Nazia izan baino lehen
Nazia izan baino lehen –

Kazetari ezagun bati berriki irakurri diot hedabideek, politikariek eta abarrek gauza anitz egiten ahal dizkiotela, iritzia aldarazi izan ezik. Orobat, han-hemenka irakurri dut naziei –erran nahi baita, Trumpi edo AfDi edo muturreko eskuineko edozein alderdiri– botoa eman diena nazia delako eman diela botoa, ezen ez ezkerrarekin desengainatua sentitu delako edo auskalo zein bertze ziorengatik.
Nazia dena nazia da, eta kitto.
Ongi da horrela adieraztea, gure gaitzespena azpimarratze aldera. Baina, gure iritzia aldaezina bada eta nazia dena sasi guzien gainetik nazi bada, orduan onartu beharko genuke urte hauetan guzietan alderdi politikoak alferrik aritu direla hauteskunde kanpainak egiten, zalantzatien botoaren xerka; onartu beharko genuke gure inguruan etsiturik ikusi dugun jendea ez dugula etsiturik ikusi, edo ziria sartu digula etsiturik zegoela erran digularik; eta, tira, nazi dena nazia da, baiki, baina ez zen sortzetik nazia izanen, noizbait bihurtuko zen nazi.
Nik ez dut uste, ez hurrik eman ere, ezkerra denik muturreko eskuinaren gorakadaren errudun edo arduradun. Baina ez dut uste nazi guziak betidaniko naziak direnik. Badira hainbat eraginpean nazi edo nazizale bihurtu direnak ere, hau da, iritzia aldatu dutenak, batzuei ezinezkoa iduritzen bazaie ere. Eta, nire iduriko, on litzateke ezkerrak bere buruari galdegitea alde ilunerako bide hori erraztu edo zaildu ote duen, noizbait huts egin ote duen, eta, hala balitz, zertan. Alegia, baietz, nazi bat nazi bat dela, baina autokritika pittin bat egitea ere ez legokeela lekuz kanpo. Nazi bihurtzeko batere asmorik ez dudan honen iritziz, bederen.
Ezkerrari autokritika eskatzea ere…Faxista alena!!!