Langa edo larre?, zeuk ere aukeratu behar, astoak bezala

Langa edo larre?, zeuk ere aukeratu behar, astoak bezala –

Langa edo larre?, zeuk ere aukeratu behar, astoak bezalaAstoak langa aurrean duen teman ulertu uste du bere burua. Hor tematuta, langara pega-pega eginda, behin eta berriz horren kontra eginez, du bere asto-itxaropen guztia husten. Ez du inoiz langa delako hori zeharkatu, ez eta berau goitik behera bota ere, horretaz haraindi egin ahal izateko. Ez bat, ez bestea. Egun guztiak ditu berdintsuak astoak langarekikoan. Esnatu edo egunekoari ekin orduko, badu jada beste behin ere ditxosozko langa harako hura mutur aurre-aurrean, begi bistatik ezin kenduta ez ezik, jomuga moduan ere, eguneko ekinbide moduan ere, ondo ere ondo jakinda horrekiko tema-tematua emango duela beste egun bat ere, gaurko eguna ere.

Langarekin tematua, buru egoskortuta, dago astoa. Nondik datorkio, edota zer dela-eta, du tema hori astoak? Ez du berezko, ez datorkio izatez bere baitatik. Alabaina, ezin du jada gogoratu hesirik, langarik gabeko bizialdi une bat bakarrik ere. Badirudi berarekin batera, bera jaiotzeaz bat, duela langa ditxosozko hori bera den horren zati-parte bat, badirudi ezinezkoa zaiola zeharo bere burua delako langa hori gabe ez azaldu, ez eta berak berorrek ulertu ere. Langatik ulertzen du edo ulertu uste du bere burua, bera den hori guztia. Bere ezinbestea, bere ezinbeste ezinbestekoena iritzi ere iritzi diezaioke langari.

Nondik datorkion, ezin esan berak, ezin esan guk geuk ere. Ezin esan beti hor, hortxe bertan egon delako. Eta nondik datorkion esan ahal izateko, nahitaezko leukake eta geneukake “langarik gabe zegoeneko aurre-estadio bat” eta horrelakorik ez dago, ez daukagu. Ezin esan, hortaz, nondik datorkion. Hain presente dagoen langaz ezin ezer askorik esan.

Hala ere, badago aitortu genezakeen zerbait, egunean-egunean astoa langaren kontra eginez ikustetik sumaz-edo aitortzera ausartuko ginatekeen zer edo zer. Nolabait-edo, badugu goian erdi-esan. Astoak langan aurkitu uste du bere ziurra. Horrekikoan dago sendo uste eta sinetsita. Hor datza bera den guztia, bere ustezko astotasuna, bere ustezko itxaropen guztizkoa. Langa du muga bezain jomuga, baldintzapen bezain itxaropen… hor du husten espero edo nahiko lukeen guzti-guztia.

Bere atzean, dena den, bizkarra emanda, larre zabala du, zedarrituta ere, mugarriak tarteko dituela ere, ezinago zabala bererentzat. Hor leukake irtenbide, bere jarrera astotuari une batez sikiera utziko balio. Hor izango luke estreinako aldiz atseden- eta gozamen-leku ederra, berarentzako kasik ezin akabatuzkoa ere.

Gutxi-asko, nork bere langa du, bere hesia… ziurra hor duelako usteta, bere indar eta bizi-energia guztia xahutzen duguneko ustezko ziurra, langa formapekoa.

Dena den, geure buru egoskorrari atsedenalditxo bat ematera ausartuko bagina, atrebituko bagina, mundu berri bat, orain artean sekulan ez pentsatutako mundu bat, izan dezakegu zain-esperoan.

.

Langa edo larre? Baina aukeratu!

Langak asto metafisikoari zerakuskion ziurra,
Bere ez atzera, ez aurrera, ezin bukatuzkoak esplikatzen zituen langa metafisikoaren ziurra,
Jada ez-ziurra zaio bilakatzen a-metafisikoari,
Jada ez-ziurra, des-ziurra, bere ziur urrian…

…………………………………….

Akabo langa,
Akabo berau zutunik mantentzen zuten ideia potoloak.
Akabo ideia potolo asmogogordunak.
Akabo langa.
Akabo astoarentzat, ikusmen laburreko langa arterainoko begi-bista argia.
Begia altxatze ahaleginez konturatzen da astoa inguratzen duen paisai lanbrotsuaz.
Lanbroan gaindi ezin jada pausatu begiratutxoa langaren ziurtasun garbian.
Lanbroak, baina, ez du astoa jada kikiltzen…

…………………………………….

Ideietatik honatago,
langatik honatago,
ismo guztietaik honatago,
belardiaren zabala ezin zehaztuzkoan aurrera eginez,
lauso eta lasai, zehaztugabe,
lauso eta lasai,
azpisentituz bezala,
arin sentituz jada,
Langak zekarkion gain-sentiera ziur zehatz argi gogor pisutsua jada kasik atzendua…

…………………………………….

Belardian barna,
Alderrai,
Deslai,
Inoraezaturik,
Belardi-zabalean baina bertandu bezain inoraezaturik…

…………………………………….

Guztiaren handitasunaren muturra du sumatzen lainoberan gaindi,
Ezer ez da jada langa antzo ikusten,
Baina lanbroaren ez-ziurra erakargarri da orain,
Handia da ez-ziurra bere ez-ziurrean…
…………………………………….

Langa edo larre?, zeuk ere aukeratu behar, astoak bezala

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.