Lurrak emandakoa lurrean gelditzen da

Sortu den lehen kimua lurrez estali dute. Itotzen saiatu dira, baina ez dute lortu, aterako du mutturra berriz ere oztopoak oztopo indartsuago. Ez da sorpresa bat izan, bagenekien zerekin genbiltzan jokoan, badakigu. Aski ezaguna da espainiarren hipokresia, aski ezaguna haien demokrazia zuriaren usaina. Kiratsa. Ez gara hasiko deskubrimentu miragarri bat egin dugunaren plantak egiten.

“Yo a Montesquieu me lo paso por la piedra” telenobela castizoaren beste kapitulu bat ikusi dugu Auzitegi Gorenean. Goenkale berak baino urte gehiago dituen kulebroi honek jada ez du nondik heldu. Argumentuak kontraesan ikaragarriak ditu eta gidoia oso-oso txarra da. Alderdi unionisten interesen menpean mugitu izan dira beti tribunalak; epaile progresistak direla, epaile kontserbadoreak direla, unean-uneko mugimendu taktikoek eta estrategia politikoak eskatzen zutena ebatsiaz. Demokraziaren oinarri eta zutabe den botere banaketa fikzio hutsa dela berretsiaz, ederki dakigu hori euskal herritarrok behintzat. Espainiar justizian sinestea ezinezkoa zaigu alajaina.

Baina oraingoan urrats bat harago joan dira, betiko erridikulua gaindituz. Jada ez gabiltza legeak ez errespetatzeagatik hartutako erabaki polemiko batez hitz egiten, ez gabiltza lege baten zilegitasunaz eztabaidatzen, ez eta ere lege baten interpretazio posibleez hausnartzen. Ez. Oraingoan legea (alderdien legea) bete da, eta epaile espainiarrek interpretatzen zuten eran gainera. Eskemak apurtuta geratu zitzaizkien Euskaldunako Sorturen aurkezpenaren ostean eta era txapuzeroan inprobisatu behar izan zuten Francisco Caamaño eta enparauek. Estatutu “eredugarri” eta “pulkroa” zuen alderdia ilegalizatzeko eskaera bideratuaz, froga polizial irrigarriekin, epe guztiak estutuaz. Eta Auzitegi Gorenak inolako argumentu juridikorik gabe Sortu ilegalizatu du azkenean. Lortu du maiatzean sigla hori aukeren artean ez egotea. Ez ote da izango hauteskunde orokorrei begira Rubalcabari komeni zaiolako? PSOE eta PP 200.000 bozka abertzale jokoz kanpo utzita eroso daudelako akaso? Tira, Zarauzko alderdi unionista espainolen ordezkariei; Patxi Elola eta Rafa Olaizolari galdetu nahiko nieke honen inguruan, haien alderdiek bultzatzen baitute gure herriak bizi duen salbuespen egoera.

J.A Irigarai iruindarraren abestiak dioen bezala Lurrak emandakoa, lurrean gelditzen da. Sortuko da mutturra berriz ere, lehen baino indartsuago, eta ezker abertzaleko adar guztien ardura izango da etorkizunera begira bat egin eta enbor sendoko zuhaitzean bihurtzea. Oztopo guztien gainetik.

?

Ekaitza bainuontzi batean