Orbanik gabeak

Orbanik gabeak –

Xabier Euzkitze Noticias-en.


Orbanik gabeak
Arg: @koldo_tellitu

Horma-irudiak egiteko moda ez hain berriak emaitza gustagarri asko jartzen dizkigu begien bistan. Lazkao Txikiren bat bada Ordizian, handi eta dotore askoa, haren izaera txiki-handiaren metaforatzat ederki balio dezakeena. Nextor eta Aitor Otaño aita-semeek egin zuten, Emaneurre taldeak sustatutako diru-bilketaren sosekin. Ez omen zen denen gustuko hautua izan, talderen batek esan omen zuen Joxemielena ez zela feminismoaren ikuspegitik zabaltzeko moduko eredua. Ados egon naiteke hein batean: feminismoaren ereduak bultzatzeko horma-irudi bat egin behar balitz, balegoke indar eta motibo handiagoko pertsonarik. Beste kontu bat da alor batean eredugarri izan ez diren –edo izan ez direla deritzoten– pertsona oro ahanzturara kondenatu behar dela ebaztea.

Gatozen gizarte-modutik etorririk ere, hamarkada gutxi aski izan dira naturaltasunez eta kontzientzia-kargurik gabe hedatzen ziren mezuak guztiz desfasaturik geratzeko. Bilakaera hori egiten saiatu ere egin ez den jende asko dago, jakina, eta saiatzen ari direnek ere galtzak bete lan dute mendeetan zehar gure ohitura eta jardunbideetan itsatsita geratutako kraka garbitzen. Bakoitza norbere iraganeko ideiak, testuak edo bertsoak egungo begiekin gainbegiratzen hasiko bagina, lotsa-emangarri gertatuko litzaizkigukeen arrasto ugari aurkituko genituzke. Orbanik gabeko ereduak soilik onetsi behar gabenitu, umezurtz geratuko ginateke. Testuinguruak ez du dena justifikatzen, baina hori kontuan hartu gabe ez geneukake beharleku makala horma-irudiak eta kale-izenak ezabatzen, estatuak eraisten eta kamisetak erretzen, ezkerrak mitotzat dituen hainbatenak barne.

Orbanik gabeak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.