Mantisa

mantis-reli.JPG

Agian, ezer ez daukazunean egiteko, inork ez zaituenean begiratzen edo ezagutzen, hiri arrotz bateko parkeko bankuan jesarrita zaudelarik, ohartzen zara zuhaitz batek haizearekin dantzan duen edertasunaz. Edonork alper deituko lizukeen une horretan, jabetzen zara ilunabarra ahopeka hitz egiten ari zaizula eta orain arte ez diozula kasurik egin. Non zauden ere ahantzita.

Zure acuarium propioa eraiki duzu, dena lente extra-potolo batzuetan barrena ikusiz zimendu gabeko filtroa bailitzan. Gabonetan penatu eta “apadrina un niño” iragarki hunkigarriari aukera bat ematen diozu, ondoren berriz zapping egiteko. Betiko zerrikeria irensteko. Dena iluntzen duen argipean, esaldi errazen erdian itota, kontzientziaren arnasestu artean. Azken orduko presak direla bide bizitzera ohitua, edo agian hobe esanda, kondenatua zaudela dirudi. Krokodiloaren aginaren zorrotza ipurdi ertzean nabaritzean mugitzen hasi ohi zara, eta mokadu ederra galtzearekin batera, krokodiloa urrun delarik, berriz lasaitasunean ondoratuta ikusten duzu ingurua. Geldo.

Ezer ez duzunean egiteko, soilik hiri arrotz bateko bankuan eserita zaudenean; edonork alper deituko lizukeen momentu horretan, inguruetara begiratu eta leihorik gabeko etxeak eta ormigoia usain ditzakezu. Bi ordu negarrez egon ondoren izaten den sentsazio berak mozkortuta, “mauka?” eta “eta zer?” eta “baina?” eta orduan motelduta ohartzen zara:

“Aberats-kumea naiz, aberatsen herrian”.

Ekaitza bainuontzi batean