Nire eginbeharra? Izatea, izatea baino ez
Nire eginbeharra? Izatea, izatea baino ez –
Gelassenheit-ekin loturik-edo dagoen lasaitasun-naretasuna ez da inondik inora orain artean ezagun zaigun lasaitasun mota. Honako hau guztiz bestelakoa da. Gauzekiko, errealitatearekiko, edota edozerekiko atxikimendu-lotura guzti-guztiak zeharo bertan behera uztetik segitzen den lasaitasun guztizkotzat dugu hau. Alabaina, atxikimendu, errotze berri bat ahalbidetzen du, atzean utzitako etxeko sutondora bueltatzea ahalbidetuko diguna.
Gelassenheit delakoak ohikoa ez zaigun jarrera bat sortarazten digu, eta, bateratsuki, jarrera horrek Gelassenheit-a ere sendotu-elikatzen du. Gure ohiko jarrerek “zertarakotasun” batekin dute lotura; hau edo beste bilatzen dute, desiratzen dute, edo, oro har, hau edo beste hori dute jo puntuan. Eta helburu hau edo bestea dugularik, horren gauzatzearekin batera, gu geu hau edo beste hori izan nahi dugu, edo honelako edo horrelakoak izan nahi dugu. Jarrera berri honek baina ez du ezer gutiziatzen, ez du ezerekiko loturarik batere. Izatea baino ez du aintzakotzat, jada garen hori, jada den hori baino ez du aintzakotzat.
Halere, aipatu jarrera berri hau ez da inondik inora jarrera harberarekin, pasiboarekin edo konformistarekin nahastu behar, sarri askotan egin ohi den moduan. Des-objektibatze bat du eskakizun, kanporakori (gutaz kanpokoari) zein barrukoari (geure baitako horri) dagokionean. Hortaz, objektiboaz zein subjektiboaz haraindi dago. Finean, bi-biak direlako objektibatzearen emaitzak, zein bakoitzak bere erara. Are subjektibotzat dugun hori ere gure “egoarenak” barne-objektibatzearen ondorio zuzena da. Izanez ere, subjektiboak zein objektiboak gure bizirautea (bere zentzu zabalean ulerturik) dute xede, alegia, gu geu, izaki moduan, bizitzan aurrera nola egin zehazten digute.
Burutan hartzen ari naizen jarrera berri honi nork bere burua lotuz gero, ohiko gogamen objektibistaren mugak eta jomugak lausotuz joaten dira. Errealitatea baliatu ahal izateko eta ingurunean ekin ahal izateko gogamenak ezartzen dituen mugak pixkaka lausotuz joaten dira, jarrera berri honi atxikiz gero. Hartara, errealitateari, norberaz kanpoko errealitateari zein norbere baitako errealitateari, harrera on egiten zaio, berarekin bat egiten da. Errealitatea honelakoa edo halako izan, etsi onean eramaten da. Jarrera honen bitartez, norbere “ni”-ak pisua galtzen du, arinago bilakatzen da, eta, barruko eta kanpokoaren artekoa lausotuz, dena “orain”era makurrazia gelditzen da. Arreta ez da arreta fokalizatua, arreta lausoa eta orohartzailea baizik. Abesti on bat preziatu ahal izateko izan beharreko jarrera har genezake adibidetzat; abestiari bere berean izan dadin utzi behar zaio, bestela, berau xehe-xehe aztertuz gero, akabo bere xarma guztia.
“Izateak baino ez du zinez garrantzirik. Alferkeriarekin eta alferrik egotearekin lotu-lotutzat dugun hori baliotsua da oso Indian. Noizbehinka, eta ahal dela, albait gehienetan, “eta orain zer egin beharko nuke?” delako buruhaustetik libro egotea ez da, ez, gauza makala. Norberak presarik batere ez duen horretan, gogamena naretasunera lerratzen da, baretu egiten da eta antsietatik guztiz askatzen da. Eskuarki entzuna izan ahal izateko sotilegia den isiltasuna hauteman ahal izango da garbi horrelako egoeretan… Horrelakoetan kezkek kezkatua egotetik aske gelditzen da norbera. Izan baino ez du egin behar. Ez da ezta geldirik egon behar ere; izanez ere, hori egingo balitz, hori bilakaraziko litzateke eginkizun. Norberak ez du zertan zoriontsu izaten ahalegindu, eta, hortaz, eginkizun horretan tematuz inoizkorik zorigaiztokoen bilakatu bere burua. Izatea, garen hori izatea, baino ez dugu eginkizun, izan baino ez, arreta handi-handiz izan eta “banaiz” esan geure buruari. Denborarik gabeko egoera batean baikeunden”. (NISARDAGATTA, Yo soy Eso, 811. or.).
Igor Goitia
Nire eginbeharra? Izatea, izatea baino ez
Ezjakintasun sokratikoaz harago II
Ezjakintasun sokratikoaz harago