Leninen inperialismoari buruzko teoria eta Marxen Kapitala (II)
Leninen inperialismoari buruzko teoria –
Sarrera honetan saiatuko naiz azaltzen proposatzen dudan Marxen Kapitalaren irakurketaren ezaugarri nagusiak. Azalpen horrek, jakina, oso eskematikoa izan behar du eta, horregatik, ezin du izan Marxen lan honen laburpen bat helburu ez eta izan behar ere. Irakurketa hegemonikoei beste aukera bat aurkeztea baizik. Eskematikotasun honengatik zerbait argi ez bada geratzen, kontsulta daitezke Henryk Grossmannen La ley de la acumulación y del derrumbe del sistema capitalista, hauxe baita nire erreferentzi nagusia Kapitalaren interpretazioari dagokionez, eta beste toki batean idatzi nuen Kapitalaren metaketa-dinamika etaklase-borroka, Lenin 1924-2024: teoria iraultzailearen gaurkotasunakongresuaren haritik lantxoa.
Aurreko sarreran esandakoa gogora ekarriz, Marxen Kapitalaren helburua da azaltzea errealitate kapitalistan behatzen dena, honen mugimendua orokorrean, eta, bereziki, sistemaren sorrera, bilakaera eta gainbehera kapitalismoaren esentziaren ondorioa den aldetik. Beti ere kontutan hartuz mugimendu horretan, errealitate sozialaren fenomenoetan, sistemaren esentzia, aldi berean, azalarazten eta ezkutatzen dela.
Ezkutatzen dena da, batez ere, sistema sozial horren izaera esplotatzailea. Orain, esplotazioa ez da sortu kapitalismoarekin. Zeinak, beraz, zerbait partekatu behar duen ere esplotazioa oinarri zuten haren aurreko formazio sozioekonomikoekin. Zerbait hori da indar produktiboak garatzeko beharra eta garapen honek eskatzen duen metaketarena ere bai. Hau da, indarrak produktiboak garatzeko langileei behartu behar zaie lan egiteko euren kontsumo-beharrez asetzeko ez ezik sozietatearen indar produktiboak handitzeko ere bai. Behartze honek klase batek beste klaseko baten kideek egindako lanaz jabetzearen forma hartzen duenean esplotazioa dugu eta hauxe da harreman sozial honen azalpen historikoa.
Esplotazioa historikoki beharrezkoa den arren, beraz, historikoki mugatua ere bada. Zeren eta haren beharra ekarri zuen indar produktiboen garapenaren maila gaindituz gero, ez beharrezkoa bilakatuko baita. Honek, jakina, ez du esan nahi puntu honetara heltzeak esplotazioaren berehalako desagerpena ekarriko duenik. Klase esplotatzaileak euren egoera pribilegiatuari eusten saiatuko baitira eta sistema soziala gainbehera-garai historiko batean sartuko da, oso luzea izan litekeena eta, Marx eta Engelsek Manifestu Komunistan (4. orrialdea) esan zuten legez, eraentza sozial osoaren eraldakuntza iraultzailera edo bi klase borrokatzaileen baterako hondamendira eramaten duena.
Hau guztia, baina, errealitate kapitalistan konkretatu behar da. Hemen metaketa kapital-metaketa bilakatzen da. Izan ere, metaketa aurrekapitalista zen aberastasun konkretuaren metaketa. Esaterako, esplotatzaileek behartzen zuten langile batzuek ureztatzeko azpiegiturak eraikitzeko, beste batzuek lan honetan parte hartu behar zutenen janaria ekoizteko etab. Beste adibide batzuk izan zitezkeen zubiak, bideak, biltegiak edo dena delakoa. Kasu guztietan zen lana gauza konkretuak ekoiztea, aurretik finkatutako helburu konkretu bat zutena. Kapitalismoan, berriz, kontua da edozein gauza produzitzea eta metatzea geroago haren erabilera erabakitzeko, merkatu-mekanismoen bidez. Mekanismo horiek, gainera, kontrolatzen dituzte jabe pribatuek harturako erabakiak. Hauen erabaki txarrak zigortzen eta onak saritzen, a posteriori beti. Ondo ulertuta “erabaki on” eta “erabaki txar” esateak, testuinguru honetan, zer adierazi nahi duen: erabaki onak dira merkantzien produkzioan gauzatutako lan sozial abstraktuaren etengabeko metaketa, kapital-metaketa, bultzatzen duten horiek eta, berriz, horri laguntzen ez diotenak txarrak dira. Izan ere, kapitalismoa da, definizioz, kapital-metaketaren menpeko sistema soziala. Honek esan nahi du ez direla soilik zigortzen banako kapitalista batzuen erabaki “txarrak” baizik eta kapitalista gehien edo guztienak edota sozietate osoarenak; baldin eta honen politika, kultura edota beste arlo batzuk kapital-metaketaren beharretara behar bezala tolesten ez badira. Zeren eta kasu hauetan, produkzio kapitalista kapital-metaka zerbitzatzeko produkzioa baino ez denez, guztiok zigortzen baikaitu, aberastasunaren produkzioa gutxitzen, kapitalaren men egin dezagun arte. Hauxe da, azken finean, krisi kapitalisten funtsa.
Produkzio soziala antolatzeko modu honek absurdoa eman dezake eta bada. Zeren eta ez baita guztiz irrazionala lan egitea gehiago etorkizunean lan egiteko gehiago ahalbideratuko duten gauzak ekoizteko? Egia esan, soilik merkantzia formak ematen dio absurdo honi natura-lege baten itxura, helburu kontziente bezala planteatu ezina izango litzatekeena. Hala ere, absurdo honek aurrekaririk gabeko indar produktiboen garapena posible egin du, historikoki mugatua bazen ere eta gure garaian dagoeneko haren mugara heldu den arren.
Mugatze honen muina da gero eta lan bizia metatutako balio-forman metatzearen eta, aldi berean, lanaren produktibitate handitzearen arteko kontraesana. Irabazi-Tasaren Joera Beherakorraren Legeak agerian jartzen duena. Zeinak lehenago oztopatzen duen kapital-metaketa eta geroago ezinezkoa bilakatzen duen, krisi ekonomikoa ekarriz. Eta azken honek metaketari berriro ekiteko ahalbideratzen badu ere, gero eta zailtasun handiagoak ditu hau lortzeko. Honela sistema sartzen da dagoeneko haren gainbeheran. Zeinak egun arte iraun duen eta iraupen luze honen sekretua inperialismoa edo, gauza bera dena, monopolio-kapitalismoa duen. Hau, baina, da hurrengo sarreraren gaia dugu.