Ogibide

Ogibide – 

Adierazgarria da -oso- hizkuntza erromantze gehienek (travailler, traballar, treballar, trabalhar) latineko etimo beretik tira egin izana ogibidea -ogia lortzeko egiten duguna- izendatzeko. 

Irudiaren kreditua: Kate Remmer

«Tripalium»-tik abiatzen dira; jatorrian animaliak ferratzeko edo markatzeko erabiltzen zen tramankulua eta gero jendea torturatzeko oinaze-zaldi bihurtu zena. Benjamin Veschik, etimologia.com-en, oso ondo azaltzen du tormentu hori zertan zetzan, eta bere konnotazio-balioa: «tripaliare». Deigarria da nekazaritza-munduan, (laboratzea), zientifikoan, (laborategian), akademikoan, (elaboratzen) edo bizitza monastikoan, (ora et labora), «laborare» sustraia nahiago izan genuela.

Adierazgarria da ere -oso- euskeraz “landu”, aditu batzuen arabera, latineko “planctum” (llanto) etortzea. Bitxia da ingelesek Bibliako Job pertsonaia jasankoraren izena erabiltzea lana izendatzeko: Jobek hamaika ezbehar jasaten ditu. Bestalde, “work” hitza protogermanikotik -”werka”- dator (esfortzua). Laburbilduz kultura gehienetan lana zigor gisa ulertzen dugu, sufrimendutzat; estiratzat.

Lanera bueltatzekotan gauden data hauetan gogoeta hauek eta beste batzuk sortu zaizkit; nik ere izan dut oporren osteko sindromea; egun, gau batzuk behar izan ditut nire «tripalium» -ari, nire lanari, zentzuren bat aurkitzeko. Ez legoke batere gaizki hausnartzea zer ekartzen digun gure lanak, zein neurritan aberasten edo astotzen gaituen; ea duina den, ea definitzen gaituen; zenbateraino, lanbide gisa gure izenaren azpian agertzen den termino horrek, deskribatzen gaituen. 

Gai hau Isaac Rosaren narrazioek eta eleberriek ederki islatzen dute. Bere “Tiza roja”-ko ipuinei esker, edo “La mano invisible” bezalako eleberriei esker –David Maciánek zinemara ederki eramana–, hobeto ulertzen dugu zer den lan-prekarizazioa eta zer dakarkigun horrek. Protagonistek harreman toxikoa mantentzen dute egiten dutenarekin, egitera behartzen dituztenarekin. “Ofizio”, ogibidea, nortasun, zentzu bat ematen ziena, disfrutatu ere egiten zutena, labirinto bihurtzen da. Bereziki hunkitzen gaituzte igeltseroaren burutazioei emandako orriek: inoiz ez dugu pentsatzen bizi garen eraikina, egurats gorrian, altxatu dutenengan; nori zor dizkiegu zoriontsuak garen espazioak, gure seme-alabak sortzen ditugun guneak, makarroiak prestatzen ditugun edo hil ere egiten garen metro karratu horiek; nori zor dizkiogu hotzetik eta gauetik babesten gaituzten hormak.

Gure lanbideetan bizi ditugun sentimenduak agertzen dira -“Lugar seguro” edo “El país del miedo”- Rosaren narrazioetan.  Konplizitatea baina beldurra ere. Konfiantza eta alienazioa. 

Isaacen literaturarekin José Antonio Gonzálezen izena datorkit gogora, bero-kolpe baten ondorioz Vallecasen hildako kale-garbitzailea; betiereko bitartekotasunak, enplegu publikorik ez sortzeko Administrazioaren azpikontratazioak eta abar. Ezkutuko ekonomia, autonomo faltsuak, bizikletako banatzaile akituak. Esklabotza mota berriak.

Ez, ez legoke batere gaizki data hauetan  pentsatzea ea ogia lortzeko egiten dugun horrek garatzen edo kirtentzen gaituen; ea duina den, ea definitzen gaituen; Ea ados gauden gure izenaren azpian agertzen den hitz horrekin.

Ea bizia ematen edo kentzen digun.

En fin.

Ogibide

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude