Ni neu izateko ezina

Ni neu izateko ezina –

Ni neu izateko ezinaGu geu izatea gustatzen zaigu denoi, hau da, ni neu izatea, norbera norbera berau izatea. Ni neu, nire ni baitako ezin intimoago hori, ni neu izatea, hori nahi dugu, hori oroz gain. Hori diote/diogu denok, den-denok, eta, gainera, denok modu beretsuan esanda. Baina… ez al gara ohartzen zer edo zer gaizki doala kontu honi dagokionean? Ez al gara konturatzen?

Gaizki, edo ez oso ondo, joate delako honetaz soberan nire hitzak, egia esatera, eta oso “klaseko listotxoarenak” ziur. Halere, zer edo zer esan beharra sentitzen dut gaurkoan, ezin isil-gordeka eduki nire hitzak. Izanez ere, zu zeu izango zara, edo, ni neu, ispiluan zeure burua islatuta ikusten duzunero, edota eskuetan, gustoko izan edo ez, zu zeu izateagatik egokitu zaizun NANa duzunean. Hori izango zara, zaren horixe hain justu, baina, aldi berean, bateratsu, “bestetariko bat” zara, gizarte porlandurako homologatu eta zenbakarri den horietariko bat baino ez. Ez da makala, ez, zaren bi horien arteko alde eta distantzia!, oharkabean pasa badakizuke ere, berorren ohartun batere ez zarelarik ere, eta, hortaz, inondik bikorik ez dagoela uste eta sinetsita egon bazaude ere. Edota, horrenbesteraino gabe, akaso biek al biek ondo asko egiten dutela bat pentsatuko duzu. Baina ez, besterik da kontua, oso bestelakoa da bien arteko harremana, gatazkatsua oso,egia esatera. Euren artean borroka betean ari dira atergabe bi-biak, atsedenik gabe.

Ez al gara konturatzen hainbat eta hainbatetan ez gaudela batere lasai? Ez al gara konturatzen geure bizitzekin ez gaudela batere konforme?, saltsa, anabasa eta istilu gehiegi, sobera, ditugula?… arazo nahikotxo, inolaz eta inondik konobide errazik ez dutenak, eta, kontuak horrela, guk zer egin, eta geure egoerarekin zerikusirik bat batere ez duen hurko gaixo horren kontra aritu, edo, gutxienez, uneko garrasi bat bota berorri, eta hartara gure ezin eramana arindu uste-edo.

Hau guztiazu azaltzen uste baino errazagoa da. Ez da batere zaila, baina sekulan sakatzen ez dugun tekla bat sakatu behar dugu horretarako. Politikaren baitako gramatikaren zirriztuetan barrena jardun behar dugu horretarako. Iraultza, borrokaldi, gatazka eta guda asko egon dira gaurdaino; horren berri eman nahi izan digu betiro historiak. Alabaina, horiek guztiorien atzean guda bat eta bakarra dago, bat baino ez, nahiz-eta berorri ezikusia egitea berau eman ahal izateko aurre-baldintza izan; bando batean norbera dago, bera berau, bere bizi-gogoarekin, bere grina, nahikari, desio, kezka, beldurrekin…; beste badoan, aldiz, administrazio zuzenbidean bere azken gauzapena duen gizarte porlanduak behartutako “ni”, edo “norbanako” zenbakarri hori.

Hau guztiau esanda, nor bakoitzak esango-ebatziko du, gerora, aipatu bi bando horietarik zeini deritzon zinez abstraktuago, eta zeini, aldiz, benetakoago edo errealago. Halere, argi izan dezagun, zin-zinez gerra horretan ari garela, beti bezala eta ohi dugunez, gerra horretan bete-betean ari garela. Eta besterik dioskuten horiek, hau da, bestelako gatazka eta liskarrak ahotan hartuta gure arreta desbideratuz, garen pertsona hori eta garen norbanako hori bakean daudela eta, talde mailan, herria den hori eta gehiengoa bake-bakean daudela dioskuten horiek gezurretan dabiltza, gezurretan dabiltza gurekin.

Ni neu izateko ezina

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude