Politikarien soldata murriztea
Politikarien soldata murriztea
Ia oharkabean joan da Bilduko alkate eta zinegotzien soldata jaitsiera. Neurriak erantzunik sortu ote duen jakiteko aukerarik ez dut izan, baina, aitortu behar dut ez naizela eroso sentitu albistearekin. Ez dut esango kasu batzuetan lansariak puztuta ez zeudenik, baina irakurri dudan askotan ez zait horrelakorik iruditu eta, gainera, uste dut ona dela herritarrentzat haien alkateak eta zinegotziak ondo ordainduak daudela sentitzea.
Krisian murgilduta gaudenetik ahots askok eskatu dute herritarren lansariak murriztea, baina eginbehar hori gehien aldarrikatu dutenak, hain zuzen, soldata altuen dituztenak dira. Oraingoan ere imajinatzen dut Ogasunari iruzur egiten dioten horietako askoren irribarrea, ikusterakoan politikariek aurrekontu publikoak murrizten jarraitzen dutela, jornal ertainak txikiagoak bihurtuz, euren handiak handiago egiten diren bitartean.
Langabezian eta egoera larrian daudenek elkartasuna eskatzen dute eta haiek bezain gaizki ez daudenengandik jasotzen dute gehienetan. Baina, inork uste du juxtu dabilenaren egoera konponduko dela berak baino zerbait gehiago jasotzen duenaren irabaziak murriztuz? Langabetuek ez dute agintarien elkartasuna behar (nahiz eta epe laburrean kontsolamendua ekarri), justizia soziala behar dute eta ezkerreko politikarien eginbehar nagusia justizia horren alde borroka egitea da.
Elkartasunarekin hastea egokia iruditzen zait, beti ere horrekin batera neurri ausartagoak etortzen badira. Bestela, agintari izan beharrean ONG bateko ekintzaileak ditugula irudituko zaigu.
Ezkerraren zereginaz diharduzularik, interes handikoa egin zitzaidan artikulu bat duela dozena bat egun. Luzexka dirudi, baina merezi du, zinez: http://politica.elpais.com/politica/2011/07/13/actualidad/1310584832_156645.html
Interesgarria benetan! Eskerrik asko hona ekartzeagatik. Sarrera idatzi ondoren, sentitu dut eskasa zela planteamendua, ñabardurak falta zitzaizkiola… eta aldi berean, ezin zaiola exijitu orain iritsi berria den ezkerrari urtetan besteek gaiztotu dutenaren erantzukizuna. Baina batzuetan presa sentitzen dut eta iruditzen zait jokatzen duguna baino gogorrago jokatu behar dugula, botere ekonomikoa dutenek erraz engainatzen gaituztela, alegia. Elkartasunean sinisten dut, baina zorrotzago izan behar dugula uste dut. Polikiago irakurriko dut berriz