Pablo Iglesias, feminista naziak eta XY boxeolariak
Pablo Iglesias, feminista naziak eta XY boxeolariak –
Nicolás Casaux idazle eta itzultzaile anarkista eta ekologista da. Né(e)s dans la mauvaise société. Notes pour une critique féministe et socialiste du phénomène trans (Okerreko gizartean jaiotakoak. Trans fenomenoaren kritika feminista eta sozialista baterako oharrak) liburuaren egilea. Le Partage gunean argitaratu ditu bere analisiak ekologia, aktibismoa, historia eta zibilizazio industrialaren gainean.
Lehengo asteazkenean, Espainiako Telebistan Pablo Iglesiasek, Podemos ezker erradikaleko alderdiaren sortzaileak, lasai ederrean deitu zion Tasia Aránguez Sánchez Feministas al Congreso alderdiko kideari, nazi. https://x.com/i/status/1889804207026479558
Tasia Aranguezen krimena? Emakumeentzako kirol-kategoria bereizien alde egotea; bestela esanda, emakumeek beraientzako soilik diren kirol-kategorietarako eskubidea izatea.

Halako burutazio gorrotagarri, higuingarri eta heretiko baten aurrean, Pablo Iglesiasek ohiko erretolika transidentitarioa libratu zuen. Lehenik eta behin, esan zuen Trans adierazpen orori egiten zaion edozein kritika gorroto-diskurtso nazia dela eta, beraz, Estatuak debekatu egin beharko lukeela (hain ederki autoritatera jotze hori txoil barregarria da, batez ere bere burua antiautoritariotzat duen jendearengandik datorrenean).
Gero, falazia klasiko bat erabili zuen, asoziazio bidezko desohoratzea: Tasia Aranguez Sánchez gutxietsi nahi izan zuen, argudiatuz Trump ere “trans emakume” deitutakoak (izatez gizonak direnak, gizaseme helduak) emakumeentzat bereizitako kirol-kategorietan sartzearen aurka dagoela. Izan ere, mundu guztiak daki, baldin lurra borobila dela esaten badu Marine Le Penek, orduan laua dela. Falazia horrek, soil-soilik, ezkerreko jendeak politikaren ikuspegi guztiz bitar eta absolutu, kasik erlijioso bati eusten dion bitartean baino ez du funtzionatuko. Ikuspegi horren arabera, politika halako kontrakotasun batean datza, ongiaren eremu baten (ezkerreko alderdi eta korronte nagusiak) eta gaizkiaren eremu baten (eskuina, ezkerreko pertsona zenbaitek defenda ditzaketen ikuspegi ez-ortodoxo guztiak ere barne-bilduz) artean. Terminoak alderantzikatuz, hau ere aplika dakioke, jakina, eskuinean nagusi den politikaren ikuspegi bitarrari ere.
Azkenik, dena parekidetze absurdoen meta baten azpian itotzeko, Iglesiasek gogoratu zuen Giorgia Meloni Italiako presidente ultraeskuindarrak Imane Khelif gizon bat dela salatu zuela -oker, bere ustetan-. Horrek frogatuko luke, bere iritzian, “transfobikoak” naziak direla. Edo horrelako zerbait.

Hala ere, 2024ko azaroan argitaratutako txosten mediko batek, zeina bertan aipatutako erakunde medikoek orain arte ez baitute gezurtatu (Parisko Kremlin-Bicêtre ospitaleak eta Aljerko Mohamed Lamine Debaghine ospitaleak), dio Imane Khelifek 46 XY kariotipoa duela (kariotipo maskulino tipikoa) eta “5-alfa reductasa eskasia” izeneko intersexualitate mota bat, gizonezkoek baizik ez dutena. Sindrome horrekin jaiotako mutilek pubertaroa eta giharre-hezurren garatzea tipikoki maskulinoak izaten dituzte.
Hori jakinda, nola esan ote dezakegu Imane Khelif emakumea dela? Txosten hori aipatzen zuen artikulu batean, aspaldidanik aldarrikapen transgeneroen alde suharki lerratua dagoen Libération egunkariak bi argudio eman zituen:
1. Nortasun-agiriek hala adierazten dutelako.
2. Khelif “emakume gisa sozializatua” izan omen zelako.
Lehenengo argudioa ergela da, dokumentuak norbaiten sexuaz dioenak ez baitu pertsonaren errealitate fisikoa zehazten, baizik eta dokumentu horiek ekoizten dituen burokraziaren begietara zein kategoria sexual dagokion, besterik ez.
Bigarren argudioa ergela eta sexista da, izan ere, esan nahi baitu “emakumea emakume gisa hazitako edozein pertsona” dela. Ikusmolde horrek “emakume” terminoa portaera eta janzkera estereotipo multzo batekin parekatzen du. Logika horren arabera, emakume gisa (hau da, estereotipo erreakzionario batzuen arabera) hezia izan ez den emakume bat ez da emakumea.
Laburbilduz, bederen nahiko argi egon beharko luke honezkero, nahaspila handia dagoela eta asko dagoela eztabaidatzeko horrelako ideien gainean, Iglesias bezalako trans mugimenduko sektarioek dogma gisa inposatu eta haien inguruko eztabaida oro debekatu nahi badute ere.

Pablo Iglesias, Irene Montero, Echenique, Belarra eta troupe guzti hori “ezkerreko” minbizia izan dira.
Gaur egungo “ezkerra”, ultraeskuin progre liberala besterik ez da.