu sortu, demokraziarenean zenbat diktadura, justiziarenean zenbat sarraski, bakearenean zenbat gerra, maitasunarenean zenbat gorroto…
Asmo handien izenean, nire adinekook itxaropen handia jarri genuen, hurrengo belaunaldiak euskalduntzeko eta ongi hazteko, hezkuntza sisteman. Zaputza. Urteak pasata, kezkatuta gaude gazteen portaerekin: erdaraz mintzatzen ohi dira eta dituzten ohiturak arduratzekoak dira, ia-ia zaharrenak bezain aldrebesak. Hala ere, gazteen artean milaka aritzen dira munduko ahulenei laguntzen, medikuak, ingeniariak, sukaldariak, marinelak… Eta tesiak euskaraz idazten dituzte. Dudarik ez: oraingo gazteak ez dira gure garaietakoak baino okerragoak, agian apur bat hobeak.
Murchanten ume baten gurasoei omenaldia egin diete hari herriko patroiaren izena, Roke, jarri diotelako. Garrantzizko kontua izenarena, ume bakoitzarena parkean berrehun aldiz errepikatu behar baita, ahal dela ozen, ingurukoek ongi entzun dezaten, Disneyk patentatutako doinu fazatiaz. Niri kalean, ahots lakarrez, gehienetan ume zikin arraioa esaten zidaten.
Haurrak ez dira tontoak, soilik haurrak dira. Gure axolagabekeria eta inozokeria da haien eskasien kulpante. Benetako hezkuntzarako osagarri nagusia den eredu ona, ez diegu eskaintzen.
Zuzentzen hasi behar. Ze hezkuntza sistema erabiliko? Zorrotza… eta samurra. Nola deituko? Baietz, kontu garrantzitsua dela, tabernari gastroteka esanda, basoerdia garestiago kobratzen baita edo Rokerena bezala, omenaldirako aukera. Badatorkit… Derrigorrezko hezkuntza! Harrapatua dago baina! Hobeto Frai Bartolome Santa Teresa markinarrak gustuko zuen hitzez: Popuerzako hezkuntza. Popuerzakoa da Erniora igotzea.
[Popuerza gaztelaniatik datorren esamolde-kalkoa da, “por fuerza“-tik erakarria].
ARGIAn argitaratua