Nire buruaren lotsa
Nire buruaren lotsa –
Eta testu sorta luze honi bukaera emateko, egokia iruditu zait, nik beste pertsona batzuei sorrarazi ahal izan dizkiedan inoren lotsaren kasu batzuk, hemen apuntatzea, horrek erakusten duelako, nik ere kasu asko eta askotan, modu desegokian eta zuhurtziagabekerian jokatu dudala gurpil aulkia erabiltzean; honek frogatzen du, hemen inor ez dela erabat perfektua.

Esate baterako, 80ko hamarkadaren hasierarako-edo, baneukan gurpil aulki motordun txiki bat -lehenengoa-, baina berezitasun bitxi bat zeukana, alegia, bi bateriak atzeko aldean zeuden, baina zintzilik, hau da, goitik behera barra batean jarrita eta bermatuak; dilindan. Ondorioz, handik kendu nahi zirenean, konparazio baterako, nahikoa zen entxufea ateratzea, gora altxatu eta lurrean uztea.
Horiek horrela, egun batean, arratsalde erdian-edo, Etxarri Larraungo gure etxean nintzela, Behiko Bordan, alegia, mendi aldera joatea otu zitzaidan, paseo bat egiteko. Txistua aldean hartuta, hantxe abiatu nintzen poz-pozik Etxarriko bordetako bidean gora. Aurrerago, Etxarriranzko pista batean sartu nintzen, Unamendi pareraino iritsi arte. Han, ezkerrerantz jo, eta, Matxeneko Borda alderantz hasi nintzen joaten poliki-poliki, nire lehendabiziko gurpil aulki motordun hartan, baina bidea, gurdibide zahar eta oso koskatsua baino ez zen.
Gauzak hala, momentu jakin batean, bidean gune goratu bat ikusi nuen, baina, hala eta guztiz ere, huraxe iruditu zitzaidan tokirik aproposena aurrera egiteko, eta, handik barna hasi nintzen aitzina joaten. Halako batean, ordea, bat-batean konturatu nintzen bi bateriak lurrean arrastaka zihoazela. Zer gertatu zen? Ba, puntu goratu hura pasatzerakoan, zintzilik zihoazen bateriak, toki hartan trabatu eta beren lekutik atera egin ziren; lurreraino joan ziren. Zer egin behar zen? Ba, bateria kutxa hartu, altxatu eta berriz ere bere tokian zintzilik ezarri, beti egoten ziren bezalaxe. Nik, ordea, ezin nuen halakorik egin, eta, handik aurrera, nola konpondu arazo hura? Zer egin? Nola jokatu beharko nuke?
Gure baserritik kilometro pasatxora egonen nintzen behetik jota. Lehenik, neure burua lasaitzen saiatu nintzen. Gero, pixka batean pentsatu ondoren, txistua jotzen hastea erabaki nuen, ea norbaitek entzunda, bururatzen ote zitzaion niregana etortzea, ikustera zer gertatzen ari han, alegia, ea zergatik entzuten zen txistu soinua ezohiko leku hantxe, eta etengabe gainera. Bide batez esan beharra dago, Malloa mendilerro aldetik, hasi nintzela ikusten ekaitz txiki bat niregana hurbiltzen; horrek nire kezka handixeago bihurtu zuen.
Horretan ari nintzela, bat-batean Maria (Marea) baserriko alaba bat ikusi nuen niregana etortzen, oinez. Iritsi zenean, berehalaxe azaldu nion gertatutako guztia, eta, bera, segituan joan zen gure baserrira, berri ematera.
Handik minutu batzuetara, eta ekaitzaren lehen tantak iritsi baino lehen, gure anaia zaharrena autoz etorri, eta, nola edo hala, ongi moldatu zen ni eta gurpil aulkia ibilgailuan sartzeko. Geroagokoak ez zuen misterio handirik izan.
90eko hamarkadan ere, egin nuen, ba, beste azio xelebre bat, beste askoren artean, izan ere, egun batean, lagun batekin, ez al zitzaidan bururatu, ba, Baraibartik abiatu eta Albiasuraino joatea gurpil aulki motordun hartan? Aurrenik pixka bat gora, oker ez banago, eta, gero, goitik behera ia-ia Albiasuraino.
Bidea, gurdibidea edo traktore bidea zen, baina, gainera, oso hondatua eta gorabeheratsua. Batzuetan erdi arrastaka joan nintzen, eta, beste batzuetan, baita erdi trabatuta ere. Adiskideak behin baino gehiagotan lagundu behar izan zidan zuloetatik ateratzeko eta zenbait maldatan ez iraultzeko, baina, gainontzean, ez zitzaidan beste deus larriagorik gertatu. Azkenean, nola edo hala, onik iritsi nintzen Albiasuraino.
Handik Lekunberrira. Tarte hartan ere gure kabuz joan ginen, laguna oinez eta ni aulkian. Baina ongi gogoratzen ez dudana da, nola moldatu ote ginen, berreskuratzeko Baraibar herrian utzitako autoa.
Nolanahi ere, gaur egungo perspektibatik begiratuta, pentsatzen dut, orain ez litzaidakeela bururatu ere eginen halako ideia arriskutsurik, baina, jakina, duela 30 urte baino gehiago, argi dago baietz.