Kontzientziaz harago, konszientzia
Kontzientziaz harago, konszientzia –
Hizki soil batean dexente joan daiteke. Kasu baterako,”s” hizkian kontzientzia hitzarekikoan. Izanez ere, erdaraz dihardugularik, badago ñabardurarik “kontzientziatik” “konszientziara”. Euskaraz baina, tamalez, ez da bereizpenik egiten eta, hartara, biak ala biak ditugu kontzientzia, konszientzia hitza, aldiz, guztiz bazter utzirik geratu delarik. Euskaltzaindiak onartua egon zein ez, niri egia esatera bost, ezinbesteko deritzot-eta kontzientzia eta konszientzia egoki bereizteari.
Adiera bana dute, hortaz, hitz biek, elkarrengadik arrunt hurrenak, oso elkarrengandik gertukoak, baina, finean, gauza berbera aditzera ematen ez dutenak. Zertan da, baina, euren arteko aldea? Ezin uka elkarren oso ere oso gertukoak direnik, are, zabar ekinda, elkarren sinonimoak ere izateraino. Alabaina, merezi du zinez sinonimia delako horrez hara egitea eta bakoitzari zaion berezkotasuna egoki hautematea.
Konszientzia esna-aldi edo ernetasun egoerari dagokio. Nork bere burua hautematearekin ere estuki loturik dago konszientzia deritzogun gaitasuna. Kontzientzia hitzari aldiz karga moral nolabaiteko batto aitortzen zaio betiro. Hartara, kontzientzia gure baitan eman ahal izan dadin, aurrez, derrigorrean, konszienteak izan behar dugu, baina konzsienteak izanez gain, oharkizun dugun dena delakoaren gainean ebazpen-balioespen etiko-moral nolabiteko bat ere egingo dugu, batera edo hurren. Kontua horrela, kontzientzia hitza ibiltzen dugun zenbait eta zenbaitet egoeratan ezin konszientzia hitza inolaz ibili. Esaterako, ekintza gaizto bat egin ostean, kontzientzian harra, barne-kezka, eduki dezakegu. Kontzientziak kasu bietarako balio du. Konszientzia hitzak, aldiz, ez; soil-soilik gaizkia eta ongiaren artean bereiztea hautemate gaitasun delako horretan tartekatzen ez denean baino ez du balio.
Hau guztiau esanda ere, harago ere egin nahiko nuke nik lerro hauetan. Ezen espiritualtasun alorrean ez da makala, ez, konszientzia kategoria ezin baliotsuagoak aditzera eman ohi diguna. Konszientzia, Sri Aurobindo-k behin eta berriz azpimarratu zuenez, nor bakoitza beti deiturik egongo den barne abenturarekin hertsiki lotuta dago. Bere ikusirako, existentzia ezin gehiago ematera deitua egongo da beti. Nork, bere existentzian sakontze aldera egiten baldin badu, egin-eginean, ibili-ibilian, berau mailaz maila zabaldu eta eta zabaldu baino ez du egingo. Geure bizitzak, beren une oroko kanpora begirako atergabe aldatzen egote horren aurrean, sarrienetan badu sekulan behar bezala esploratu gabeko lurzoru bat: bera berau den barne erreinu baztergabea. Hor, zinez, ezin esanezko altxor bat dugu, gauzatutako edozein jakintza teorikorekin zerikusirik batere ez duena, guztiz biluztutako jakinduarekin-edo estuki loturik legokeena, inmanente dugun materiaren gainean etenik gabe dihaduen Espirituarekin loturik legokeena, edozein tradizio zein ideologiaz haragokoa.
Egun argiz,
esna esna,
nekatzeko ahaleginetan,
naiz prestatzen,
Gauerako,
naiz prestatzen,
benetako bizitzarako,
naiz prestatzen
ametsetarako.
Igor Goitia
Kontzientziaz harago, konszientzia
Ni aspaldi ohartua nintzen bi hitzen arteko aldeaz, bai eta bien beharra ere sentitu; kontzientzia gure baitan eman dadin konszientzia behar dugula dioskuzu. Ados, baina gehituko nuke ondoren, kontzientzia ez dela aski jarduteko, usu darabilzkigun gai gehienetan, eta konsziente izan beharra dugula etengabe, gerora gauzak onbideratuko baditugu, politikan, hizkuntzan, arazo sozialetan. Eskertzekoa ekarpena, hizki baten gorabeheratik heldu bada ere..