Muga-bizipena eta Marcuseren “Uko Handia” elkar kontrajarriak
Muga eta Marcuseren “Uko Handia” elkar kontrajarriak –
Lehenengo Mundu deritzogun horren baitako gizarte-molde kasik jada bakarraz ari nintzela, mugak, mugaldeak eskaini liezagukeena dugu jada arrerabide bakarra, aurreko artiluluan nionen moduan. Lehenengotzat dugun mundu horrek bizimolde gero eta bat eta bakarrago eskaintzen digu, gero eta alternatibarik gabekoagoa, gero eta molde estu eta kolorebakarreagoa… 60ko hamarkadan jada Herbert Marcusek ohartazi zigun zuzen onez kontu honetaz, liburu sakon eta trinko oso bat, Gizaki dimentsio bakarduna (El hombre Unidimensional), kontu horri propio eskainiaz. Zer esango zukeen, bada, gure Marcusek alderik alde eta errotik bizi gaituen egungo eguneko uholde globalizatzaile handi bezain geldiezinaren lekuko izan balitz! Nolanahi ere den, garai hartatik honako aldea alde, ezarri zuen analisi markoa bera, gaurkotasunik galdu izanetik urrun, are egokiagoa ere izan genezake egungo errealitaterako. Eskema hertsi-hertsi batean bizi dela egungo gizaki-hiritarra lehenengo mundutarra, zioskun Markusek, berau estu-estu hartzen duen eskema batean, eta bizi edo jardun modu aternatiboetarako zirrikitu txikienik ere uzten ez diona; bateko, kontsumo indartsu eta ondo gidatu batera gaude itsu-itsuan zudenduak (areago, hain dugu barneratua kontua, ezen guk geuk, geurez, libre eta aske horren aldeko hautua egiten dugula uste baitugu); besteko, aipatu kontsumo maila horri eutsi ahal izateko bestelako kultura egoera batean inolaz ere onartuko ez genituzkeen lan-zama, lan-estresa eta zorpetze maila onartu behar izatera ezinbestez derrigortua dugu geure burua. Ondo ere ondo elkar elikatzen duten bi indarrak hor ditugu, elkar ezin hobeto hartuta . Biek ala biek, egoera aipatu hau botere mediatikoek ere egoki-egoki indartuta, aterabiderik gabeko zirkulua isten dute ezin hobeto.
Dagoenari, aurrez-aurrekoari, nola kontrakotu bestelako alternatibarik, gauzak bestela izateko modurik? Mugatik nioen aurrekoan, mugaldetik beharko ezinbestez. Pentsamendu bakar eta beti-bateko garai honetan ezezko emate hori jada kasik pentsaezin-irudikaezin ematen duen honetan, egoera horren zer-nolako larriaren sumatik-edo luzatu zigun Marcuserek “Uko Handia” deituriko proposamen delakoa. “Uko Handia” (“La Gran Renuncia”), egia esatera, artean intuiziñoa baino ez geneukake. Berez-berez, ez da uko hutsa, edo, izatekotan ere, ez huts-hutsik, harago doa-eta kontua; biziaren aldeko sormen baztergabetik ernatutako aitor batekin, ustekizun batekin, dago estuki lotuta. Bizitzaren formak eta beharrak berrikusi nahiko lituzke “uko-aitortzaile” horrek, bizitzaren baitatiko elkartasuna eta elkarlan ez-merkantilizatua berriz ere balioetsita, eta besteetan beste, esate baterako, merkatutik kanpoko asisialdirako eta disfrutatzeko aukera zokoratuak berreskuratu. “Uko Handiarena” indar handiko keinu sinbolikoa dugu, oso estetikoa, guztiz, baina bere indar eta ahalmen guztia galdu ez duen estetikotasunetik ulertuta betiere. Gizartearen ahalmena, indarra eta sormena suspertu nahi ditu “Uko Handiak”, errealitarekiko azken hitza sekulan behin betiko emana-itxia ez dagoelako uste sendoz.
“Pentsamendu bakarraren” ezaugarririk nagusiena “dagoen horrekiko” erresistentzia falta dugu. Bada, horri hain justu ere egin nahi zion kontra Marcusek bere “Uko Handiaren” bitartez. Erresistentzia falta horren harira Herbert Macusek, aterabide gisa, “Uko Handia” mahaigaineratu zigun. Ukazioaren baitatik ernatutako energia eskergarekin dago hertsiki lotua kontzeptua, egun gizarte izan-moduari ezezkorik ematen dion gizarte-espiritu batekin, ez ezein abstrakzio teorikoaren izenean, baizik-eta, oraindik zehazgabe izanda ere, egingarri eta bizitza errealarekin lotuta legokeen balizko aurkera zinezko batekin. Baina, zernola zehaztu zituen bada aipatu “Uko Handi” horren nondik norakoak Hebert Marcusek? bada, gizarte-molde hegemonikoaren ohiko “guneetatik” alde egite modutsuko batekin loturiko zenbait jarrerarekin: kontsumo molde zenbaiti uko egitearekin, leku eta ospakizun zenbaiti uko egitearekin, ez bozkatzearekin, zerga batzuk ez ordaintzearekin, are lanpostu mota batzuk ere egunetik biharrera abandonatzearekin eta horrelatsuko beste alde egite zenbaitzuekin…
“Uko Handiaren” kategoriari baina, bere ekarpenak ekarpen, nire aurrreko artikuluaren “mugaldearen” kategoria kontrajarri nahiko nioke nik gaurkoan. “Uko handi” marcusiarra egitezko oso praxi antzemagarrien bitartez joaten da gauzatuz (zenbait gizarte-toki fisikoki abandonatuaz, kontsumo praktika zehatz zenbaiti uko eginaz…). Besteko, kategoriaren izenak berak ezin ageraiango uzten duenez, ezezkoaren konnotazioa du, uko egitearena, dagoen horri ezetz esatearena. Mugaldearen kategoriak aldiz, berez-berez “Uko Handiarekin” kontraesanean egon gabe ere, askoz orohartzaileagoa da. “Uko handia” bera hartuko luke bere baitan. Izanez ere, berorren aurretikoa ere izango litzateke. Edozein ondotiko ukorako hastapenak eta oinarriak mugaldean leukakete beren sorburua. Gerora, agian, “Uko Handia” segituko da, baina aurrez, aurretik, mugalde-bizipen batek hartu beharko gintuzke.
Mugalde-bizipenean, hasiera batean bederen, ez dago inongo alde egiterik, ez dago inongo ihesaldirik. Dagoen horri (izan gizarte molde, izan gu garen hori…) lotu-atxikiak egotetik barneratuko gara mugalde-bizipen delakoan. Gizarteak, zein bakoitzak, den orok, mugan izango du bere iturri baztergabea, bere arnasgune eta bere aberasgune. Ertzean izango dugu guztia atzemangai, egungo eguneko “den hori” baino askoz gehiago, guztia, egia esatera, guzti-guztia, “den hori” eta “ez den hori”, “dena eta ez dena”, guzti-guztia. Mugak gaindituko gaitu, guztiz gainezkatuko, bertan atsendengune baino ez dugu izango, izatekotan, atsedengune baino ez, eta halaber aberasgune ezinago emankor. Hortaz, mugaldean izango dugu guztia, aurrez aurre dugun horren ertzean, baina ez inondik hortik kanpo.
Bestetik ere, argi gera bedi muga delako hori ez dela inondik inora muga fisiko bat, ez da periferia, hurrik eman ere. Mugalde-bizipena alde egitea ez zen modu berean, errealitateak berez ematen ari den hori baino gehiago eman dezan, errealitateri berari are sakonago, are inmanenteago, lotu behar gintzaizkioke, berez-berez, eta kontraesankor badirudi ere, errealitatearen barne-muinetik periferia aldera egin beharrean. Muga berezi-berezi horretatik, bane-muinetiko mugatzat-edo geneukakeen horretatik, errealitateri ezin lotuago, eta ez inondik beretik ihesi, oraindik “izan gabe” den hori, agian izankizun den “hori” edota, balizko batean izaterik izan lezakeen “hori”, ertzetik, mintza dakiguke, gerora honetan zein beste horretan gauzatu edo ez.