Paperezko egunkariak, etorkizunaren zain
Paperezko egunkariak, etorkizunaren zain
Paperezko egunkariak VS egunkari digitalak. Etorkizunari begira, zer?
Betiko galdera, betiko zalantzak, eta etorkizuna nolakoa izango den asmatzen diharduten gutxi gorabeherako erantzunak. Noemí Riverak bere blogean duela gutxi idatzi zuen paperezko liburuaren xarmaz, teknologiaz gainezka gauden aro honetan geroz eta errazagoa baita jendea eBook-aren bitartez liburuak irakurtzen ikustea, era tradizionala alde batera utziz. Baina, nolabaiteko enkantua omen dute; usaina, esku tartean edukitzearen magia irakurketan murgiltzeko.. eta horrek bizirik mantentzen ditu momentuz.
Paperezko egunkariek, ordea, etorkizun latza dutela dirudi. Latza, edo, desberdina, behintzat. Administrazioa euskaraz aldizkarian argitaratu berri den Nerea Pikabearen “Zein izango da paperezko egunkarien etorkizuna?” artikuluan zenbait kazetari euskaldunen iritziak batzen dira gaiaren harira. Kazetari horiek Pedro Ontoso El Correo-ko zuzendaria, Iñaki Soto Gara eta NAIZeko zuzendaria, Bingen Zupiria Deia egunkariko zuzendari nagusia, eta Txema Ramirez de la Piscina EHUko kazetaritza irakasle eta ikertzailea dira. Horiek guztiek egunkari digitalen alde egin dute, interneten gaurkotasuna eta berehalakotasuna, interaktibitatea, multimediatasuna..goraipatuz. Izan ere, paperezko egunkari batek eskaintzen dituen berriak jada ez dira berri guretzat berehalakotasun hori dela eta. Zentzurik al du orduan paperean berri – edo ez hain berri- horiek argitaratzea?
Historia guztian zehar lez, komunikabideak eraldatu dira, eraldatu beharko dira eta ez desagertu. Badirudi egunkarien etorkizuna gai konkretuetan sakontzea izan daitekeela, genero desberdinak landuz eta aldizka argitaratuz egunero beharrean. Publiko fin edo txiki batentzat egindako edukiak lantzea izango litzateke ideia, alegia. Ignacio Escolarrek behin konparatu zuenez (irakurketa gomendagarria), egunkariak etorkizunean biniloa bezala izango dira. Ezohiko gauza, apartekoa.