Minbiziaz
Minbiziaz –
Ez naiz metaforikoki ari, minbiziaz meditatu nahi nuke artikulu honetan. Emozioak albo batera utzi, eta arrazionalki jorratu gaia, ahal den neurrian. Ez dela gai atsegina?, ez, baina denok gaude nolabait harremanetan minbiziarekin, gehiago edo gutxiago, edo egon gaitezke.
Nori ez zaio senitarteko edo lankide edo adiskideren bat hil minbiziaz; nork ez du oraintxe bertan senitartekoren bat, lagun edo lankideren bat minbiziak jota? Neuri ere diagnostikatu zidaten duela gutxi, diagnostiko onentsuena duenetako minbizia izan arren. Eta gainera, covid-19arekin, osasunaren kezkak orain arte izan ez duen pisua eta garrantzia ez al ditu, bada, hartu gure artean?
2002an, Sustatu weblogak sekulako jarraipena lortu zuen Joxe Aranzabalek aditzera eman zuenean medikuak minbizia zuela esan ziola, eta gaitzaren aurkako borroka kontatzea erabaki zuenean. Zeren aurka borrokatu behar zuen jakin aurreko ezjakintasun krudela pairaturik, eta probak egin ondotik, bareko linfoma folikularra diagnostikatu zioten, eta mini-alotransplantea gomendatu.
Ezagutzen ez genuenok jarraitu ahal izan genituen, besteak beste, norberaren hezur-muina genetikoki berdin(tsu)a den batenarekin ordezkatzeak zer-nolako errefus eta gorabehera fisiko sor ditzakeen, bateraezintasun immunologikoagatik. Kimioterapiak dituen ondorio fisiko eta sozial gogorrak ere bai. Emozionalki urrun harrapatzen ninduenez, horiexek izan ziren gehien erasan ninduten alderdiak.
Urte berean argitaratu zen, jantzi literarioz ederki hornitua, Imanol Zurutuzaren “Errautsera arteko sugarra”, eta, 2015ean, halaber, Anjel Lertxundiren “Zu” gogoangarria.
Oraindik orain berriz, Olatz Mercaderren bularreko minbiziaren lekukotasunaren berri izan dut ETB1eko “Biba zuek” programan. Ezer baino lehen, bai jarrera bikaina emakume horrena, gaitzarekin harremanetan den edonori adorea emateko modukoa.
Lehenbizi, horrelakoetan amankomuna den konstatazio bat: gogorrenetakoa diagnostikoa izan aurreko aldia dela. Gisa honetako galderak formulatu ohi dira ohartukiago edo oharkabeanago: nire amaiera hurbil ote dago?, nola geldituko dira gehien maite ditudanak?, nola kudeatu behar dut gaitzaren aurkako borroka? Diagnostikoa egiteko proba nekagarriak gainditu ondotik, zeri aurre egin behar diozun jakiteko trantze anker hori…
Segur aski, gehienentzat, aurrez, ezagutu aurretik, kimioterapia da errefus eta beldur eta noraez handiena sortzen duena. Berekin ekarri ohi duelako ile-galtze azkarra, eta gaixo aurpegia nabarmentzea. Fisikoki, ebakuntza edo erradioterapia edo hormona-injekzioak ere gogorrak izan daitezke, baina ez dakarte derrigor gaixo gisa agertzea jendaurrean, familian, eta abar. Burua soilduta agertu beharra, ileordea edo bisera edo txapela jantzi edo ez jantzi erabaki beharra gogorra egiten da geure buruaren irudia gero eta gehiago maite dugun aro honetan.
Eta, jakina, kimioterapiaren albo-ondorioak: goragaleak, okadak; indar-galtze handiez gainera, bular galtze, sexu-gogo galtze edo inpotentziak eta abar.
Eta, aldi berean, Olatz Mercaderrek aipatzen duen bezala, paradoxak: unerik txarrenak eta gozoenak, edo intentsoenak ere bai, ingurukoengandik jaso dezakezun maitasun eta onginahi-erakutsiek eragindakoak.
Zenbateraino lagundu diezaiokeen gaixoari, bere gaitzaren aurkako borrokan aipatzen ari garen emakumeari darion baikortasunak eta adoreak! “Izan inurri” taldeek bezalakoek ere ziur lan polita egiten dutela.
Gogortasunak gogortasun, eta minbizi bat gainditzeak ere, onenean, uzten dizun ziurgabetasunak eta zalantzak hor iraun arren, nago lagun diezagukeela bizitza eta heriotzaren arteko harremanaz gehiago jabetzen, eta gauza axolazkoak axolazko ez direnetatik bereizten; izan ere, Olatz Mercaderrek dioen bezala, hiltzea bizitzea bezain naturala baita, eta gaixorik egotea ere bai, osasuntsu egotea bezalaxe.
Nik ere minbizia izan dut, baina nahiko fase goiztiarrean harrapatuta; radioterapia eta guzti hori, baina gorputzaren inmune-indarra medizina homeopatikoz lagunduta.
Ez egin kasurik, mediku nobatoei, homeopatiak traba direla diotenean. Hala hil zen nire anaia, medikuari kasu egitearren.
Pebentzioa funtsezkoa da, baina ikerketa gutxi egiten da minbiziaz, minbiziaren ZERGATIAZ, kausez, herri bakoitzean, eremu bakoitzean. Zerk eragiten duen, adibidez, Larrabetzun normalaz gaineko minbizia kasu askoz gehiago gertatzea: ura? zabortegia? Eta Bilboko Ibar Ezkerrean? Eta beste edozein eremutan?.
Uste dut EZ DAGOELA AREAN ERE horretan ikerketarik, eta bai mediku tradizionalegi asko.
Gauza guztiak hobetu daitezke Josu. Nik daukadan inpresioa da lan zaila dutela; asko aurreratu dutela eta, oro har, lan ona egiten dutela.