Mugagabetik zaigu konprenigarri gure eguneroko mugatua

Mugagabetik zaigu konprenigarri gure eguneroko mugatua –

Mugagabetik zaigu konprenigarri gure eguneroko mugatuaGizakia mugatasunak hartutako izaki mugagabea dugu. Hori dela-eta, ez dugu inoiz zehatz jakiterik giza jardueraren norainokoa, ez norbanako mailan, ez talde mailan. Egunean egunean bizi gaituen mugatasunaren lekukoak gara, geure larrutan hauteman-sentitzen dugu egunero egunero; alabaina, mugatasun horren bizipenetik beretik ere sentitzen dugu, ondo sentitu ere, mugagaberanzko dei eta erakarmen ezin saihestuzkoa (materiala zein kontzientziazkoa). Izan ere, ibili-ibilian, eta betiro gerora, izaten gara bidean topaturiko ezin kon ahala mugaren ohartun; a posteriori ezagutu ohi ditugu gure ezinak, a posteriori jakin izaten dugu berez eta izatez a priori zirela direlako limite horiek, hau da, gerora, a posteriori jakin izaten dugu direlako ezin horiek gure esperientzia eta jardutearen aldez aurretikoak zirela.

Materialki mugetan muga heriotza dugu. Azken limite hau “bizi-bizirik” bizi du zinezko eta sakoneko muga gisa gizakiak. Giza bilakaeraren gainean egindako historiaren baitan, giza bilakaeraren biologiaren baitan, eta, oroz gain, antropologiaren baitan, hasieratik beretik zehaztu nahi izan da noiztik hara esan daitekeen izaki-talde hori jada gizaki-taldetzat jo daitekeela. Horretarako gakoetan gako bere hildakoak ehorzten dituen edo ez jakitea da. Espezie dena delako batek bere hilak ehorzten baldin baditu, jada gizakitzat jo genitzakeen horiena dela aitor dezakegu ziurtasun osoz. Berez erreminta erabiltzen ote dituen edo ez (homo faber ote den) hartu izan da irizpide maizenean, baina nago, aurrekoa, ehorzten duen edo ez, askoz ere erabakigarriagoa dela kontu hori ebazte aldera.

Izanez ere, mugatasunak zeharkatu eta bizi duen izaki mugagabe batek bestek ezin du mugatasun hori zinez esperimentatu eta horren kontzientzia izan. Nork bere ezinetan bizi ditu gabeziak, beroietan bizi ditu absentziak; nor bakoitzak denetariko absentziak bizi ditu, asko-askotan beste munduen absentziak izango direnak eta, bizipen horien erasanez, irudimena hasiko zaio borborka berarena eskatuz, eta ekitearen ekitez utopiaren txinparta ere ernatuko da.

Prozesu honek ezin du igurtzi mitikoa guztiz gainetik kendu. Izanez ere, begiztatze mitikoa dugu propio muga eta ezinez harago joateko era. Gizakiak, mugatasunean erro-errotuta, mugagaberanzko deia entzuten du une oro, mugarri oro zeharkatuaz, horiez haraindi abiatzeko deia. Muga eta ezinez harago joan behar ezin saihestuzko hori, hasteko, kontzientzian bizi du bizi-bizirik. Guztiz bizirik, guztiz zinezko, zaion mugagabetasun horrek sakoneko abagune berriak zabaltzen dizkio gizakiari (espiritualtasuna, medikuntza, teknika, norbere gorputzaren zaintza, elkartasun zabalagoak…), abagune berriak, eta berauek pilatzen eta babestuko dituzten kulturak. Bizitza bera limitetik kanpo joan daiteke eta bere “gero eta beteagora” urreratzen.

Ez den hori, edo hobeki esatera, oraindik ez den hori, beti joan dakiguke zabalduz eta zabalduz, gu zeruertz berrien aurrez aurre jarriaz, abagune orain artean guztiz ezezagunak luzatuaz… Oraindik ez den horrek zeruertz berriak zabaltzen ditu “orain den horrentzat” eta, horren ondorenez, “den hori” eginarazten digu ulergarri. Deika eta deika zaigun eta oraindik ez dugun mugagabearen eraginez egiten zaigu konprenigarri eskuartean, larrutan, ezin saihestuki dugun mugatasuna.

“Ez den hori” ez da, nire ikusian, Heideggerren ezereza; izen asko izan ditzake, begirada-mota bezainbat, eta geruzaz geruza sakontasunaren mailaren arabera: Jainkoaren Erreinua, azken errealizazioa, Nirvana, Moksa, elkartasunezko gizarte perfektua…

“Ez den hori” betiro deika dabilkigu, betiro lan eta lan dihardu berean, baina, bateratsu betiro traizionatua, betiro ordezkatu eta isilarazia ere izaten da geure mugatasunetik. Ez da sekulan betiko isiltzen baina, betiro ateratzen baita onik are bere errautsetatik ere, beti agertuko zaigu berriz ere hots eginka.

Limitez eta ezinez haragotzea du muin-muineko gizakiak, bestelako animalien aldean. Gizakiak bere mugetatik harago dago, oraindik beraietan egon gabe ere; animalientzat, aldiz, muga guztiak dira itsuak. Eta mugez haragotze hori ere prozesu arrunt zaila izan dakioke gizadiari, are arazotsua ere eta ezin konta ahala ezbaik zeharkatuta; haragotze prozesu delako horren baitan sorturiko arazoak ebazte aldera sortu zen etika hain justu.

Lerro hauei buru emate aldera, dakartzadan Marxen Ekonomia politikoaren ekarpenari egindako kritikaren prologoaren lerro batzuk, ez zuzenean gorago esandakoa oinarritzeko, alderantziz baizik, oinarri ematen didatelako justu diotenaren kontrakoa adierazteko, eta, horretara bai sendotu ahal izateko goian jada aurreratu dudana:

Gizadiak soil-soilik lor ditzakeen helburuak izaten ditu. Izan ere, gauzak ondo aztertuta, helburuak horietarako egoera materialak jada eman direnean, edo gutxienez ematear daudenean, soil-soilik lor daitezke…”

Kontua guztiz bestela delakoan nago ni baina. Izanez ere, sakonean, gizakiak eta gizadiak ezin lortuzko helburuak hartzen ditu burutan, eta, gerora, beroien ezinean han justu ezagutuz joaten da lor ditzakeen horiek. Ibilian hain justu ere ezagutzen da unean uneko egingarri den hori, betiere etorkizun eta izankizun den azkeneko zeruertzaren epelean.

Mugagabetik zaigu konprenigarri gure eguneroko mugatua

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude