KORRIKAko gorabeherak
KORRIKAko gorabeherak –
Korrika Iruñerrira iristen zenean, askotan egiten nuen makina bat kilometro, gurpil aulki motordunean, hala suertatzen zenean. Baina urte jakin batean, Korrikak Iruñeko Gazteluko plazatik abiatu behar zuen bere ibilbide luzea, eta, ni ere, beste pertsona ezagun batzuekin batera, haraxe bideratu nintzen, hasieran presente egoteko.
Beraz, lehendabizi, Iturrama auzotik Gazteluko plazaraino joan nintzen aulkian, pertsona haiekin batera. Gero, dagoeneko eguerdi-eguerdian, hasierako ekitaldi solemnea burutu ondoren, denak Agoitz kale aldera abian jarri ginen, Iruñeko lehenengo kilometroak egiteko, baina, jakina den bezala, jende gehienak ezin du kilometro asko egin oinez, jarraian eta atsedenik hartu gabe, horrexegatik, hain zuzen ere, guk erabaki genuen, momentuz, Korrika Nafarroa Behereko etorbidean utzi eta Burlata aldera jotzea, gero, berriz ere, handik jarraitzeko.
Gauzak hala, eta patxada handi samarrean, apezgaitegi pareraino (San Migel Aralarkoa ikastetxea) joan ginen atsedentzera, eta, bide batez, ibilbidea pixka bat laburtzeagatik, gero, berriro ere, indar handiagoarekin lasterka segitzeko.
Haiek hala, eta, pixka batean itxoin eta gero, berehala ikusi genuen Korrika berriz ere hurbiltzen ari zitzaigula; hortaz, prestatzen hasi eta iritsi zenerako erabat gerturik geunden, errepideko bazter batean, espaloiaren ondoan, beste behin ere Korrikako martxan sartzeko. Lasterkarien lehen multzoa igaro bezain azkar, jende artean sartu ginen aida batean, halako zorte txarrarekin, non emakume batek nire gurpil aulkiaren oinpekoekin estropezu egin eta lurreraino joan baitzen hankaz gora; -Gaizki hasi gaituk!-, pentsatu nuen nire baitan, baina, zorionez, ez zuen inolako ondorio txarrik izan.
Handik aurrera, jakina, Burlata aldera jo genuen Belosoko maldan behera, baina han ere izan nuen, ba, ustekabetxo bat edo beste, izan ere, hantxe, jendartean, aulkian zaratatxo bat hasi nintzen sumatzen etengabe, eta, baita argitxo batzuk ikusten ere; ez nekien zer izan zitekeen. Kezkatzen ere hasita nengoen ordurako; agian matxuraren bat-edo izan ahalko zela ere pasatu zitzaidan burutik, baina, zorionez, aurreraxeago ohartu nintzen aulkiko argi keinukariak martxan zeudela eta haiexek zirela, hain zuzen ere, zaratatxo eta argi susmagarri haiek sortzen zituztenak; norbaitek, nahi gabe, noski, hainbeste jenderen artean, ukitu eta piztu eginen zituen oharkabean, eta, ni ere, konturatu ez. Itzali nituenean, dena normaltasunera itzuli eta ez zidaten beste inolako lan berezirik eman.
Hala eta guztiz ere, jendartean lasterka hasi bezain azkar, fenomeno bitxi bat gertatu zitzaidan, hau da, berriro ere inor ez jotzeagatik eta beste ezbeharren bat ez egiteagatik, denbora osoan lurrera begira nindoan, tarteak hobekiago gordetzeagatik, deus txarrik ez gertatzeko, lehentxeago bezalaxe, baina, orduan, ordea, zer pasatzen zen?, ba, lasterkarien hanken eta oinen etengabeko mugimendu azkar harekin, begiak hasi zitzaizkidan pixka bat lausotzen eta zorabiatzen. Hortaz, ba, handik aurrera, arreta oso zoliarekin ibili behar izan nuen, batez ere, jende pilaketetan.
Baina, bueno, azkenean trikimailu hura, pixka bat ikasi eta aurrera joan ginen. Ordurako, nirekin abiatu ziren pertsona ezagun haiek guztiak, atzean geldituak zeuden; aurrerantzean beraiek gabe jarraitu behar. Pixkanaka-pixkanaka, Burlata, Atarrabia, Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai eta beste zenbait auzo gehiago ere atzean uzten joan ginen; batzuetan leku jakin batean itxoiten nuen, hainbeste kilometro ez egitearren, betiere, jakin banekielako Korrikak toki hartara itzuli behar zuela, gutxi gorabehera, aurrera egiteko.
Horrela, ba, eta zenbait ordu igaro ondoren, azkenean Berriozar aldera jo zuen jende guztiak. Neronek ere gustura asko joko nukeen harantz, baina berehalaxe ohartu nintzen, hara joanez gero, Iruñetik gero eta gehiago urrutiratuko nintzatekeela, eta, egia esateko, ez nekien ongi zenbat karga izanen ote nuen baterietan, baina pentsatzekoa zen agortu samarturik egon ahalko zirela, hainbeste kilometro egin eta gero, horrexegatik, pixka bat beldurrak hartuta, etxerantz jotzea erabaki nuen, beranduegi izan baino lehen.
Halaxe, ba, lehenik eta behin Donibane auzorantz abiatu nintzen, aldapan gora; tarte hartan, zorionez, ez nuen aparteko arazorik izan malda haiek igotzeko, baina, segituan ohartu nintzen baterien karga oso murriztuta eta makal zegoela. Hala eta guztiz ere, Iturrama auzorantz jarraitzea deliberatu nuen. Dagoeneko Golem zinema-aretoetaraino, astiro-astiro eta nekez nengoen iritsita; bateriak zeharo pattal.
Aurrera jarraiturik, segituan ikusi nuen gurpil aulkiaren bateriek, jadanik ez zutela indar nahikorik, ezta aldapatxo txikienak igotzeko ere; beraz, une hartatik aurrera nire taktika zera izan zen, aldapa txiki haietako bat igotzen hasi baino lehen, aulkia itzali eta bost bat minutuz itxoin, baterien kargak indar pixka bat berreskuratu arte. Orduantxe malda igotzeari ekin eta igo ondoren, hurrengo aldatseraino iritsi arte, zelaian jarraitu. Era hartan, eta, maniobra berbera behar bezainbeste aldiz errepikatuta, etxe ondoraino iritsi nintzen. Han, azken itxaronaldia eginda, hondar aldapatxoari igotzeko ekin, eta gora! Dagoeneko goian nengoen! Ezkaratzera sartu, igogailua erabili eta segituan etxe barruan nintzen, baina ez lehenago kristoren ahalegin eta bost egin gabe; izan ere, makina bat aldiz errepikatu behar izan nuen aulkia itzali eta piztearen trikimailua, bateriei arnasa pixka bat emateko. Baina, bueno, azkenean etxe barruan nengoen eta osorik, nahiz eta gorriak eta beltzak ikusi egin behar. Etxekoak berantetsita zeuden, noski. Egun hartan oso berandu bazkaldu nuen, eta, gainera, bakarrik-bakarrik.