Bilatu begiak angulei
Desinformazioaren eta manipulazioaren artea oso hedatua dugu gure jendartean, ultrakomunikazioaren aroan. Eta nago, Anestesia motz geratu zela Ultrakomunikatzen abestian. Nago askoz ere urrunago daudela arte honen mugak. Arte irakurtzen duzuen lekuan irakurri ezazue asko findutako teknika, arren. Artez baitakite askok manipulatzen. Hedabide nagusiak, gehien saltzen direnak, hari gutxi batzuek mugitzen dituzte. Dirudunen poltsikotako zulo dira, eta hori nabari da emaitzaren kalitatean. Kalitatea esan dut?
Anitzak dira ere ikusentzunezko euskarrian kontsumitzen ditugun dokumentalak. Dokumental generoa oso kutsatua dago eta efikazagoa da gezurrak mozorrotzerako orduan, kultuko genero gisa ikusten dugun heinean.”Egia da, egia da, nik ikusi dudalako…”, zioen abestiak. Ikusi bestela masa dokumental kate nagusiak; hala nola, National Geographic, Odisea edo Discovery Channel. Korrokoia saltzen dute lupia bailitzan, eta guk irensten dugu zein gozoa dagoen esanaz. Eta hain zuzen horregatik diot txerto gisa oso sanoa dela metamanipulazioa.
Denok ziztatu beharreko txertoa da.
Eta zergatik ari naizen honetaz? Kazetaritzako 4. ikasturteko Iritzi Generoen eskolan ‘Operación Luna‘ sasidokumental ezaguna proiektatu zigutelako duela aste batzuk. Aldez aurretik ezagutzen ez zuten ikaskideek bertan esaten den guztia irentsi zuten egia zelakoan. Bakunatu gabeak, gajoak.
Mockumentary (Mock=Burla) edo sasidokumentalen apologia egitera nator bai. Begiratu ondo zuen gabonetako plateretako (an)gulek begiak dituzten ala ez.
Dokumentala (bere ohiko formatuetan) produktu aspergarria da, gaur egungo komunikabide eta ikus-entzunezkoen parametroen argitara. Zinezkotasuna kenduz gero, batere lekurik gabe geratzen da. Eta gero eta zailagoa da zinezkoa izatea, hortik edo handik motz geratu gabe: gero eta adar, geruza eta arista gehiago du errealitateak. Bestela esanda: erronka latza da (ezinezkoa ez esateagatik) edozein gai -handi edo txiki- hartu, zedarritu eta zuzeneko enfoke eta tratamendu bat ematea.
Agian irtenbide bakarra du dokumentalak (edo bere izpirituak), beraz, etorkizunari begira: zeharka aritzeko moduak bilatzea. Fikzioarekin jokatuz, adibidez. Lotsagabeki, nahitaez. Baina ez kontsumitzaile sinesbera edo konplizearen laguntzaz, fikzioak oraindik usatzen den moduan (paradoxikoki, hori lortzea ez bide da hain zaila). Baizik eta erantzun kritikoak bilatuz. Bere buruarekin hasita: “Kontuz! Ni ere ez naiz fidatzekoa. Ez dakit sobera ongi non sartu naizen. Zuk ere eutsi begiei irekita eta zorrotz!”
Ados Kugema. 😉 eskerrik asko iruzkinagatik.