Mugalde-bizipenak zenbait autoreren ikusian
Mugalde-bizipenak zenbait autoreren ikusian –
Gauzak, gizartea eta mundua bestela begiztatu ahal izateko, egunerokotasunaren kolore bakarreko betaurrekoak bazter utzi eta “mugatik” edo “mugaldetik” deitu izan dudan kokapen horretatik ber-begiztatzen ikasi behar dugu. Gurea den mugalde hori berrezkuratzeari ezin-ezinbesteko deritzot, hor aldian-aldian geure burua kokatu ahal izateari, gizarte mailan zein norbanako mailan, politika mailan zein psike mailan. Izanez ere, “muga” deritzodan horretan lortuko dugu, agian, inoizko batean, gauzak zinez guztiz-guztiz bestelakoak izan dakizkigun, edota gu geu, zein bakoitza, guztiz bestelakoak izan gaitezen. Edota, akaso ez. Akaso garen horrek, edota gizarteak berak, den modu-modukoa izaten jarraituko du eta ezin izango dugu inolaz aldatu. Hortaz, agian, berez, kanpotik, itxuraz, gauzek, gizarte-errealitateek, gure mundu borrokek, bere-bere horretan jarraituko dute, itxura batean bederen batere aldatu gabe. Hala eta guztiz ere, ertzean, mugaldean, gauzek ezberdinkiro emango dute berea. Ertzetik zentzua, gizarte erdigunean partekatutako zentzu adostu politikoki zuzen bakar hori, ber-kozinatu daiteke behin eta berriz.
Noan baina arian-arian kontu honekin aurrera egiten. Nola baina? Zertaz ari naiz zehatz-mehatz? Nola gerta lekiguke errealitatea eguneroko moldeaz guztiz bestela ikusi ahal izateko “mugalde-bizipen” horietariko bat? Ez dut uste berez-berez bizipen aparta horietakoak direnik, edo izan behar dutenik derrigor, mistikoak, estasi-bizipen horietarikoak izan behar dutenik, ez. Harridurarekin legoke, egotekotan, loturik. Izanez ere, norbere “altxatze modutsuko” batekin leudeke estuki loturik norbere buruaren kokapen guztiz bestelako hauek. Gauzak, errealitatea, edota mutur aurrean izan dezakegun dena delako gertakaririk, halako batean, tupustean, eta ez dakigularik tartean zer agitu den, ezberdinkiro dagerkigu, guztiz bestela dakusagu… hainbestaraino ezen, berez halaxe eta halaxe izan beharrekotzat genuen horrek, halaxe izatezkoa genuen horrek, bat-batean, orain artean eman ahal izandakoa baino askoz gehiago ematerik izango baitu. Kategoria eta izendatzeko modu ezberdinez, nola edo hala, autore ugarik erreparatu izan diote “mugalde-fenomeno” honi. Besteetan beste, eta baten batzuk baino ez aipatzearren, hor dugu Maria Zambrano eta bere Notas de un método obra, Simone Weil eta bere La gravedad y la gracia, Conferencia sobre ética idazkian Wittgensteink-ek adierazitakoa, Tagoreren testu zenbaitzuetan deskribatutakoa, Montessoriren zenbaitzuk, edota Albert Schweitzer-ren Vivir obran idatzitakoa… Zeinek bere ñabardurez, bere kategoria deskribatzaileez, baina, modu batez edo bestez, mugalde-kokapen delako horretan gerta litekeenaren traza handia dute autore horiek guztiek aitortutakoek. Eta, gure bilaketan pixkatxo batez laxatzen baldin baditugu gure betekizun baldintzak, askoz zabalagoa litzateke gure autoreen zerrenda, bai eta aberatsagoa ere, eta, iragan artikuluetan pentsamendu ez-dualaren harian Zuzeura ekarri nituen beste zenbait eta zenbait autore ere aipa nitzake kontu honetatik ere gertukotzat-edo nolabait jota, hala nola, Nisardagatta, Eckhart Maisua, Heidegger, Gurutzeko San Joan…
“Nola baina bizipen horretan geure burua murgildu?” galdera delako hori gaur egun, egungo egunetik, egin behar diogu geure buruari. XXI. mendetik bertatik egin behar dugu galdera hori, forma-molde tradizizkoak ziztuan ahanzturan geratzen ari diren honetan. XX. mendean asko egin zen aurrera giza kognizioaren nondik norakoak argitze aldera, halaber, erlijio zientzien alorrean erijio-tradizio ezberdinak osatzen duten pilatze konplexuak deskribatzen ere asko arreratu zen. Hona dakardan galdera, hortaz, ez dugu berria inondik ere, baina berori erantzun ahal izateko begirada sozio-kultuala, aldiz, bai, guztiz, halako moldez, non, oraingo honetan behintzat zaharrak orain artean emandakoa baino gehiago eman beharko ligukeen.
Aipatu autore guztietatik baina, “mugalde-bizipen” delako hori jorratze aldera baliatutako kategoria filosofikoei dagokienean, Eugenio Trías dugu zehazkien edo esplizituen jardun duenetariko bat, nire ikusirako. Bere “limitearen filosofia” baliotsua da oso giza ezagutzaren geografiari erreparatzeko. Bi esparru-itxitura darabiltza berak giza-ezagutzaren kartografia hau jorratze aldea; “Agertzearen esparrua”, edo egunerokoan agertzen zaigun horren guztiaren esparrua, bateko, eta, “esparru hermetikoa”, besteko, giza ezagutzak oraindik ordenatu-sailkatu-galbahetu ez duen errealitate baztergabea hartuko lukeena. Trias-en ikusian, elkar ukitzen dute bi esparruek, are intersekzio bat ere ematen da euren artean. Itersekzio hori hain justu “mugalde-zonaldea” geneukake, muga bat geneukake, berorretan kokatzen denak esparru batera zein bestera, egin, egin lezakeelako.
“Mugalde-bizipena”, “bertan beheratze esperientzia” bat da, “suspentsio-esperientzia” bat. Bertan errealitatea eta bere limitea antzemangarri zaizkigu bateratsu, behin gure ahots, balioeste, juzku eta kategoriak alboratu ditugula, bertan errealitatea bere soilean dugu sumatzen, ezein apaltzerik gabe, bere gorentasun hunkigarrian. (TRIAS, Eugenio, Ciudad sobre ciudad: arte, religión y ética en el cambio de milenio, cfr. 57-74)
Mugalde-bizipenak zenbait autoreren ikusian