Ohikoa baino handiagoa

Ohikoa baino handiagoa –

Ohikoa baino handiagoa

Nik ere beldur pixka bat diot kazetari jendeari. Ez da aurriritzi hutsa. Ni ere ofiziokoa izana naiz. 11 urtez –10 + 1– zikindu nintzen kazetaritza aktiboaren lokatzetan, eta bitarte horretan, aitor dut, hamaika aldiz sartu nuen hanka. Behin edo behin, istaperaino. Gogoan dut, konparaziorako, poliziak alderdi abertzale bateko militante iruindar ezagun bat eraman zuenekoa. 1979-80 zirimolatsuetan geunden, eta ni ikasketak bururatu gabeko kolaboratzaile ondu gabea. Zirt-zart, ziegaratua nola eta Estatuaren errepresioaren biktima gisa aurkeztu nuen horren kontura lardaskatu nuen albistean. Biharamunean, latzak aditu behar, zinez latzak. Hara, morroiaren atxiloketak ez zuen deus ikustekorik haren militantzia politikoarekin, baizik eta Zigor Kode arruntak hemen ez ezik mundu guztian zehatzen dituen bertzelako jarduera batere ez eredugarriekin. Tarteak tarte, halako pasarteaz oroitu naiz Pablo Gonzalez euskal kazetariaren auziak azken hilabeteetan hartu duen itxura ikusita. Ni ere asaldatu nintzen, bertze hainbat bezala, duela hiru urte, Ukrainako gerla hasi berritan, Polonian atxilotu zutelarik. Niri ere sinestezina iruditu zitzaidan haren kontrako akusazioa, alegia, Errusiaren aldeko espioitza lanetan zebilela. Nik ere gaitzetsi nituen Espainiako Gobernuak auzi honetan agertutako pasibitatea eta euskal erakundeen epelkeria. Horren gaineko manifesturen bat sinatu ez ezik, nire arrastoa ere utzi izan dut bidegabekeriaren kontrako izkriburen batean. Jakina denez, Gonzalez egun libre dago azkenik. Joan den udazkenean Putinek berak ongi etorria egin zion Moskun. Poloniako justiziak, bertzalde, bertan behera utzi berri du haren kontrako prozedura, preso ohia herrialde horretara “berragertuko ez delakoan”. Pozten naiz, egiaz, Pablorengatik, baina niri, bertze hainbati bezala, tonto aurpegia gelditu zait honekin guztiarekin, erran nahi baita, ohi baino tonto aurpegi handiagoa.

Noticiasen argitaratua

Ohikoa baino handiagoa

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

15 pentsamendu “Ohikoa baino handiagoa”-ri buruz

  • Putinek egin zion harrera ikusi ondoren, hobe luke isilik egitea.

  • Amonamantangorri 2025-03-20 01:40

    Niri ere harrigarria iruditu zait, nola izenpetu ote zuen Aingeru Epaltzak Pablo Gonzalezen gaineko manifesturen bat, bere arrastoa utzi zuela bidegabekeriaren kontrako izkriburen batean….

    Ah, bai, Noticias taldeak ERE egin ondoren. Bestela, porlos.

  • Baina honaino iritsita, norbaitek zalantzarik al du Pablo Gonzalez espioia BADELA baieztatzeko?

    Galdetu bestela Boris Nemtsov disidentearen alaba den Nemtosova-ri. Berak frogak ditu Putinen espioia zela, prentsan atera da honi buruzko informazioa.
    Ze gezur handian bizi garen oinezko arruntak, nola engainatzen gaituzten!

  • Nire irudipena da, Putinek harrera egin ziola itsasoan edo mendian errusiarrek erreskatatutako zauritu bati bezala. Putinek erakutsi nahi zuen berak ere zerbait lortzen duela eta Pavel, errusiar herritarra ere izanik, parean tokatu zen.
    Pablok garan argitaratutako artikuluan dioen bezala, Bidenek ongi etorria egiten dien kazetarien “profesionaltasuna” ez da zalantzan jartzen.
    Nire iritziz, Ukainako gerran Errusiaren aldeko agertuko zen Pavel, baina espioitza egitetik urrun.
    Baina ni Mailu dinastiakoen zerbitzari bat besterik ez naiz.

  • Mikel Haranburu 2025-03-20 11:27

    Pavel Rubtsov – Pablo Gonzalez ez zen “patera batean Moskura iritsi”, eta Putinen parean suertatu; Poloniak eta Errusiak preso truke handi batean sartu zuten, eta Putinek berak ongietorria egin zion, gainerakoei bezala.
    Ziuraski, Poloniarentzat Pabloren kazetari profesionaltasunak ez zuen garrantzirik, Errusiarentzat, ordea, profesioak garrantzia zukeen. Poloniako auzitegien boterearen gainetik, bi estatuen arteko adostasuna izan zen bera eta gainerakoak trukatzeko.
    Kiosko batean krispeta eta txufa saltzaile izan balitz ere, bere profesionaltasuna ez zen garrantzizkoa izanen. Espioi lana egin zuenetz, berak daki, eta apian Putinek ere. Poloniak susmoak zituela argi dago. Beste kazetari asko ibiliko zen inguruetan, baina ez dirudi beste inor atxilotu zutenik.
    Bestalde, Errusiaren OSO aldeko agertu izan ez balitz, eta bai Ukrainaren aldeko, beharbada Putinek asasinatzeko agindua emanen zukeen, bestetan egin bezalaxe.

  • Pablo Errusiaren kanpo politikaren oso aldekoa da, bai. Horrek espioia dela esan nahi du hala?

  • Mikel Haranburu 2025-03-20 21:03

    Eta Athleticzale ere izan daiteke, baina Putinek ez zukeen hartu horrexegatik… Kontua argitzeko, bi aukera: Pablok berak argitu, ala Putinek berak. Inoiz ez dugu jakinen. Susmo handiekin geratu beharko.

  • Nire irudipena da artikulu hau egilearen beste hanka sartze bat dela, eta frogatzen duela gurean ezarri den Errusiaren (eta batez ere, Putinen) aurkako propagandak eta zentsurak zer kalte egin duten. Eskerrak Pablo Gonzalez (kazetaria izanda ere, bere ideiei uko egin beharko ez liokeena) aske dagoela. Nire elkartasuna eta miresmena.

  • Mikel Jaranvuru: Pablok errusiar nazionalitatea dauka. Pertsona bat ez daiteke bi urtez preso eduki bere kontrako kargurik aurkeztu gabe. Polonia estatu faxista izan da orain gutti arte, eta da. Hobe zukeen Aingeru Epaltza Ruiz de Alda, ……

  • Mikel Haranburu 2025-03-25 13:25

    Bai Nagoretxu. Ez pertsona bat eta ez espioi bat; bi urte askotxo da. Eskerrak beste estatu faxista bat etorri zaion babestera, baina kargurik ez egotea (nola dakigu hori?) ez da errurik, edo orbanik, ez izatea. Polonia estatu faxista izateak ez du zerikusirik Gonzalen ibilerekin. Agian Errusiar nazionalitatea gorde izan ez balu…
    Estatu guztiak faxistak dira, bestalde. Baita Errusia bera ere, pentsa…

  • Nik ez dakit Pablo Gonzalez espioa den, baina Putinen harrerak ez du ezer demostratzen. Jarri Errusiaren lekuan: Europako herrialde batek errusiar herritar bat atxilotu du ustezko espioitzagatik. Errusiaren eginkizuna da bere herritar horren alde jokatzea. Berdin egin zuten yankiek Errusiak gatibu zeuzkan kazetariekin, eta inork ez dio hemen haiek espioiak zirenik, ezta? Ez da ideologia kontua, logika baizik.

  • Beno, beno, beno. Hemen babukerien mugara ari gara iristen..Agian nazionalitate errusiarra, hau da, bere berea, gorde izan ez balu? Baina zer ost.. ote adierazi ahi duzu? Pertsona batek, zu ongi etorriko aldekoak zara, bere nazionalitatea ezkutatu behar duela? Ostia hi!

  • Bolintxurekin ados. Poloniak beste edonor atxilotu eta espioi lez saldu izan balu medioetan, berdin berdin egingo zion ongi-etorria Putinek (Putin faxista horrek, bai).

  • Mikel Haranburu 2025-04-01 20:15

    Putinek talde oso bati egin zion harrera, eta talde hori osoa zen preso trukearen subjektua. Pablo edo Pavel zerrendan sartua zen, Putinek edo bere morroiek sartua. Ez zen kasualitateaz agertu Errusian, eta Putinek jatortasun zioaz agurtu. Putinek Poloniatik erakarritakoa zen, eta Poloniara beste gizakume saldo bat bidali zuten; preso truke politikoa izan zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude