Oda bat kafeari
Oda bat kafeari –
Ez da iragarkietaz fidatu behar. Benetan. Ez da iragarkietaz fidatu behar gezurrak besterik ez baitituzte esaten. Zikinkeria ez doa BANG! batean, Villa-abajoko herritar guztiak ez dira inoiz elkartzen paella elkarrekin jateko eta herriko eskoba txapelketa galdu zuen herritarrak are gutxiago egiten du harrikoa irribarrez. Eta ez, loctite ez da gehiena itsasten dena.
Batez ere azken horrek sutzen nau. Ez baitago gezur hori baino handiagorik. Eta bestela, zer demontre gertatzen zaie nire izarei udazkeneko lehen hotzarekin ohetik jaikitzea tokatzen zaidanean?
Baina, badakizue, lehenengo fruta lapur horien erruz betebeharrak ditugu goizero. Eta zorabiatzeko moduko esfortzu baten ondoren oinak goxotasunetik atera behar izaten ditugu glaziazioari aurre egiteko.
Puntu horretatik aurrera gizabanako bakoitzaren errutina aldatu egiten da. Batzuk jaiki eta berehala dutxatzen gara, beste batzuk nahiago dute lehenago gosaldu, eta badaude aurreko eguneko gauean dutxatuta nahikoa dela erabakitzen duten zoro batzuk ere[1]. Nik behintzat goizero dutxatu behar dut gauero iraultzan altxatzen diren ile guztiak baretzeko.
Eguna hasi denetik minutu gutxi batzuk besterik ez dira pasa eta dagoeneko lau aldiz igaro dugu hasperenen zubia. Eskerrak goizero suizidio ideia burutik kentzen digun hori datorren jarraian (presaka gabiltzan egunetan ezik). Bai, kafeaz ari naiz. Goiz hotz horietako kafe bero bat. Egiten ari den bitartean askatzen duen aroma hori da sudurretik sartzen dugun gauza plazenteroena[2].
Eta ondorengoa… ai ondorengoa… mahai aurrean eseri, kikara beroa aurrean utzi, hozten den bitartean lo hartu, gero esnatu, sukaldeko orratzen erlojua begiratu, berandu zoazela ikusi, sustoaren eraginez kafea bota, jainko zahar eta berri[3] guztiei biraoak bota eta presaka etxetik atera bazkalostean hartuko duzun kafe horretan pentsatzen.
Egunerokoari aurre egiteko motibazioak behar dira, eta zalantza izpirik gabe handiena kafe kikara on bat da. Bestela galdetu funtzionarioei.
[1] Hala ere, inoiz “ni goizero ur hotzarekin dutxatzen naiz” esaten entzuten baduzue inor aldendu ezazue zuen bizitzetatik. Horien bizilagunak dira eta handik gutxira telebistako berrietan “Pertsona normala zirudien, igogailuan beti agurtzen ninduen” esaten agertzen direnak.
[2] Datu hau ezbaian jartzera ausartu diren pertsona urduriak ezagutu ditut…