Monotoniaren tailerra
Monotoniatik ihes egiten dugu, monotonia gustatzen zaigulako. Errutinak maite ditugu. Errutinak biziberritzeko egiten dugu ihes, berriz itzultzeko, gogo gehiagorekin, ahoa listuz beteta… gose. Errutinaren gose.
Gure habitat propioak egiten gaitu, garena gara berari esker, ez gara moldatzen. Moldatzen gaitu.
Artista malapartatuak buztina bezala erabiltzen gaitu monotoniak. Ontzi perfektua egin nahi eta ezin, beti ñabardurak aldatzen esku zikinez. Kantoi hori, hutsune hura… apurka-apurka gogortzen goazelarik eta artistaren ametsak gurekin gogortzen dira.
Azkenean, ezinaren ezinez ahanzturan jausita, monotoniaren tailerreko apal batean geratzen gara. Ukondo batek deskuidoan botatzen gaituen arte. Orduan jada ihes egiten dugu. Inoiz ez itzultzeko.