Komunitatea eta kolektibitatea ez dira gauza bera. Simon Weil

Komunitatea eta kolektibitatea ez dira gauza bera. Simon Weil – 

“Arizmendiarrieta eta pertsonalismoa” izeneko nire aurreko airtikuluko foroan kolektibitatea, edo kolektibismoa, zirela-eta eztabaidatxo bat sortu zen. Arizmendiarrieta “antikolektibista” omen zela zioen iruzkingile batek. Eta, egi-egia esatera, hala da, Arizmendiarrieta pertsonalismoari goitik behera helduta, horrekin batera, eta pertsonalismotik segitu ohi denez, komunitarista zen, eta ez inondik kolektibista. Antikolektibista ote? Bada, ezezka hitz eginda bai, baina, nolanahi ere den, aurka egote horrek bainoago, aldeztu zuenak definitzen du hobeki Arizmendiarrieta; alde horretarik, komunitatearen aldekoa (edota, nahi bada, komunitaritarista) zela esan dezagun, zuzen arituko bagara. Ezen, egoki hitz egitera, kolektibitatea eta komunitatea kontzeptu bana dira, eta beti bereiz hartu beharko genituzke.

Bereizpen hori argi uzte aldera, aukeran, autore zenbaitengana jo genezake. Dena den, Karlos Santamariak zuen Weilen eragin handia orain artikulu pare bat hona ekarri berri dudanez, bada, hona etorri berritako Weilengana berarengana jotzea otu zait, eta, hartara, pertsonalismoaren eskutik ailegatu zaigun komunitatearen kontzeptuari segida eman, zein bide batez Weilen pentsamenduaren aurkezpenari berari.

Bada, Weilen ikusian ere, kontzeptu bana dira komunitatea eta kolektibitatea. Lehenengoa pertsonaren zerbitzuan ulertzen du, eta, bigarrena, aldiz, are opresibo ere bilaka daitekeela irizten dio:

“Weilen proposamen zibikoa bere bizitza osoan zehar totalitarismoari egiten dion kritikaren burutapen baino ez da. Kolektibitatea helburu bezala hartzea gaitzesten du. Halarik ere, totalismoaren kontra egite horretan kolektiboaren balioa gutxietsi bainoago, deseraiki zuen berau; bere oinarri izan ziren osagaiak hartu zituen, esanahiz eraldatu zituen, eta, horretara opresiboa izateko zuen gaitasuna desaktibatu. Horrela kolektiboko zer hori pertsonaren zerbitzura jarri nahi izan zuen, pertsona bere-berea den proiektu pertsonala garatzeko gauza izan zedin” (BEA, Emilia, La conciencia del dolor y la bellleza, 84. or.)

Kolektiboaren sakralizazioa gaitzesten du Weilek, hainbesteraino, non are idolatria sekulartzat ere joko baitu:

“Gizakiaren sakraltasunaren gainean duen uste sendotik dator aipatu kritika. Totalitarismo guztien oinarrien kontra sutsu ari da hemen Weil. Forma guztietako totalitarismoen ikusirako, kolektiboa den hori zerbait absolutua da, zerbait sakratua” (BEA, Emilia,Simone Weil. La conciencia del dolor y la bellleza, 84. or.)

Ideologia totalitarioetan, kolektiboa den hori zerbait sakratu absolutu bilkatzen da, eta honek norbanakoa sakrifikatzera bultzatzen du nazioaren, arrazaren, klasearen, alderdiaren edota ejerzitoaren beharren mesedetan:

“Kolektiboaren sakralizazioa sutsu gaitzesten-kritikatzen du Weilek, batik bat inperatibo kategoriko kantiarra azpikoz gora jartzen duelako: norbanakoa kolektiboaren menpeko bilakatzen da eta taldearen beharren arabera ere sakrifikatua izan daiteke. Horrekin batera, nor bakoitzak kolektibitatearen interesekin bat egingo ez balu, edota berauek arriskupean jarriko balitu, taldearen arduradunek direnak eta ez direnak egingo lituzkete desadostasun direlako horiek erauzteko, ezen, finean eta buruan, kolektibo bat behin sakralizatuz gero, berau guztiz-guztiz aratza baino ezin da izan, hau da, berorren baitan ezin da ezer gaitzesgarririk egon, eta, egotekotan, beti kanpoan egongo da eta, hortaz, anikilatu daiteke” (BEA, Emilia, Simone Weil. La conciencia del dolor y la bellleza, 84. or.)

Komunitatea, aldiz, oso bestela ikusten du Weilek. Norbanakoa komunitatean ondo txertaturik egoteko beharra aldeztu zuen beti Weilek. Ondo errotu behar gara komunitatean. Bere “erroztapen teoriaren” bitartez azalduko digu pertsona eta komunitatearen arteko dialektika. Komunitatea pertsonaren zerbitzura egon behar da beti, zabalik egon behar den proiektu bat izango da beti, pertsonak ibili-ibilian beren askatasun guztizkotik eraikiz doazen proiektu bat. Landarearen sinboloa erabili zuen Weilek aipatu ideia hau jorratzeko; bateko, komunitatearen hazkundea bere sustraiekin dago hertsiki lotuta (gizartekotasuna); besteko, eguzki izpiak ditu behar-beharrezko (grazia):

“Alabaina, idibidualismo arduragabetik ere aldentzen da Weil, gizartekotasunari muzin egiten dion indibidualismotik, tradizioari bizkarra ematen dion eta etorkizuna eraikitzeko ardura hartzen ez duen indibidualismotik. Londresetik, bere erbestetik, bere “erroztapen teoriaren” bitartez, pertsona komunitatean errotzeko beharra aldeztu zuen…. Landareak errealitate hau ezin hobeki ematen du aditzera, muduaren eta gizakiaren aurkezpen mekanizistetatik aldentzen den aldetik” (BEA, Emilia, La conciencia del dolor y la bellleza, 84. or.)

Igor Goitia

Komunitatea eta kolektibitatea ez dira gauza bera. Simon Weil

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Zer duzu buruan “Komunitatea eta kolektibitatea ez dira gauza bera. Simon Weil”-ri buruz

  • “kolektibitatea eta komunitatea kontzeptu bana dira, eta beti bereiz hartu beharko genituzke”. Egia borobila eta garrantzi handikoa.

    Kolektibismoan, masak pertsonak desitxuratzen ditu. Pertsona eta kolektiboa modu antagonikoan ulertzen dira, non interes pertsonala kolektiboaren mende geratzen den.

    Logika komunitarioan, aldiz, pertsona eta komunitatea osagarritzat jotzen dira. Elkarren onura lortu nahi da, norbanakoaren nortasuna eta ekimena babestuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude