Langaz gain, nork bere larrea ere du!

Langaz gain, nork bere larrea ere du! – 

Langaz gain, nork bere larrea ere du!

Zeinek du bere langa. Horixe nioen aurrekoan (zuzeu.eus/langa-edo-larre). Astoak zuen berea eta nor bakoitzak ere berea. Hau dugu astoaren “des-langatze” prozesuari eskainiriko azken tartetxoa. Asto eta langaren arteko harreman ustez berezko-izatezkoa ez da halakoxea, horri erreparatuz gero. Dualtasun, bitasun, lotesle hori gainditzeak, horren gainean begirada altxatzera ausartzeak, ez dakar inolaz bitasun hori disolbatzea, bertan behera uztea, ez. Astoak bizkarra emango dio lehendabiziko aldiz hain berea zuen langari, baina horrek ez du zertan esan langa inondik beretzat betiko desagertu denik.

Guk geuk ere gure langari, edo gure langei, bizkarra emango bagenei, beste horrenbeste ikusi-sentitu ahal izango genuke. Nor bakoitzarentzat, berezko duen langa eta bien arteko baldintzapen, menpekotasun-loturaz haraindi, hiru poloren arteko elkarrekiko lotura-lokarriaz harago, badago zerbait, beste hiruetan bere dosian-edo ere badagoena, hiruetan ala hiruetan, eta bakoitzean… baina inondik ere hiru horietan (langa, astoa, eta bien arteko harremana) hustu-amaitzen ez dena, agian zehaztugabe bezain baztergabea, lauso, ohartezin maizenean; astoarentzat larre forma hartu behar du.

Nolabait edo besteko langarik gabeko asto bat irudikatzea ez zaigu samurra, ezinezkoa zaigu seguru asko. Asto edota bestelako animaliarik inoiz ez leukakeen itxiturarik ere irudikatzea nekeza zaigu. Larrean du astoak bere zinezko azken aukera baztergabea. Azken batez, langari zein astoari beren zentzu eta leku guztizkoa ematen diena dugu larrea, zein bakoitzari berea, euren arteko harreman “larretuan”.

Nor bakoitzak behin bere langari bizkarra eman diolarik, behin besterik ez bada ere, langa hori ez da sekulan berbera izango, nahiz-eta inoizko batean, buelta erdi emanda, berorretara itzuli.

Astoaren ustez, ona omen harturiko bide berria.
Haren ustez ona.
Ezin landadunek sinistu bere ustea berarentzat soil-soilik denik.
Ezin hortaz sinistu astoak belardi lanbrotua maite lezakeenik.
Ezin bere ustetik aritu astoa,
Aurrerantzean baina bere ustetik bere hustera pasa beharko denbora batez…
……..
Ezusteak ekarri ditu usteak azkenik.
Ustetik hustera lerratzea,
husten hasia da astoa…
…………
Aurrerantzean bere “hustez” ariko da betiro “des-langatutako” astotxoa,
bere huste hutsez, bera bere huts-hutsean,
Bera ez bezalako langadun guztiak paretik hustu-kenduz…
….
Nork du bere hesia.
Astoak baina jada galdu zuen berea.
Larrean barna hesi gabe, hezi gabea,
larrean barna, lanbroan gaindi,
dena du lanbro,
dena lauso,
dena zehaztugabe eta lauso bezain zabal, neurtezin, sakon eta baztergabe…
….
Inoraezaturiko astoak, larrean barna,
Ihintza labaina duelarik oinen freskagarri,
lanbro harrera emailearen laztana sentituaz,
Du entzuten estreinakoz mezu bat isilpean.
Mezu bat etorri zaio isilpean,
berorren aurretiko zurrumurruari aditu eta gero…

Isiltasun orohartzaile batek inguratzen eta barnebiltzen duena

Langaz gain, nork bere larrea ere du!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.