Okerrago litzateke bestela
Okerrago litzateke bestela –
Juan Zubillagaren omenez, Zubi bihotzean, hasten dut urteko azken zutabe hau berak, duela hogei urte baino gehiago, gomendatu zidan El hombre anumérico. El analfabetismo numérico y sus consecuencias liburua gogoratuz. Izan ere, garai hauetako kezka eta gogoeta askori moldea emateko balio duen irakatsia dakarkigu liburu horrek, asko baitira gure pentsamendu ez-zenbakizkoa, «anumerikoa», salatzen duten gauzak eguneroko bizitzan.
John Allen Paulos autoreak dio hitzaurrean zenbakizkotasuna (zenbakiekin eta probabilitateekin moldatzeko gaitasuna) areago galtzen dela ziurgabetasunen aurrean. Halakoetan ugaritzen diren sineskeriak, besterik gabeko batera-gertatzeak balio magikoz janztea eta abarrak zenbakizkotasunik ezarekin lotuta daudela erakusten zaigu liburu horretan pausuz pausu, adibidez adibide. Numerikoki pentsatuko bagenu, terraplanismoak arrakasta gutxiago izango lukeela alegia. Dena den, erraza da terraplanistez barre egitea. Ez da egongo aldizkari hau irakurtzen dutenen artean bakar bat lurra laua dela aldarrikatuko lukeenik. Apustu egingo nuke ezetz. Baina mutur horretara iritsi gabe, badira zenbakizkotasunik eza salatzen duten beste zenbait jokabide, beste zenbait aldarrikapen, esaterako estatistikak nola ulertzen diren edo, hobe, nola ez diren ulertzen eta nola horrek bide ematen dien manipulatzaileei. Gutxi dira konturatzen direnak ematen zaizkigun datu kopuru ugarien aurrean gehienak ez direla elkarrekin alderagarriak.
Probabilitate kalkuluen oinarriak ez menperatzetik dator halaber egun maiztasun handia duen zerbait: zientzialarien aholku eta iragarpenetatik sortzen diren gure beldur handiegiak. Handitasun horretan ere azientifikoak diren beldurrak, bestalde: ematen du txertoak birusak berak baino gehiago ikaratzen duela jende asko.
Nago, dena den, pandemia honetan zenbatzen ez dakizkigun zenbakirik larrienak hildakoenak direla, eta gaixotutakoenak, eta horiek zaintzeko lehertzen ari diren sendagile, erizain, garbitzaile eta gainerako langileenak. Ahaztutzen zaigu horiekin zenbat eta zenbat diren nigarrak, hutsuneak, ingurukoen oinazeak. Lanik gabe geratu edo geratuko direnena ez da garrantzirik gabeko zenbakia.
Uste dut zenbaki horien balioaz benetan jabetuko bagina, bost axolako litzaigukeela Eguberriak nola ospatu, ospatzea bera ere… Ohartuko ginatekeela ez ospatzea baino okerrago litzatekeela (izango dela?) hildako eta gaixoen kopuruak bazkatzea. Baina ez, segi dezagun gure pentsamendu magikoarekin, begiak itxiaz mamutik ezkutatzeko, umetan bezala sinetsiz zerorrek ikusten ez baduzu ez zaituztela ikusten. Gainera, sinesten jarrita, nola txertoa badatorren, akabo arazoa!
Akabo arazoa? Zenbat txerto erosi dituzte herrialde aberatsek? Zer gertatuko da Afrikan edo Guatemalan? Berriz, errealitatea gordin ematen duten zenbakiak.
Babesteko bil gaitezen gure zilborraren ingurura jana dugun bitartean eta lotarako leku goxoa eta osasuna, eta kexa gaitezen maskararen deserosotasunagatik, esan dezagun ozen kokoteraino gaudela betaurrekoak lanbrotzen zaizkigulako. Ahaztu gure zorteaz, gure pribilegioez. Ahaztu bestela askoz okerrago litzatekeela, besterentzat, beste asko eta askorentzat, askoz okerrago dela eta, ziurrenik, are okerrago izango dela. Ahaztu eta, gure kalte txikiak puztuta, edan dezagun maskarak kenduta.
…
Galde 31 negua/2021
Badirudi Afrikan txertoen behar handirik ez dutela izango. Izurri honen eragina oso txikia omen da. Sinesgarria da Oñaederrak lau haizetara zabaldu nahi duen sentiberatasun hori?