Ohituretan gatibu
Ohituretan gatibu –
Zer den heztea, zer den hezkuntza, esatea ez da samurra. Asko esan liteke, eta motz gelditu ere. Gehitzetik asko du, ezin uka; kentzetik baina, zikiratzetik ere zer edo zer, zerbait sikiera. Bigarren honi gutxi erreparatu ohi zaio. Arnold Gehlen filosofo eta soziologoak garaian erreparatuta moduan, gabetuak, guztiz gabetuak, jaiotzen gara; espezie gabetua da gurea, kulturaz bestez ezingo dena ingurunera egokitu Gabetuak, izango garen hori guztiz izankizun delarik, gara munduratuak. Konbikzio ezin dudatuzko horrek baldintzatzen gaitu guztiz, gerora heztea zer ote litekeen ulertzeko orduan. Hori horrela, kultura jasotzea, hezituak izatea beste biderik ez dugu gabezia horretatik aldentzeko, gabezia delako hori zerbaitekin bete ahal izateko. Gehietzetik du hortaz asko hezteak. Eta orduan nolatan, zer nola, izan dezake bateratsu kentzetik, gutxi bada ere kentzen zaigun hori? Nolatan bada gabezian murgilduriko bati deus kenduko? Nondik nora bada?
Hasteko eta bat, hezteak norberarengan usantzaren bat ezartzea du abiagune. Gero gerokoak, baina aurren-aurrena ohitu behar gara, ustatu, honetara zein horretara, baina, oroz gain, gero eta ohitura gehiago geure egitera ohitu behar gara, ohitzera ohitu behar gara aurrena. Honetara usatu, eta ez beste honetara, ez gainontzeko bestelako hauetara guztietara. Zer da ikastea bada, “hau honela eta honela dela” betiko esatera usatzea baino? Eta zer da “hau honela eta honela dela” esatea? Bada, aurreko hori esanez batera, baita “hala eta hala ez dela, bestela ez dela” betiko esatea ere.
Baina, ez gaitezen engaina, heztea, zeri baiezkoa eman eta zeri aldiz ezezkoa eman bainoago, askoz harago doa. Norbera behin usantzaren gurpil geldiezinean sarturik, ezin jada sekulan hortik atera, hortik aldendu: “Usatzaite goizean goiz iaikitzen, eta oren hartan iratzarriko zara. Usatzaite anhitz iaten eta edaten, eta bethi hala nahiko duzu” (AXULAR, Gero, 62).
Ohitze zein bakoitzean dugu etsitzen, dugu paradoxikoki eta kontresankorki, bai lasaitua hartzen, bai, bateratsu, amore ematen; harturiko usantza bakoitzeko dugu hor eta horrekiko etsia hartzen. Ohitura, usantza bakoitzeko etsigarri bat.
Usantzak zerbait oso sakona errotzen du gure baitan, eta, behin berau guretuta, baiezko horrek guregan betikotzen duena ez ezik, askoz gehiago ere errotzen du gugan; handik hara, ohitura delako hori bertan-beheratzeak gogorik eza lekarkiguke, are, sarri ere, beldurra ere:
“Anhitzetan ere, dakigularik, hobe lizatekeiela darabilagun usantzaren uztea, eta hautstea, eztugu guztiarekin ere utzten, eta ez hautsten, zeren aldatze hura, hautsteko eta utztekoberritasun hura, gaitzi baitzaiku” (AXULAR, Gero, 62).
Heztearen prozesuak berak, bide zuzenetik joan zein ez, badu beti bere alde zer edo zer onik; beti ere beti norabait garamatza, beti buru ematen dio bere xedeari: “Bada erraiten duenik, eta egia: haurretik pozoin iaten usatzen dena, azkenean pozoiñez haz ditekeiela, eta mantena” (AXULAR, Gero, 62).
Igor Goitia
“Are abre mutuek ere eztute, bere leheneko usatua, edo
ETSIGARRI bat bedere izan gabe, lehen izan diren ostatuetarik, aitzinat iragan nahi.” (GERO, 62)