Mintzotik bueltan, hitzak eranzten
Mintzotik bueltan, hitzak eranzten –
Egia zer ote litekeen hausnarrean, segi-segituantxe errealitatea eta mintzoa azaldu zitzaizkigun, egia den horren bi hari-mutur-edo. Horretaz jardun nuen aurrekoan. Biek ala biek, elkarren beharra zuten, bata bestea gabe hankamotz-edo geratzen zen-eta. Mintzoa eta errealitatea hor ditugu, bata bestearen atzean eta segika, elkarrekikoan dantzaka, dantzaka egia deritzogun horren bitartekaritzaz.
Euren arteko harreman delako hori derrigorrezko, ezinbesteko, dugu nolabait edo beste. Zer geneukake esku artean zeharkatzen gaituen errealitatea baldin eta berau gure artean partekagarri, komentagarri, deskribagarri, kritikagarri ez bagenuka?, eta, hala izanik, hala delarik, partekaturik izan daitekeen zerbait izanda (objektibatua), transformagarri-eraldagarri ez bageneuka? Bada, deus gutxi, deus askorik ez geneukake errealitatea, geure zentzumenak atergabe kitzikatuko lituzkeen mihise baztergabe-zehazgabea baino ez, hori baino ez. Baina, besteko, zer geneukake hizketa, mintzoa, baldin eta errealitatearekiko betiro zorretan ez balego, baldin eta horren isla eta testigu izan gogorik ez baleuka? Bada, ezerezean eraikitako hitzontzikeria baino ez, inora ere ez lihoakeen entelekia hutsa baino ez.
Elkarrekiko aipatu konpromiso hori ezin bazter utzizkoa dugu, hor dago, edo, sikiera, berandu baino lehen hor beharko luke. Berandu baino lehen egia den horretan hezurmamituta. Halere, egia esatera, berez ez da beti halaxe agitzen. Aurreko artikuluan ere argi nabarmendu nahi izan nuen; mintzoak, sarri askotan, ibiltzearen ibiltzez, zenbaitetan guztiz beregaina izatea iristen du, hau da, berez eta bere kaxa hitzezko errealitate beregain eta aske bat gauzatzeko gai izaten da, mintzoaz kanpoko berezko errealitateari bizkarra guztiz emanda-edo.
Mintzoak, esandako hori muturrera eramanda, are “berez ez diren gauzak” ere izanazi ditzake hitzak hitzen ostean hitzetaratuz, nioen aurreko egunean. Askotan hori gutxi ez, eta inondik inora ez diren, eta inolaz izango ez diren hizketa-entelekietan barrena galduak egotera lerrarazten gaitu. Errealitatearekiko ezein interpelazio-deirik ez duen hitzontzikerian, alderrai, zeharo galduak ibil gaitezke, edota, okerrenean ere, guztiz-guztiz gatibu.
Den-denak beharko luke bere neurri eta tamaina, are hain geure-geurezko (izaeraz izaki mintzodunak garen alderik) dugun hizketak berak ere. Mintzotik kanpo ez gara gizaki, argi dago, ezin uka. Halarik ere, tamainan ere jardun beharko genuke hizkuntzarekin. Dena den, zer egin behin hizketa-gehiegikeriara lerratu-amildu garelarik? Ba al legoke ezer egiterik? Baietz esango nuke nik. Gehiegikeria guztietan bezala, “askotasunak” jota gaudenean bezala, kendu, erauzi, beste biderik ez dugu. “Gutxiagorekin hainbat gehiago, hainbat hobe” (erdarazko “menos es más”) delakoak izango du orduan bere parte hartzeko unea.
Hortaz, esanda moduan, mintzo-betekadaren sumarik dugunean, hoberena kentzea, eranztea, mintzo-eranztea. Jende jantzia edukitzen dugu estimu handitan eskuarki, bada, aurrerantzean, “jende erantzia” ere balioesten ikasi beharko genuke. Gure hizketa, eta berau eman ahal izan dadin beharrezko ditugun hitzak, errealitate zatiño bat barne hartzen duen etxe edo eraikin modutsukoak ditugu, halaxekoak ditugu. Ezin uka etxe barrualdeek zinezko errealitateak eta gertakariak barne hartzen dituztenik. Alabaina, barrualdeko errealitate direnak direlako horiek eskas oso gera dakizkiguke inoizka, eskas eta pobre, une batetik aurrera jada gehiago emateko gauza ez direlarik. Egoera horrelakoetan, etxetik kanpoko errealitate goragokoaren beharra sumatu ohi dugu indar handi-handiz. Leihoak zabaldu behar ditugu orduko horietan, guztiz zabaldu ere.
Bada, hizketarekin ere beste horrenbeste egin beharko genuke, uste baino askoz gehiagotan. Zabalduriko ate-leiho horiek zuloak baino ez dirudite, horma-harri zenbait eta zenbait erauzi izanak ahalbideratutako zuloak baino ez. Alabaina, etxeari zertan edo zertan zerbait gehitzen badiote, zer eta leiho-ate horietan dagoen huts-ezereza da, zer eta beroiek zabaltzen duten ezereza. Hori erakusten digu ederki asko Tao Te Ching-ek; ontziak buztinez eginak dira, baina haietan barne ezereza/hutsa da baliozkoena, diosku zuzen osoz. Jada ezin gehiago emanda dagoen etxe horren barruko errealitatearen eta beretik at dagoen kanpo errealitate baztergabearen arteko harremanari berriz ere ekitea ahalbidetzen du ezerezak, leiho-ateak zabalduriko ezerezak. Kanpoko eta barrukoaren artekoari berriz ere ekitea ahalbidetzen digu leiho-ateen ezerezak. Bada, mintzoarekin, zer edo zer antzeratsukoa egin beharko genuke tarteka marteka. Orain artean hitz egin ahal izan dugun horren guztiorren aurrean inoizka planto egin beharko dugu, edo isildu, esan gabe esan, esanda ez-esan, edota honaikoan esandakoa deseraiki, orain artean “hitzetaratua” berriz ere bestera berreraikitze aldera.
Esandako hau guztiau oso aintzat izan du beti Ekialdetiko jakinduriak, Tao-arenak eta bestek. Lerro hauetan aipatu ezerezaren altxorra gureratuta-edo zera esan genezake bukatze aldera mintzoak topatzen dituen ezinen harira; hutsak usteari (hizketaz baino gauzatzen ez den usteari) ezuste (“ez-uste”) eder bat kontrajar liezaioke, are huste “ezbaikari” askoz osoago bat ere.
Mintzotik bueltan, hitzak eranzten