Politikariak eta pitopausia

Politikariak eta pitopausia –

Politikariak eta pitopausiaNorbere bizialdian zenbait eginkizunek badute beroiek egin ahal izateko adin zehatz bat, egoki edo apropos iritzitakoa, edo gutxienez, nolabait edo beste espero izateko bat. Politikarako, politikagintzan, ba al dago horrelakorik? Ez gaude zientzia egiten ari, eta hein horretan, ezer agian ebatzi ez, goazen baina gutxienez panorama politikoa adinarekikoan deskribatzera. Denok dugu gutxi asko horri buruz irizpide bana, nahiz-eta sarri eta askotan irizpide hori berberetsua izan ohi den. Politikan gaztetxoak edo gazte samarrak ikusten ditugunean (kontuz gero! Izan ere, hor gure gaztetasunaren kontzeptua nabarmen zabaltzen baitugu eta, horretara, politikan 50 urtetik beherakoei gazteegi iritzi ohi diegu), ohikoa eta zabalduxe dugu berehalako betiko kritika erraza; adin-falta hori tarteko, segi-segituan politikarako heldugabetxotzat jo ohi ditugu. Honek izan lezake bere zergatiko eta oinarririk, baldin-eta bene-benetan bizialdiaren udazkenera aldera pilatutako eskarmentua falta dutela iritziko bagenio. Hau hala izan liteke, baina ez gaitezen engaina; denetarik dago, prestakuntza eta oso ibilbide interesgarrikoen artean “gazte” horietariko ugari ditugu batetik, eta, bestetik, adinean aurreratuxea izateak askotan bizitzarekiko asperdura, nekea, energia falta eta ustekabe askotarako jada prest ez egotea baino ez dakartza berekin.

Gure politikan 50 urtetik gorakoak, eta zenbaitzuetan dexente goragokoak, ikustera ohituak gaude oso. Goian esanda moduan, ezin esan “hala izan behar hori” gure aurrejuzkuaz libre dagoenik. Nolanahi ere den, oinarri justifikagarriz edo horren faltan, noan orain adin-tarte horretakoen (50-55 eta 70 urte bitartekoen) zer-nolakoaz zer edo zer esatera. Barka nazazue, baina Iñaki Segurolaren jakinduriaz baliatuko naiz oraingo honetan ere. Izan ere, berak, ohi zuen ironia trufati eta nolabait ere txikitzailez, azkenera, egia potolo-potoloak botatzeari ezin izan zion ihes egin, agian, askotan, berenez eta propio horrelakorik inondik bilatu ez bazuen ere.

Bada, Segurolak, gai honekikoan botatakoei ezinago egoki irizten diet, aintzat hartzeko modukotzat bederen. Hasteko eta behin, esan dezadan Segurolak ez zuela batere gogoko 50 eta 70 urte bitartea; eta adin-tarte horretan zeuden, bere ustetan, politikari gehien-gehienak. Gorroto zuen, egia esatera, adin-tarte hori: “adinik txarrena neretzat, atzerakada handiena ematen didan adina zein den, edo zein adinetako gizonak ematen didan neri naxka eta atzerakada… Neri grazia gutxiena egiten didan gizakia da 55 eta 70 urte bitartetsuko gizonezko edo gizasemea… Gazte izateari aspaldi utzia, sasoiko izateari ere bai askotan, ez bizitzeko gogo zinezkorik, ez itxurazko emakumezkorik konkistatzeko, ilusitzeko eta xarmatzeko ahalik, zerbait badela erakutsi behar edo sinestarazi behar bere buruari… Horixe da gizonaren adin txarrena eta patetikoena, zaharrez zeharo etsitzen duen arteko adin hori” (Neure gorringotik, 87-88 or.).

Bada, Segurolak zuzen onez ohartuta moduan, adin-tarte horretango gizajendez daude gainezka alderdiak, gobernuak, administrazio kontseiluak… Ahaltsuak, boteredunak, sasi-intelektualak ere… adin-tarte horretako izan ohi dira. Gizonak ere izan ohi direla esan ere esango digu Segurolak, gainbeheran dagoen gizon bat, bere maldan behera egite hori ezin eramanezko egiten zaion gizon bat. Endekatze eta mendre bilakatze horien ezin eramak, hain justu, mendekura lerrarazten du tamalez gizon-klase hau. Euren jada dir-dir ez egite horrek, euren ezina ezin eramanezkoak munduan, gizartean, bere zigilu, bere zikina uztera bultzatzen ditu gizon hauek. Munduko boterearen nukleo gogorreko gehientsuak jende klase honetakoak dira, eta normal hortaz, espero izatekoa, mundua ere halaxe joatea ere, ohartarazten zigun Segurolak. Ez ditzagun Segurolaren hitzak bere-bere literalean hartu, ez bere-bere horretan, baina bere olgetan benetan hitz egite guztietan bezala, honetan ere, egiatik asko ere egon, egon ohi da. Noraino kasu honetan? 

Politikariak eta pitopausia

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.