Poltsoak eta txandak
Poltsoak eta txandak poltsoak eta txandak
Duela gutxi burutik kendu ezin dudan gai batekin egin nuen topo. Ordutik, buruari bueltaka jarraitzen dut, eta dena Silvia Nanclaresen artikulu hau irakurtzeagatik: El bolso de Antonella. Artikuluaren ideia nagusia honako hau zen: nola edo hala, emakumeen gehiengoa Antonella gara edo izan gara. Zergatik?
“Antonellaren poltsoa txikia da. Baina txikitasun horrekin ere, Leok Bartzelonako prentsaurrekoan negar egingo duela jakiteko gaitasuna du. Eta horrexegatik, seguru eta ziurrenik, negar egin eta mukizapiak beharko ditu. Lan emozionala Antonellaren eskuetan materializatzen da eta hau ondoren, bere senarrak beharko dituen mukizapiak poltsoan sartzen. Akaso Leok ezin zuen bere negarra aurreikusi? Seguruenik bai. Baina Antonellaren poltsoa aintzakotzat hartzen zuen eta berak hartuko zituen mukizapiak”.
Aurreikusten dugun guztia, poltso horietan sartzen diren “badaezpada” guztiak beste pertsona batek hartzen ez dituen erabaki horiek gure gain hartzen ditugulako dira. Familiaren beharrak direnak edo izango direnak pentsatu eta guztien ongizatea bermatzeko aurreikusteko joera ikasi eta barneratu hori.
Aurrekoan taberna bateko komuneko ilaran paretari kolpeak ematen eta modu oso nabarian hasperen egiten zegoen mutil bat zen nire atzetik txandan. Modu oso nabarian gainean pixa egingo zuela irudikatzen zuen, eta halako egoera batean, ulertzekoa den bezala, nire txanda hartzen utzi nion. Ez baita lehenengo aldia horrelakoekin topo egin dudana.
Ba hara ze kuriosoa. Aurrekoarekin lotuz, ziur naiz Antonella guztiek pentsatuta genuela, komun bakarreko taberna horretan pixa egiteko txanda egin beharko genuela. Txanda egitea tokatuko zitzaigula eta beraz, pixa gainean sentitu aurretik, ilara egin beharko zela. Hori guztia aurreikusi eta norberaren mugara iritsi aurretik egoera kontrolpean izateko. Paretari ostikoak ematen ez ibiltzeko. Ez dakit, asko pentsatzeko gaia da, eta horretan jarraituko dut.