Kongresuko patioan
Amaiurrek ez du talde parlamentarioa izango Espainiako kongresuan, oraingoz. Hala erabaki zuen atzo gauean PPk.
Amorrua baino (mota honetako bidegabekeriei ohituta bait gaude, tamalez)berria entzun nuenean grazia egin zidan, eskola garaian askotan errepikatzen zitzaigun pasadizo bat gomutan: patio orduan talde ezberdinetako mutilak batzen ginen futbol zelaian. Mutil asko ginen, eta zelaia oso txikia . Hala ere, normalean ez zen arazorik izaten: bakoitzak bere baloia hartu eta jolasten hasten ginen, beste taldeetakoek egiten zutenari erreparatu gabe. Mutil andana eta bost edo sei baloi batzen ginen arren, lortzen genuen kaosaren erdian orden hala-moduzko bat, eta gutxitan nahasten ziren baloiak. Hala gertatzen zenean, baloiak trukatu eta bakoitzak utzitako tokian jarraitzen zuen. Vive y deja vivir perfektua zen. Bazegoen, hala ere, gauzak egiteko modu hura ulertzen ez zuen talde bat, eta zelaira lehenak iristen zirenean ez ziguten besteoi jolasten uzten. Arrazoia erraza zen; eurenak ziren zelaia eta baloia , eta ez zituzten gurekin konpartitu nahi.
Atzo gauza bera gertatu zen Espainiako kongresuan. PPk erabaki zuen ez zuela Amaiurrekin jolastu nahi, zelaia eta baloia eurenak direlako. Ea hori noiz aldatzen den.
Oso grafikoa eta egokia iruditu zait konparazioa. Hobe ez pentsatzea, konparazio horri jarraituz, patio horretan ostikatzen baloia nor/zer den/garen.