Meditazio aktiboa
Meditazio aktiboa –
Isiltasun mentalatzat jo genezakeen hori lortze aldera, norberak, begiak itxirik, bere kaxa eta bakarka esertzen denean, berehalakoan bere burua denetariko pentsamenduek erasotua sentituko du, handik eta hemendik, arratoi beltz erotuek antzo, oldar-oldarkor erasotzen dutelarik. Egia aitortzera, uholde horri buru egite alderako modu eraginkor samurrik ez dago; ekin eta ekin, ahalegindu eta ahalegindu besterik ez dago, egonarriz bezainbateko temaz aritu baino ez. Badago baina, paradoxa bat oso aintzat hartu beharrekoa; buruz, mentalki, buruaren erauntsiaren aurka zuzenean jardunda, oker, arrunt oker, genbiltzake. Nola jardun baina, orduan? Zer egin baina? Ez da batere erraza hitzez azaltzen, baina nork bere baitan, bere hondoan-edo, badu ahalegin-esfortzu eta bide horretarantz abiarazi duen nahikari sakon eta oso berezko bat, bere baita baitakoenean badu horretaranzko beharrizan sakon bat, oso berezkoa eta ezin norbereagoa. Nor bakoitza hain berea duen dei horri gogotsu lotzen bazaio, ahalegitzearen ahalegitzez arian-arian samurrago, eramangarriago, izango zaio ekinbidea; izanez ere, horretara jardunez, bat-batean, berez igurtzi negatiboa duen jarrera batetik positibotik duen baterako jauzi egin ahal izango du, eta, hala gero eta gehiago ekinez gero, halakoxeago ere izango zaio aipatu kontua.
Urruti oso ailegatu gara gure Mendebaldeko gizartean, oso urruti garapen eta ongizate materialean, baina, tamala bada ere, horren ordainetan, espiritualki, psikikoki (kontuari edozien igurtzi espirituala erauzi nahi izanez gero), gure barne izatea gatibu gelditu da, guztiz gatibu, arrunt ezindua, geure buruaren jabe ere ez garelako irudipen guztizkoa izateraino. Hara eta hona gabiltza, hau eta beste eginda, geuretik ezin gehiago emanda, ezin estresatuago. Pertsona honekin eta beste horrekin elkartzen eta egoten gara, eta, presaren presaz, edo beharraren beharraz, ez gara ez honekin ez beste harekin egoten. Abiadurazko martxa geldiezin horretan, guztiekin eta bene-benetan inorekin ez egote horretan, geure burua bilaka lekiguke arrotzetan arrotzena sarri askotan, ezezagunetan ezezagunena, sinestezeina bazaigu ere.
Nork bere buruarekin elkartzea lortu nahi du, nolabait edo beste. Nekeza zaio baina, ezina soma dezake berehalakoan eta etsia hartu. Bada, bide zail eta halaber itxuraz ezinezko horretan, nor bakoitzak, bere buruarekin elkartze aldera, ez luke zuzenenean hori lortzen ahalegin beharko. Oso bestera beharko luke baina kontuak; nork bere burua aurkitzeko, itxuraz horretarako oso kontraesankorra lirudikeen zerbait egin beharko du, eta, berez bere burua dela uste duen horretarantz jo beharrean (eskuarki gure pentsamenduen jario geldiezinarekin lotzen duguna), printzipioz bere buruarekin zerikusirik asko ez duen beste zerbaiti lotu beharko zaio derrigor, maiz askotan irudi bat balio liezaioke horretarako, baztergabeko itsasoaren irudia, kasurako, uhin bat bera ere ez leukakeen itsaso baztergabearena, kasurako, non norberak ur gainean, besterik gabe, ez bailukeen flotatuko baino. Berorretan, baztergabetasun delako horrekin bat eginez-edo, isiltasuntzat jo genezakeen horretatik gertu sentitu lezake bere burua norberak, eta, bateratsu, bere buruaren beraren gaineko kontzientziatik gertu ere.
Alabaina, irudi bat baino ez genukake erabili berri dugun goiko hori, iradokigarri izan asmo duen irudietariko bat baino ez. Baina, egia esatera, nor bakoitza dago deitua bere-berea izan beharko lukeen bere metodo propioa aurkitzera, eta zenbat eta tentsio gutxiago sortu norberarengan aukeratutako metodo horrek, orduan eta azkarrago eta zuzenago iritsiko da helburura. Lehenengo eta bat, ekin moduan, metodoan, jartzen da arreta guzti-guztia, baliatutako arreta-irudia dela, arnasketa dela,… baina, berehalakoan, segi-segituan, gure esku legokeen ezerekin loturarik ez duen “zerbait” guztiz arrotzaren parte hartzea sumatu daiteke, degiarriki arrotza bezain intimoa. Horrekin hain justu parekatzen-lotzen du Aurobindok gogamenaren isiltasuna. Erdi-deskribaturiko esperientzia honen aurretik, edo honetatik kanpo, bizitakoa guztiz pentsaezina litzateke aurrez, esan ere esango digu Aurobindok.
Honainokoaz zer edo zer garrantzitsua esan behar dugu. Aipatu bizipen hauek apartak direla pentsatu ohi dugu, geure bizimolde aurruntetan inoiz emango ez direnak. Nola lor nezake nik horrelakorik?, pentsatuko du norberak. Hor, egia esatera, buruak berak egiten digu tranpa maizenean. Hain justu ere, buruarekin berarekin ari garelako esperimentuak egiten. Geure burua gaur artean berau mugitu deneko mugatasunetik epaitzean datza egindako lehendabiziko huts egitea. Gure ohiko pentsamenduen jario atergabe eta itogarriaren atzean orain artean egonean, sorgor eta ikusezin zirauten gaitasunak dautza.
“Beharrezkoa zera baino ez da, azaleko gogamena eta norbere barne izatea bereizten jakitea… izanez ere, kontzientzia yogikoa eta bere indarra bazeuden aurrez eta betidanik” (AUROBINDO, La síntesis del yoga).
Eta hori bereizte aldera isiltasuna baino ezin dugu baliatu. Ez dakigu zer eta nortzuk garen, eta are gutxiago zertarako garen gai eta zertarako aldiz ez. Bereizte-bide honetan itxaropen guzti-guztia meditazioan dugula jarrita eman lezake. Hein batean, hala da, hasierako aurre-baldintza litzateke, ezin uka. Halere, horrekin erlatiboa baino ezin izan daitekeen isiltasuna soilik iritsiko dugu. Gerora, gure meditaziounea edo meditaziogunetik atera bezain laster, egunerokotasun zurrunbilotsura igaroko gara gure ohiko izan modu berekin, eta sentitutako barne bake horren eta berez eta izatez bizi gaituen kanpo bizitza horren arteko kontraste gaindiezinak frustraziora bestetara ez gaitu eramango. Sentitutako bizipen bete hori dugu irrikatzen geure bizitzarako, aurrerantzean egunero eta une oro eman beharko litzatekeena, ez soilik lasaitasun eta bakartasun uneetan. Eta hori, berez, ez dugu ezein meditazio moldetan aurkitu ahal izango:
“Gure bakartasun espiritualean geure burua isolatzeko arriskupean gaude, eta, horretara, kanpora garaile ateratzea zinez zaila izango zaigu, barkartasun une horietan iritsitakoak egunerokoan guretzat bere zeresana izan dezan zinez zaila izango zaigu. Kanporako gure bizitzetan gure barne ibilbide espiritualean iritsitakoa baliatu nahi dugun horretan, lorturiko hori guztiori gure ohiko subjektibitateak disolbaturik aurkituko dugu eta, egia esatera, kanpoko eremu materialera ezin izango dugu ezer berri askorik ekarri. Geure ustezko (eta benetako, hein handi batean) aurrerapen psikiko guztiak ezdeus bilakatuko zaizkigu, gure ekintzek, gure jarrerek, besteekiko harremanek lehengo-lehengo berean dirautela ikusiko dugu, betiko errutina azalekoetan bete-betean murgildurik gaudela ikusiko dugu. Aurkitu-iritsitakoaren eta, gerora, zinez esku artean dugunaren artean izugarrizko amildegia hautemango dugu. Gogorra izan dakiguke gero aipatu bizipen hau!. Bestelako mundu batto, bestelako errealitate batto, askozaz sakonago eta zinezkoagoa, askozaz zabalagoa eta bateratsuki askoz sotilagoa, aurkitu uste dugu, baina, finean eta buruan, gerora, geure eguneroko bizitza ezer gutxi, edo ezer ez, baldintza dezakeena”. (AUROBINDO, La síntesis del yoga).
Isiltasuna, zinezko isiltasuna, praktikatzea beste biderik ez dago, eta non eta hain justu ere ezinago zail lirudiketen bizitzako leku eta une horietan, nonahi eta noiznahi ere den, izan kalean, izan lanean, eguneroko gorabehera zaratasuetan… eta bilatu asmo dugun barne bake horretaz hain guztiz bestelakoak diruditen eginkizun alienatzaile horiek berak ezin kontzienteago biziz gero, aurrez aurkitu uste genuen benekotasun hori zukutu ahal izango dugu, nahiz eta hasieran horren apurño bat baino ez lortu. Axolakaitz eta lokartuta antzo bizi beharrean, itxuraz inongo interesik ez duten pentsamenduetan geure burua gatibu izan beharrean, gero eta itogarri eta nekagarriagoak zaizkigun buruhausteetan ainguraturik bizi beharrean,… gure, besteen, eta, azkenerako, munduaren zinezko motibazio eta bulkaden gaineko kontzientzia gero eta argiago bat izateko abagunea zaigu zabalduko hor, nahiz-eta betitik geneukan hori, bertatik bertara, betidanik hor, guk geure baiezkorik noiz emango zain-espero irrikatsuan. Aipatu abagune hori probestuz joanez gero, pixkana-pixkana egoera txarrik ez dagoela ikusiko dugu, garrantzirik gabeko egoerarik ez dagoela ikusiko dugu, den-dena bide bakar eta berean txertaturik dagoela hauteman ahal izango dugu, guzti-guztia dela errealitatearen mihise beraren zati eta partea. Ezen, yogaren edo meditazioaren bideak egin modu bat bainoago egunerokoan izan modu bat beharko luke.
Igor Goitia