Mateo efektua

Mateo efektua –

Irudiaren kreditua: Jon Tyson

Gogoratu beharko litzateke Mateo efektuak boomerang efektua eragin dezakeela.

Banekien honek izen bat izan behar zuela. Hain agerikoa zen zerbaitek erregistratuta, tipifikatuta, katalogatuta eta deskribatuta egon behar zuen. Aste honetan jakin izan dut “Mateo efektua” duela izena. Pigmalion efektua, domino efektua, tunel efektua, elur bola efektua eta Matilda efektua ezagutzen nituen baina ez neukan Mateo efektuari buruzko ideiarik ere. Dirudienez, ebanjelari horren bertset mitiko batean oinarritzen da. Bertan kondentsatu egin daiteke, bizitzen ari garen polarizazioa eta kontrasteak: “Asko daukan edonori gehiago emango zaio eta gehiago izango du; baina ez daukanari, daukan apurra ere kendu egingo zaio”. Bai, Lukasen ere badago, baina han esplizituegia da. Mateorekin ez dakigu oso ondo zeri eutsi: esakunea, ohartarazpen edo, hala ere, salaketa bat ote den; ea ondarez edo gaitasunez ari ote den. Esanahi-joko gehiago ematen du.

Lehen irakurketa batean, aberastasunaren banaketan aplika genezake. Mateok hortxe bete-betean asmatzen du. Diruak dirua deitzen du; miseria elur-bola bat da; zuhaitz eroriari orok egur… Gizarte eredu horretara goaz; oso pobreak edo lizunki aberatsak:

Joan den abenduaren hamalauan, Chido zikloiak gupidagabeki jo zuen Mayotte, txiroen Eivissa, Mozambiketik hurbil dagoen uharte bat, zeina, bitxia bada ere, Frantziako lurraldea baita; bere departamendurik gazteena eta pobreena. Victor Hugok “Miserableak” berriro idatziko balu, zaldi itxurako Indiako Ozeanoko uhartetxo honetan inspiratuko litzateke. 300.000 bizilagun pasatxoko biztanleria ofiziala duen arren, Komoretako artxipelagotik iristen zaizkion etorkinen kopuruak gainezkatu egin du irlako lurraldea. Dzoumogné auzoan bizi zen jendea -kalkulatzen da ehun mila pertsona inguru- beraien txapa eta egurrezko txabolak galdu zituzten. Mateok gogor lan egin zuen hemen: administrazioari lan zikina egin zion, kokaleku hori eraitsiz, babeslekurik txikiena ere kenduz. Hedabide gutxi ari ziren gertatutakoa eta bere ondorioak erakusten: -Suntsidura ondoren, deportatuak izateko beldurra: Mayotteko paperik gabeko migratzaileen drama -zioen Info Librek bere edizio digitalean, Gabon gaua baino lehentxeago. Ez dakit beste zerbait kendu dakiekeen. Beno, bai, duintasuna: -Hau Frantzia izango ez balitz, zaudeten baino 10.000 aldiz gehiago egongo zinateke kakan sartuta! -esan omen zien Macronek eginiko bisitan. Frantsesez perpausaren soinua politagoa da -dans la merde! 

Portugalek iragarri berri du hasi berri den 2025an paperik gabeko etorkinei osasun publikoan sartzea debekatuko diela. Mateo buru-belarri: “oraindik duen apurra kendu egingo zaio”. Hori izango da, antza denez, Luis Montenegroren gobernuaren lehen neurria atzerritartasun politikan, Chegak presionatuta.

Datorren hilean Rubenen dendatxoak behin betiko itxiko du. Bertan berehalakoena erosten dugu, egunerokotasunarena. 100 metro gorago ireki dioten Merkatal zentru erraldoiak -ez diogu publizitate gehiagorik egingo- akabatu du.

Abandon errentek eta metro koadroaren prezioak gora egiten duten bitartean, Ezkerraldeko edo Zorrotzako utziriko eraikinak eta industria-nabe hesitu egiten dira; beraien ateak eta leihoak hormatzen dira, segurtasunaren argudio nabarmen eta ulergarriagatik. Hala eta guztiz ere, huraxe zen etxegabe askoren aterpe bakarra. Hori zen geratzen zitzaien sabai bakarra.

Gogoratu beharko litzateke Mateo efektuak boomerang efektua eragin dezakeela.

En fin.

Mateo efektua

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude