Objektibotasunak balio ez duenean…
Objektibotasunak balio ez duenean… –
Errealitateari, gertakari bati, bizitako zerbaiti aurre egin, eta berorien gainean jardun, beroei buruz zer edo zer esan edota beroien berri bere osoan eman nahi dugunean, bi izan dira egitekoari ekin moldeak. Mendebaldean, objektibotasun ahalik eta handiena iritsi behar dugu, eta berorren maila altua bada, aurkezturiko delako hori fidagarri eta onargarria irudituko zaigu. Objektibotasunak lotura “eten” bat du eskakizun, edota, bestela esanda, “loturazko” eten bat, alegia, kontu ematen ari gareneko delako gertakari horrekiko gertutasun neurtu bat geneukake hobesgarri ezagutza objektiboa izan dadin, gertutasun neurtu bat, halako moldez, non, deskribaturiko fenomeno horrekiko urrunegi egon gabe, berorren parte ez izatea eskatzen zaigun. Objektiboak izango bagara, saihestu behar dugu hortaz ezagututako horren baitakoak izatea, berorren arte eta parte izatea. Hortaz ertzetik-edo mintzo beharko ginateke errealitateaz. Delako ertz hori ez dakit errealitatearen azken mugarritzat jotzerik ote izango genukeen, edota kasik jada errealitate hori jada ukitu ez, eta errealitate horretatik guztiz kanpoko kokagunetzat har genezakeen jada. Oreka zaila, nekez lortzekoa, eta denboraren poderioz, ziurrenera, gaurko mugaren ezpaletik azalduko zaigu biharko muga, oraingo ertzetik biharkoa.
Badirudi baina ezagutza paradigma metodologiko aipatu horri egokiago-edo iritzi diezaiokegula ezagutu beharreko hori gauzaki material bat bada, edota, gertakari bat, gizarte-fenomeno bat izanez gero ere, berau ondo ere ondo zehaztua, zedarritua eta errealitatea osoaren mihisetik ondo asko erauzia badugu. Badaude baina gertakari “handitzat”, bizipen “handitzat”-edo jo genitzakeenak; eta bigarren horien berri eman gogo izango bagenu, justu beste muturrekoa izan beharko dugu gure ezagutu bidea. Gertakari “handi” horien berri nahi izanez gero, gertakariaren arte eta parte bilakatu beharko gara. Errealitate horien gainean izan genezakeen ezagutza bakar-bakarra beroien parte, beroien baitako, izatetik bestetik ezin lortuko dugu. Hemen ez dago objektibotasunez hitz egiterik. Hemen objektibotasunak, berau iritsi nahi izateak, dena ilundu luke, dena hutsalduko eta zapuztuko. Hemen zinezko ezagutze ahaleginak errotik gaitu eraldatuko, ezagutu nahi izandako horren baitako bilakatuko eta ezagutzearen ezagutzez, azkenerako, ezagutu gogo izandako hori gu geu, edo gure baitako zerbait, izanaraziko, jada gu garen zerbait bilakaraziko.
… Ezagutuz izan arte
Gaua gauetik dakusagu
Eta eguna egun-argitik
Baina nola ikusi gaua egun-argitik?
Edota, nola egun-argia gauetik?
Nola ikusi ur-sakonetik ur-azala?
Nola ur-azaletik ur-sakona?
Nola solastatu errealitateaz errealak izanez ez bada?
Nola errealak izan errealitatez atergabe mintzoz ez bada?
Baina… ba al dago errealitateaz mintzo gabe errealak izaterik?
Baina… ba al dago, inolaz, munduaz mundu-ertzetik hitz egiterik?
Baina… ba al dago instant batez sikiera bada ere, mundu-ertzean, mundu aurrean egon-egoterik?
Objektibotasunak balio ez duenean…