Naturalaren aldeko sukar gaixotiaz…

Naturalaren aldeko sukar gaixotiaz… –

Naturalaren aldeko sukar gaixotiaz...Orain gutxi arte, naturaren alde egotea, natura babestearen alde egotea, oso postura etikoki txalogarria genuen. Egun baina, jada eginkizun etiko derrigorrezko bilakatu zaigu; ez luke jada aukerazko hautu bat izan beharko eta bai aldiz duda-mundatan ezin jarri daitekeen jarrera bat. Jada ezin bestela izan, planeta, klima eta baliabide gero eta eskastuagoen mutur aurreko panorama ezin beltzagoa kontuan izanik.

Horraino dena normal, dena espero izatekoa. Badago, dena den, beste zerbait “naturaren aldeko jarrera” horrekin batera, edo gutxienez bateratsu, irrist egiten diguna, eta hori zer eta “naturalaren aldezpena” dugu. Ezin uka batek bestearekin zerikusi ez gutxirik duenik, baina, berez-berez gauza batek ez du derrigor besterako derrigortzen. Horren frogatzat, esaterako, besteak beste, geroko batean haragiaren kontsumo maila apaltze aldera egiten ari diren ahaleginak berorren ordezko “kasik sintetikoak” sortzeko. Eikaduraz aparte, beste horrenbeste adibiderekin egin genezake topo, esaterako, etxe barruko altzariak egurrezkoak izan daitezen, bada, beste material artifizialen aldeko bultzada. Ikus dezakegu, hartaz, naturaren aldeko jarrerak ez dakarrela ezinbestean beti ere beti naturalaren aldekoa; eta, aldiz, maiz askotan, oso bestela ere da kontua, eta naturaren alde egiteak artifizialaren alde egitera eraman beharko gintuzke.

Kontuak horrela ere, ezin uka, bestalde, gizartean nahasmen ederra dagoenik natura eta naturalaren arteko dantza horretan. Eta maizenean, eta goian esandakoren justu kontrara, berez zertan eman ez den lotura hori egiten dugu; algia, naturarekin bat egiteak nahitaez naturalaren alde egitera eraman behar gaituela usteta egon ohi gara. Askotan hala da, eta kasu horietariko askotan ere, tartean dauden arrazoiak ez dira zertan guztiz ekologikoak izan, eta, aldiz, bestelakoak izan daitezkeela, hala nola, ekonomiarako irizpide etikoagoen alde egite aldera-edo, gertuko ekoizle txikiei erostea eta ez kanpoko enpresa handiei.

Kontuak kontu, niri, oraingo honetan, naturalaren aldeko moda neurriz kanpoko horrek piztu dit kezka. Naturalaren aldeko aldarria gero eta ozenagoa dugu. Gehiegizkoa dugula, esango nuke nik, neurri jota pasa gabiltzala kontu horrekin. Oso modan dagoela esan genezake, baina motz geratuko ginateke. Moda-kontuz haragoko kontua dugu jada. Politikoki zuzenaren egonleku derrigorrezkora igaro den kontua ere badugula esango nuke nik. Horren harira, aurrez aitor dezagun naturalaren aldeko norbere hautuak norberaren inguruko zaintzarekin (auto-zaintzarekin) duela zerikusirik gehienbat, eta ez horrenbeste denona den horren aldeko jarrera etikoarekin, naturaren alde egotea nola. Areago ere esango nik, eta auto-zaintzatik duen horri dagokionean, zera ere esango nuke nik, norbere zilbor hestearen inguruan zentratuegi egotetik segitzen den auto-obsesio erdi erlijiozko itsu horrekin dagoela hertsiki lotuta. Gaizki ulertutako mindfulness, yoga, piling, esfoliazioa, eguneroko hartualdi mutibitaminikoa…eta, nola ez, beti ere beti produktu zein praktika naturalen alde egin. Tamainan, ziur onuragarria; doktrina bilakatuta, ez dakit nik ba…

Honekikoan nago dena mutur-muturreraino eramana izan dela, gehiegitxo. Naturalaren izenenean epiduralik hartu nahi ez duten erditu hurren dauden zenbaitek hautu hau limite-limiteraino eramateko prest leudeke, limite-limiteraino egoeraren ezineramanak zabal liezaikeen ad infitium-eraino. Naturalaren izenean ere, kobitaren aurka nahiago gauza arraroak sartu txerto ezezaguna baino. Ezagutzen ditugun farlopa ere erruz hartutako asko eta asko naturalaren alde borroka sutsuan, eta itsuan, sartu zaizkigu, azkenaldian, deigarriki. Zer da bada enigmatiko izateraino ere ailega litekeen natural delako hori? Lehen “eskapulario” eta abarretara euren buruak entregatuaz bilaturiko supertxeriazko soluziobideetara euren burua emandako harako haiek, orain, zernahitarako terapiaz dute konpontzen dena delako hori, nieitx (new age) ekumenismoan murgilduta.

Kontua ez da erraz ebaztekoa, bistan da; misterio puska bat hartu ere hartu duela, agian aitortu behar. Asperdura asko dago gure giza-jende artean agian? asperdura eta agian betidaniko ignorantziak orain, wikipediakeria-nahasmenduaz, bere sintomatologia galdu du. Jende xeheak inoiz eta inolaz eskuratu beharko ez lukeen informazioa, orain, segundotan, erraz eta bara-barra eskuragai. Koktel perfektuena. Dakitenek ez dakitenez,hau da, medikuek, edo ez behintzat kobit bezalako zomorro ikusezina borrokatzeko adinean, nola horien jakintza mediku ezin zalantzazkoa orduko horretan erdi ustel ateratzen ari zen, edo, gutxienez, “laurden ustel”, atera zitzaigun…aske eta libre sentitu gara behingoagatik historian. Inork ez daki. Jakin uste zutenek azkenerako ez dakite, eta gu, masa-jendea, ezjakinetan ezjakinenak (gurea masa baztergabearen demasiak egosia den partetik), izatekotan, geu gera, txapeldunetan txapeldunak, bai kantitatean, bai ezjakin mailan. Gu, masa, txapeldun. Ezin kabituta gabiltza geroztik, txapel ezin buruan jantzirik.

Naturalaren aldeko sukar gaixotiaz…

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude